Erretratuen ondarea

Erretratuen ondarea Bartzelonako etxea utzi zutenetik, ‘La Bitxa’ izeneko autokarabanan bizi eta lan egiten dute Eli Garmendia eta Carlos Pericas argazkilariek. Gipuzkoako zortzi herritan izan dira maiatzetik uztailera bertako herritarrei erretratuak ateratzen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erretratuen-ondarea/@@download/image/Nomadak.jpg
2021/09/29
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx


Argazkiak: Nomad Studio
@nomad_studio_art 

Bartzelonako etxea utzi zutenetik, ‘La Bitxa’ izeneko autokarabanan bizi eta lan egiten dute Eli Garmendia eta Carlos Pericas argazkilariek. Gipuzkoako zortzi herritan izan dira maiatzetik uztailera bertako herritarrei erretratuak ateratzen.
Erretratuen ondarea

Guztira 1.041 biztanleren zuri-beltzeko erretratuak atera dituzte Alkiza, Altzaga, Altzo, Baliarrain, Arama, Orendain, Orexa eta Beizaman izan ondoren. Gipuzkoako Foru Aldundiaren mikromezenasgoko Meta! deialdiaren bidez, ordurako martxan zuten Erretratu Nomada proiektuari izaera sozialagoa emateko aukera sortu zitzaien 2019an. Aurretik herri txikietan zein jaialdietan erretratuak ateratzen arituak ziren, baina honek ondarean ekarpena egiteko ere balio izan die, herritarrei euren argazkia emateaz gain, udalaren eskura ere jartzen baitituzte, artxiboan gorde eta eurek behar dutenerako erabiltzeko.

Pandemiak proiektua atzeratu eta oztopatu badie ere, herrietan harrera ona izan dutela nabarmendu dute argazkilari tolosar eta mallorcarrak, ohikoa izaten den hasierako errezeloa gaindituta. “Gu herriko plazan instalatzen garenez, eta iritsi orduko argazkiak jartzen ditugunez, jendea gerturatzen hasten da, jakin-min handiagoa izaten dute batzuek. Hortik aurrera, pertsona arrunta zarela ikusten dute, argazkiak egiten dituena, eta gertaerak hasten dira. Oro har, oso harrera atsegina izan dugu”, azaldu dute. Gerturatzen lehenak gaztetxoak izaten omen dira gurasoekin, eta pixkanaka aitona-amonak, jubilatuak eta gainerakoak, ahoz ahokoaren bidez.  

Pericas arduratu ohi da autokarabana ondoan muntatutako toldoan argazkiak ateratzeaz eta pare bat minutu hartzen ditu horretarako, “zenbat eta denbora gehiago egon, tentsio handiagoa sortzen zaie-eta”. Jarraian, Garmendiak txartela hartu, hiruzpalau argazkiren artean aukeratu, ordenagailuan doikuntza txiki batzuk egin eta erretratua inprimatzen du. Azkenik, argazki fisikoa eman, digitala e-mailez bidali eta euren oinarrizko datuak jasotzen dituzte, izena eta jaiotza-urtea. Argazkiaren hautaketa erretratatutako pertsonarekin egin ohi zuten autokarabana barruan, baina osasun egoerarengatik uko egin behar izan diote ohitura horri. “Eurekin elkarrizketa izan eta gure bizimoldea parteka genezakeen haiekin. Batzuk oso zuzen etortzen dira, argazkirako eta kito, baina badira lasai gauden tarteak eta batekin eta bestearekin kontu-kontari aritzen garenak, euren bizitzaz, euren gauzez… Ez gara kazetariak baina, herriko esperientzia pixka bat zabaltzearren-edo, istoriotxo horiek webgunean jaso nahi izaten ditugu”.

Erretratuaren indarra
Erretratatu behar duen pertsonari erreparatzen dio Pericasek: arropa, ezaugarri fisikoak, keinuak, nola mugitzen den, nolakoa den eta zer energia duen… Bere hitzetan, “argiztapena beti bera da baina ni modu ezberdinean gerturatzen naiz pertsonarengana. Nire lana psikologoarena da ia, haiek leku lasai batera eramaten saiatzen naiz, egiten ari garena bion artekoa dela ulertarazten. Ez dut jarrera edo gauza arrarorik nahi, ez dago ezer asmatu beharrik, eurak izan behar dute, nahiz eta sinplea eta zaila den aldi berean”. Alde horretatik zintzoenak helduak eta haurrak izaten direla azpimarratu du: “Gardenagoak dira, ez daukate inolako pertsonaiarik erakutsi beharrik”. Dena den, anbizio handiegikoa ez izaten saiatzen da mallorcarra, eta “biek partekatutako unea erretratatzen”.  

