Erotismoa dastatu

Erotismoa dastatu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erotismoa-dastatu/@@download/image/20091224092erot_1362561029.jpg
2009/12/04
erreportajea
Nerea Sancho psikologoa eta sexologoa
Zentzumenen indar erotikoetan barrena egiten ari garen bidaia honetan, dastamena izango dugu oraingoan geltoki. Mihia da honetan organo nagusia, lau zapore (gozoa, gazia, garratza eta mingotsa) bereizteko gai diren papilaz josia. Usaimenari esker, eta harekin batera, bestalde, zaporeak hobeki bereizten eta aberasten ditugu. Ikus dezagun nola elkarlotzen diren dastamena eta erotika. 

Mihiak, giharra den heinean, hainbat mugimendu egin ditzake, zaporeen berri emateaz gain. Ahoan sortzen den listuaz blai, labainkortasuna lortzen du, eta musuak laztanak dira, ahoarekin eta mihiarekin egindako ferekak. Hain zuzen ere, musua da geurean kulturalki gehien garatutako laztan mota. Bi sexukidek ezpainak eta mihiak erabiliz elkarri musu ematen diotenean, listuak nahasi egiten dira, eta honek osagai erotiko handia izaten du. Musu mota anitz dago, eta horietako askok izen herrikoiak dituzte.

Felazioak eta cunnilingusak ezpainak eta mihia baliatuz egindako ferekak dira, desioa eta maitasuna adierazten dutenak. Baina, dastamenaz gain, usaimenak eta ukimenak ere hartzen dute parte eragiten duten plazerean. Dastatzen ditugun elementuek askotariko egiturak dituzte, eta bakoitzak bizipen desberdinak sorraraziko dizkigu. Sexukidearen gorputz osoa dastatzen jardun gaitezke, esaterako, eta zapore ezberdin askorekin egingo dugu topo. Izerdia produzitzen duten guneak gaziak dira adibidez, eta zakil eta ezpain txikien ingurumariak mikatzagoak. Gainera, gizon eta emakume bakoitzaren larruak, besteak beste, elikadurari zor zaion zapore propioa du. Isuriek ere zapore propioa dute; gizon eta emakume bakoitzaren isuriak bakarrak baitira.

Jan eta jolastu

Tradizionalki, hainbat jaki desioaren suspergarri kontsideratu izan dira, afrodisiako. Gaur egun, ordea, onartua dago jateko unearen aparteko giroak berak pizten duela erotismoa, jakiaren izaerak baino gehiago. Gertakari berezia izateak, ohikoa ez izateak, edo lortzen zaila izateak xarma ematen dio uneari, eta liluratzeko estrategia klasiko bezain atsegina da. Otordu bat zeremonia edo ospakizun bihurtzeko trebetasunak desira piztu dezake kasu askotan.

Dastamena hezi daiteke, eta hortaz, norberaren eta sexukidearen zapore sorta esploratzea bizitza erotikoan esperientzia positiboa izan daiteke. Horrez gain,  bertako eta nazioarteko jakien dastatzearena ibilbidea amaigabea da, hizpide dugun zentzumena garatzeko aukera paregabea. Zapore ezberdinetako edariak, beroarekin urtzen diren produktuak, murtxika daitezkeenak, erdi-solidoak direnak… aukera-sorta zabala da oso.

SEXESALDIA


Bi aho hitz egitenmusuen lengoaian:koskatxo bat lepoan,sorbaldan jarraian,mihia irristan. Gustugozoak paisaian…zilborretik beherabi ezpain ezbaiangustu gaziagoakahoratu nahian.

Jon Martin

SEXIDEIA



Lagunaren azala txokolatez margotu eta, ondoren, ahoarekin borratu.

SEXEGUNA


Abenduaren 1a: HIESaren Aurkako Borrokaren Nazioarteko Eguna