Erriberriko Antzerki Jaialdiak egitarau betea atondu du abuztuaren 4ra bitarte

Erriberriko Antzerki Jaialdiak hogeita bosgarren edizioa du martxan, eta guztira hogeita zazpi emanaldi programatu dituzte, abuztuaren 4ra bitarte. Horietako hamalau emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte, eta zortzi Nafarroako konpainienak dira.
Emanaldi batzuk egin dituzte dagoeneko eta bihar, hilaren 23an izango da hurrengoa. Itziar Maneroren Memoria bakarkako lehen lana aurkeztuko dute Erriberriko Errege Jauregian, 21:00etan. Biharamunean, Inextremis Teatro nafarren El mundo está roto pero se puede caminar izango da Tafalla Kulturgunean, Harkaitz Canoren eta Fernando Bernuesen obra, eta Iratxe Garcia Uriz, Leire Ruiz eta Txori Garcia Urizek osatutako taldea. Ostegunean, De Improviso talde nafarrak Convergencia erakutsiko du Pitillaseko elizan. Egun horretan bertan, Kamchàtka konpainiak kale antzerkia egingo du, antzerkiaren, jokoaren eta bizitzaren beraren arteko mugak apurtzen dituen inprobisazio ikuskizuna. Jardunaldia Teobaldos plazan amaituko da, La Banda teatro circo taldearen Yûgen lanarekin.
Bi egoitza sortzaile hartuko ditu: batetik, Aiora Enparantzak, Saioa Larak eta Paula Gironik osatutako Paravan konpainiaren Philía eta, bestetik, Maialen Diaz Urriza eta Emilia Ecay Arronizen Y volver, volver, volver...
Lau tailer ere antolatu dituzte: Juan Ayala eta Miguel Oyarzunekin egingo den Erreala erreklamatu; Zeintzuk dira benetako arauak?, Victoria Szpunbergerekin; Denbora materia gisa, Marta Pazosekin eta Gure Olite - Gure Erriberri, Nacho Bilbaorekin. Halaber, mahai-inguruak ere prestatu dituzte, jaialdiaren 25.urteurrenaren harira.
Jaialdiaren webgunean kontsulta daitezke egitarauaren xehetasunak.