Esan Ozenkiren katalogoa sarean

Esan Ozenkiren katalogoa sarean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/esan-ozenkiren-katalogoa-sarean/@@download/image/20119148589esan_ozenki1b.jpg
2012/12/13
berria
Hogei urte bete dira Negu Gorriak taldeak Irungo diskoetxe mitikoa ireki zuenetik. Urteurrena ospatzeko katalogoa modu digitalean jartzea erabaki dute. Spotifyk izango du datozen lau asteetan eta 23 ataritara zabalduko da gero. 

Rock Radical Vasco zeritzonaren baitan lehen lerroan ibilitako taldeetako kideek osatu zuten Negu Gorriak: Kortatutik Muguruza anaiak, Anestesiatik Mikel Kazalis, Bap!!-etik Mikel Abrego eta M-aketik Kaki Arkarazo. 80ko hamarkadan sekulako indarra izan zuen korrontea bere onenak emanda zegoen eta euskal musikagintzari bultzada berri bat eman nahi izan zioten. Taldearen Gure jarrare bigarren diskoa "Gure ordua heldu da txo!" lelopean argitaratu zuten musikariek eurak kudeaturiko diskoetxe berria estreinatuaz. Euskarazko musika, internazionalismoa eta musika ekoizpen independientea hartu zituen Esan Ozenkik ikur nagusi gisa.


Kashbad, Su Ta Gar, Ama say, Lin Ton Taun, EH Sukarra, Dut, Pi L.T., Deabruak Teilatuetan, Selektah Kolektiboa, Skunk , Etsaiak, King Mafrundi, Baldin bada…  Talde mordo batek hartu zuten babesa etxe honetan. Edo hamar urte bete zituenean Esan Ozenkiren jarraipen gisa funtzionatu zuen Metak diskoetxean. Euskal musikagintzari benetako bultzada ematea lortu zuten bada, kooperatiben moduko funtzionamendua (diskoetxearen sarrerak bertako talde guztien artean banatuaz), eta zintzotasuna (diskoen gehienezko salneurria adieraziz besteak beste) oinarritzat hartuaz.

Gaurdaino ez zuten euren katalogoa modu digitalean banatu. The Orchard banatzaile digitalean bitartekaritzaz, ordea, pausu hori ematea erabaki dute. Bihartik aurrera lau astez Spotify plataformak izango du katalogoa eskaintzeko aukera, eta gero beste 23 ataritara zabalduko da. Spotifyren kanpainak irauten duen bitartean kantu aukeraketa bereziak ere eskainiko dira., Fermin Muguruzak eta Jon Eskisabel, Roberto Herreros eta Xavier Cervantes kazetari berezituek aukeraturiko kantak.

Azken bi hamarkadetan euskaraz sortu izan denaren zati esanguratsu bat errazago eskuratzeko modua izango dugu hemendik aurrera.