Errenteriako Musikastek gaur abiatuko du 50.edizioa

Errenteriako Musikastek gaur abiatuko du 50.edizioa Maria Jose Barandiaran pianistaren eta Iagoba Fanlo biolontxelistaren kontzertua izango da arratsaldean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/errenteriako-musikastek-gaur-abiatuko-du-50-edizioa/@@download/image/Nueva-imagen-7.jpg
2022/05/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Maria Jose Barandiaran pianistaren eta Iagoba Fanlo biolontxelistaren kontzertua izango da arratsaldean.
Errenteriako Musikastek gaur abiatuko du 50.edizioa

Euskal Musikaren Errenteriako Asteak 50. edizioa du aurtengoa, maiatzaren 28ra arte luzatuko dena, eta hamar emanaldirekin ospatuko dute urteurrena. Kontzertuak izango dira Errenteriako hainbat txokotan, hala nola Lekuona Fabrikan, Niessen Kulturgunean, Madalena ermitan, Fatimako parrokian, Andre Mariaren Zeruratze parrokian, Koldo Mitxelena ikastetxean eta Xabier Olaskoaga plazan, zortzi egunetan. 

Gaur, inaugurazio egunean, Fanlo & Barandiaran bikoteak ganbera musika kontzertua eskainiko du. Maria Jose Barandiaran pianistak eta Iagoba Fanlo biolontxelistak Jose Maria Francoren, Anton Larrauriren eta Beltran Pagolaren lanak joko dituzte. Bihar, Miren Urbietak eta Ruben Fernandezek gure musika-ondareko konpositore esanguratsuenen obrez osatutako egitarau anitza aurkeztuko dute.

Dantzak Erritu izeneko obrarekin hartuko du lekukoa larunbatean, Kukai Dantza konpainiaren eta Sharon Fridman koreografo ospetsuaren arteko topaketarekin. Igandean, musika erlijiosoari eskainitako egunean, Leioako San Juan Bautista Abesbatzak,  Jon Saenz-en The lamentations of Jeremiah obra estreinatuko du, Ensemble Concorde hari-taldearen laguntzarekin. Egunak aurrera jarraituko du Txistu eta Banda taldeen kontzertuekin, non Isidro Ansorena, Tomas Aragues, Roque Ansola, Joxe Mari Oiartzabal eta Joaquin Gaztanbideren lanak interpretatuko diren, besteak beste.

Iñaki Salvador Triok jazz-a ekarriko du Musikastera hilaren 25ean. Mikel Laboaren unibertsoa birsortuko dute sorkuntza propioekin batera. Musika garaikideari eskainitako jardunaldian, maiatzaren 26an, Ensemble Kuraiak, Andrea Cazzanigaren zuzendaritzapean, errepertorio zehatza jorratuko du. Hurrengo egunean, abesbatzen egunean, Etxarri-Aranazko abesbatza, urrezko ezteiak ospatzen dituena, Suhar abesbatza, Landarbaso eta KUP taldeak izango dira Lekuona Fabrikan.

Amaitzeko, maiatzaren 28an, aurtengo edizioak egun sinfoniko-korala berreskuratuko du, berrogeita hamargarren urteurrenari amaiera bikaina emateko. Euskadiko Orkestrak, Jaume Santonja eta Andra Mari Abesbatzaren zuzendaritzapean, gure musika panoramako autore esanguratsuenei eskainitako egitarau zabala interpretatuko du.

Egitarauaren eta musikarien inguruko xehetasunak txosten honetan bildu dituzte.