Emaitzarekin harrituta geratzen dira asko, ez baitute euren burua ezagutzen: “Ohituta gaude geure irudia komuneko ispiluan ikusten edo etxetik atera aurretik, ohiko argiztapenarekin, hor oso ondo ezagutzen dugu geure burua. Argiztapen honekin asko aldatzen da, ordea, eta jendeak zaharrago ikusten du bere burua. Azken urteetan, selfie-a dela eta, oso ondo aukeratzen dugu argazkia nola atera, gure irudia nola erakutsi, baina hemen ez daukazu kontrolik”.

Belaunaldi bakoitzak argazkilaritzarekin eta bere irudiarekin duen harremanaz hausnartzeko ere balio izan die esperientziak: “Gaztetxoek nola ateratzea nahi duten esaten dizute; jende helduari berdin dio, orokorrean. Ume txikiak normal egoten dira aurrez aurre, kamera jarri eta irribarrea behartu behar izaten dute, gurasoek hala eskatuta. Saiatzen naiz naturalagoa izan dadin, pertsonaren benetakotasuna bilatzen bakoitzaren naturaltasunean”. Izan ere, biek ala biek ere argi dute irribarrea ez dela beti naturalena: “Atseginagoa da irribarre egiten ari den pertsona baten erretratua ikustea neutro dagoen batena baino, baina askotan jendea askoz hobeto geratzen da horrela, irribarre handi batekin baino. Batzuetan ez diogu guretzat onena den argazkia ematen, badakigulako irudi hori ez duela etxean jarriko, gogorragoa delako edo bortitzagoa, eta jendea ez dagoelako horretara ohitua. Oreka hori topatu behar da”.

Harriduraz gain, esker ona ere jasotzen dute argazkilariek, eta batzuetan baita jan-edana ere. Bada hunkitu denik ere: “Senar-emazte batzuk erretratatu genituen proiektuaren hasieran, Tolosako deialdi ireki batean, eta emakumeak zera esan zigun begi bustiekin erretratuari begira: 40 urte daramatzat honekin ezkonduta eta hau da daukagun taxuzko lehen argazkia!. Oso hunkituta zegoen eta begietara begira eman zizkigun eskerrak. Horrek izugarrizko poza ematen du”.

Erretratu Nomada proiektuarekin jarraitzeko asmoa dute aurrerantzean ere, jende ezberdinarekin izandako harremanekin aberasten eta ikasten, baina ezagututako pertsona guztiez ez gogoratzearen beldur da Garmendia, “batzuk lausotu egiten baitira memorian”.


Autokarabanako bizitza
La Bitxa autokarabana erosi zutenean Euskal Herrira etorri eta, hemendik abiatuta, Lituaniarainoko joan-etorria egin zuten, Alemania, Txekiar Errepublika, Polonia eta Holanda puntu ezberdinetatik zeharkatuz. Ordutik Espainiako Estatuan ibili dira batez ere, udak iparraldean eta neguak hegoaldean igaroz.

Leku eta jende asko ezagutzeko parada izan arren, autokarabanan bizi eta lan egiteak desabantailak ere badituela aitortzen dute: “Komunaren garbiketa, zaborra, ura beste modu batera administratzea urik gabe ez geratzeko… Elektrizitaterako plakak daramatzagu eta bost egun lainotu badaude, agian ezin dugu lan askorik egin, oso poliki kargatzen dutelako. Guk ordenagailu bidez lan asko egiten dugu eta elektrizitatea beharrezkoa dugu. Hortaz, kanpin edo zerbitzugune batera joan behar izaten dugu edo norbaiten etxera. Horregatik da garrantzitsua neguak eguraldi ona egiten duen lekuan pasatzea eta udan ere eguraldi ona izatea baina kiskaldu gabe, bestela labearen parekoa baita hau”.

Alabaina, eragozpen horiek txikikeriak dira abantailekin alderatuz gero. “Geldoago bizitzeko aukera ematen digu, gauza gutxiagorekin, naturatik gertu eta paisaia aldatuz. Bizileku txikia da baina munduko lorategirik handiena daukagu. Oñatin autokarabanentzako gunean geunden astelehen goiz batean eta hiruzpalau ordu neramatzan ordenagailuarekin lanean, mugitu gabe. Atea ireki, irten, eta mendia ikusi nuen, astoa arrantzaka eta oiloak entzun nituen, eta pentsatu nuen: Bartzelonan egiten nuen gauza bera egiten ari naiz baina atea ireki eta beste mundu batean nago, beste errealitate batean. Atea zabaldu eta deskonektatzeko aukera ematen dizu. Ordainezina da”, adierazi du Pericasek.

