Eraso: doinu gogorrez

Eraso: doinu gogorrez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eraso-doinu-gogorrez/@@download/image/10p10-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Eraso: doinu gogorrez
Eraso taldeak "Oraina eta geroa" izeneko bigarren diskoa kaleratu du. Mil a Gritos disketxearekin. Hona hemen zarautztarrekin izandako solasaldia. 

Zer dakar bigarren disko honek lehendabizikoak ez zekarrenik?
Disko hau landuagoa da bai musikan, bai hitzetan eta baita ekoizpenean ere, baina lehen diskoak zuen freskotasuna galdu gabe. Musikari bezala gure bidea aurkitu dugula nabari da.
Ez da erraza Erasoren musika estiloa sailkatzea. Euskal Herrian nagusitzen ari diren txandal rock-arekin eta heavy klasikoarekin zerikusi gutxi du zuenak…
Egia da Euskal Herrian dauden musika motetatik aldendu egiten garela, baina musika egiterakoan ez diogu horri erreparatzen, gustatzen zaiguna egiten dugu, eta abestiak urtetako esperientziari lotuta daude. Euskal Herrian sortutako hainbat talde interesgarri ezagutu gabe geratzen ari garela dirudi. Izan ere, disketxeek ez dute gaur egun hainbeste arriskatzen. Grabagailuen eraginez nabarmen jaitsi dira disko salmentak, eta Euskal Herriko merkatu txikia oso minduta geratzen ari da. Ondorioz, taldeek gero eta zailagoa dute aurrera ateratzea.
Kantuak entzunda, Slayer zaleak zaretela iruditu zait. Hala al da?
Slayer gure eraginetako bat besterik ez da. Hasieran Slayer-en bertsio bat egiten genuen, baina guk gure bidea egin dugu hasieratik. Beste talde askoren eragina ere izan dugu: Machine Head, Korn,Testament, Deftones, System of a Down, Pantera, Paradise Lost, Faith No More, Incubus, Channel Zero, Metallica eta abar.
Kantuen hitzen artean Asier Serrano idazle eibartarraren "sasiak zainetan hasiak" dago, nola sortu da zuen arteko elkarlana?
Asier Zarautzen  bizi da orain. Lehendik ere ezagutzen genuen, Lorelei taldearen ondorioz. Guretzat zerbait egin nahi ote zuen galdetu genion, eta berarentzat ohorea izango zela esan zigun. Asier olerkari  bikaina da, eta pertsona bikainagoa.
Zer dela eta Delirium Tremens-en "Ikusi eta ikasi" kantuaren bertsioa?
Gaztetan entzuten genuen taldeetako bat da.  Parranda gau batean, Zarautzko "Kukaña" tabernan geundela, "Ikusi eta ikasi" kantu  mitikoa jarri zuten eta liluratu egin gintuen. Gau hartan bertsionatzea erabaki genuen, eta gero lokalean gure erara moldatu dugu. Kantu horrek dioena diskoaren kontzeptuarekin bat dator, gainera.