Erromako euskaldunak

Erromako euskaldunak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erromako-euskaldunak/@@download/image/Fertxu1.jpg
2008/12/05
erreportajea
Fertxu Izquierdo
Erromako euskaldunak


Erroman bada Euskara izeneko elkarte bat. Associazione Culturale Euskara, hain zuzen (www.euskara.it). Euskara eta euskal kultura irakasten dituzte hiri eternaleko bihotzean. Imajinatuko duzuenez, klaseetara hurbiltzen direnak ez dira asko. Kultura txikia duen herri txikia garelako eta, batez ere, Erroman beste mila gauza egin daitezkeelako. Baina hurbiltzen direnak gure kultura eta hizkuntza ezagutzeko gogoz agertzen dira. Eta ziurta dezaket ezagutzen dutela. Euskal herritar askok baino gehiago, ziurrenik.

Nik, euskal erromatarrak edota Erromako euskaldunak ezagutzeko parada izan dut. Euskaraz mintzatu naiz Magliana auzoko lagun batekin, esaterako.

Euskaraz, izena oroitzen ez dudan beste auzo batzuetako lagunekin, Sardiniako lagunarekin… Funtsean, euskaraz mintzatu naiz Erroman, Euskal Herrikoak ez diren lagunekin. Eta Euskal Herrikoak ez dira izango, agian, baina euskaldunak direnik ere ez didazue ukatuko, ezta? Bai, badira euskaldunak Erroman. Erroman jaioak, hain zuzen ere. Eta horrek guztiak harritu nau. Harritu eta poztu, jakina.

Duela ez asko, esaterako, San Lorenzo auzoko kafe-etxe batean, Juanjo Olasagarreren liburu baten aurkezpen ekitaldian izan nintzen. Berrogei lagun inguru elkartu ginen bertan. Hizketan aritu ginen italierara itzulitako Juanjoren lehendabiziko eleberriaren harira. Argazki bitxia osatzen genuen. Berrogei lagun Erromako kafe-etxe batean, euskara elkarteari eta Gran Via argitaletxeari esker, euskal liburu baten inguruan bildurik. Baina Juanjorena ez da itzuli duten lehendabiziko eleberria, ez horixe. Joseba Sarrionandia, Harkaitz Cano edota Ixiar Rozasen lanak ere, irakur daitezke italieraz.

Eta horren guztiaren harira burutazioa izan dut. Euskal Herrian, sarritan, euskaraz mintzatzeko edota euskaraz idazteko ditugun oztopoak aitzakia hartuta, gaztelania hautatzen dugu maiz eta euskara baztertzen. Ziur nago, euskal erromatarrek gure baldintzak izango balituzte oztopoak saihestuko lituzketela. Haiek Erroman euskara ikasi eta erabiltzen badute, guk zergatik ez? Munduari eskaintzeko kultura txikia baina interesgarria daukagu. Baliatu eta zabal dezagun. Eta ez ahaztu Erromako auzoetan ere euskal hitzak entzun daitezkeela.