Erotismoa eta literatura tailerrak Baionan

Lau tailer egingo dituzte Erotismoa euskal literaturan izenburupean Baionako Jakinola Hizkuntza Etxean. Lehen saioa bihar izango da eta gainerakoak azaroaren 6an, azaroaren 20an eta abenduaren 4an egingo dituzte. Tailerrak 15:00etatik 16:30era izango dira eta Itxaro Bordak gidatuko ditu. Honen helburua euskaraz irakurri eta euskal literatura ezagutarazi eta biziaraztea da, eta baita idazten saiatu eta kritikotasuna jorratzea ere iruzkinen bidez.
Saio hauetan lau liburutako atalak irakurriko dituzte, bi euskarazkoak eta bi frantsesez. Euskarazkoen artean Jon Miranderen Haur besoetakoa izango da irakurgai, bere garaian hautsak harrotu zituen liburua. Gizon heldu batek bere iloba eta haur besoetako nerabearekin duen maitasun harremana kontatzen du eta suizidioa, adin txikikoekin sexu harremanak izatea eta intzestua jorratzen ditu. Bordaren Basilika lehen eleberria ere izango dute aztergai, 1984an kaleratua, ironia eta kritika umoretsua uztartzen dituena. Jon Kapagorri euskal diputatu hautatu berriak Euskal Herriaren ekonomia bultzatzeko basilika bat eraikitzeko duen asmoaz dihardu liburuak. Horretarako Ama Birjina agerraraziko du Irulegin eta bertako Elorri neskatxa gaztea erabiliko du bere helburuetarako.
Frantsesez idatzitako lanen artean Annie Ernaux-en L’evenement aztertuko dute. Liburu autobiografiko honetan abortatu zueneko bizipenak kontatzen ditu idazleak. Bestetik, Donatien Alphonse François de Sade frantziarraren Justine ou les Malheurs de la vertu landuko dute.
Saioetan parte hartu nahi izanez gero, oayestaran@jakinola.eus helbidera idatzi behar da. Parte-hartzaileek hiru euro ordaindu beharko dute saio bakoitzarengatik eta bazkideentzat, aldiz, doanekoa izango da. Gomendagarria izanik ere, ez da nahitaezkoa saio guztietan parte hartzea.