Bestelako proiektuak
Bartzelonan bizi zirenean zituzten bezeroak mantentzen saiatu dira, aurreprodukzio lanak dauden tokitik egin eta argazkiak atera behar dituztenean autokarabana behin-behinean aparkatuta. Bezero berriak sortzen ere ahalegintzen dira, Aragoiko herri batean okinari argazkiak egin eta webgunea sortuz, esaterako. Euren Nomad Studio webgunean lan-eskariak egiteko modua dago eta baita finantzaketan laguntzeko aukera ere, egunerokotasunean behar dituzten gauzetarako diru-ekarpenak eginez. Modu batera ala bestera lagundu dietenei aitortza egiteko joera izaten dute, gainera.

Eskatutako lanez gain, proiektu pertsonalak ere badituzte eskuartean. Garmendiak duela urte dezente abiatutako El bosque dormido izeneko proiektua du martxan, naturaren eta gorputz irudien bidez egindako barne-bidaia. Valladolideko Roberto Ruiz Antunez poetarekin gutun bidezko elkarrizketak izan zituen bederatzi hilabetean, argazkiak eta poemak elkartrukatuz. Elkarreraginezko inspirazio prozesu horretan Letoniako Peteris Vasks konposatzaile garaikidearen musika ere sartu zuten, euren soinu-banda bihurtu zena. Horretaz gain, Letonian egonaldi artistikoak ere egin zituen garapenarekin jarraitzeko. Erakusketa batzuk egin izan ditu eta orain argazki-liburuarekin borobildu nahi du proiektua. Pericasek ere pare bat lanetan dihardu. Alde batetik, bidaian zehar egindako argazki asko ditu, bere esperientzia islatzen dutenak ezohiko ikuspuntuarekin. Berak normaltzat jotzen ez dituen gauzak ageri dira, mundua eta gizakia ulertzeko helburuz. Beste aldetik, Buena Vista Social Club taldearekin mundu osoan zehar egindako bi urte eta erdiko biran ateratako 42.500 argazki begiratu ditu editore baten laguntzaz, eta argazki-liburuari forma emateko prozesuan murgilduta dago.

Umetako harra elikatzen
Umetan piztu zitzaien biei argazkilaritzarekiko grina. Mallorcarrak 7-8 urterekin argazki-kamera eskatzen zion amari txangoetan argazkiak ateratzeko, eta lagunek kopiak eskatzen zizkioten sarritan, berak “zatarrak” zirela uste izan arren. 15 urterekin oparitu zioten kamera eta “babesa izan zen familiako egoera konplexu baten aurrean”. “Konturatu nintzen horrek egiten ninduela zoriontsu eta hori zela gustatzen zitzaidana, eta nirea zela, oso propioa. Neure kabuz ikasten hasi nintzen liburuekin, eta Palman argazkilaritza artistikoa ikasi nuen institutua amaitzean. Hura bukatu eta bi urtera Bartzelonara joan nintzen bizitzera eta lan egitera. 20 urte nituenetik aurrera lan mordoa egin dut argazkilaritzan –modan, musikan, interiorismoan–”, argitu du. 

Garmendia tolosarraren etxean ere beti egon izan da kamera eta bere arreta piztu izan du. Gogoan du aldizkarietako argazkiak mozten zituela eta karpeta batean gordetzen zituela gustukoak. Ikastolan argazkilaritza landu zuen 14 urterekin eta hor “kateatu” zela dio. Argazkigintza ikasi zuen hiru urtez Terrassako unibertsitatean baina, hala ere, kosta egiten zitzaion bere burua argazkilaritzat hartzea: “Urte askotako prozesua izan da, bidean asko ikasi dut. Argazkilari taldetxo bat elkartu ginen Bartzelonan, familiatxo bat ginen eta elkarrekin asko ikasi genuen. Hortik aurrera, pixkanaka, argazkilari sentimendua sendotu egin da. Lan desberdinak egin ditut, estudioetan aritu izan naiz beste argazkilari batzuen laguntzaile. Mota guztietako egoeretan aritu izan naiz, politikoei argazkiak ateratzen edo jaialdi eta ekitaldietako denetariko argazkiak egiten. Arlo pertsonalean, argazkigintza neure burua ulertzeko tresna izan da beti. Ez dakit zer egingo nukeen argazkigintza edukiko ez banu, beste modu batera iritsiko ez nintzatekeen lekuetara eramaten nau”.

retratonomada.com
www.nomadstudio.art


Argazkia: Nagore Legarreta