Erantzukizunez kontsumitu

Erantzukizunez kontsumitu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erantzukizunez-kontsumitu/@@download/image/ai_laket_2_1365083255.jpg
2013/04/08
erreportajea
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: Ai Laket!! elkartea
Erantzukizunez kontsumitu
Festa, jaialdi edo kontzerturen batean ikusiko zenuen furgoneta bat drogen inguruko informazio gune eta analisirako laborategi txiki gisa funtzionatzen duena... Ai Laket!! elkarteko kideak dira. Lan handi eta garrantzitsua egiten ari dira.


"Drogen aurrean ez dugu ez aldeko ezta kontrako jarrerarik ere; kontsumoa errealitate ukaezina dela uste dugu, kontuan hartu beharreko zerbait dela alegia, eta honen ondorioak positiboak ala negatiboak suertatzea bakoitzak egindako erabileraren araberakoa delakoan gaude". Hain justu horregatik, Ai Laket!! elkarteak drogen kudeaketa egokira bideratzen ditu indarrak, arriskuak murriztuz plazera ahalik eta handiena izan dadin.

Maitane De Anitua kolektiboko kideak azaldu digunez, hamarkada bat baino gehiago joan da hasiera-hasierako ideia Gasteizko koadrila batean, lagunartean, sortu zenetik. "Garai haietan legez kanpoko drogekiko ezezagutza erabatekoa zen, hutsune informatibo handia zegoen". Irabazi asmorik gabeko elkarte gisa 2002 urten egituratu zen Gasteizen, eta ordutik informazioan nahiz analisian oinarritutako prebentziozko lana egiten dihardute.

Bulegoan modu iraunkorrean daudenak, 50 bazkideak eta kolaboratzaileak aintzat hartuta, 100 bat laguneko sarea osatua du Ai Laket!!-ek. Gazte zein heldu; formakuntza, lanbide eta giro ezberdinetako pertsonak dira, itxaropen ezberdinak dituztenak, baina guzti-guztiak kontsumitzaileak edo kontsumitzaile ohiak, nahiz eta droga kontsumo hori oso desberdina den batzuen eta besteen kasuan. Izan ere, "kontsumoaren nolakotasuna substantziaren, pertsonaren eta testuinguruaren araberakoa da".

Kontsumitzaileen eskubideak
"Prebentziozko kanpainek eta mezu ofizialek ezetzaren politika jarraitzen dute gehienetan, erabateko abstinentziaren aldekoak dira sarritan, eta argi dago ez dutela bilatzen zuten efektua lortu". Horren ordez, Ai Laket!!-ekoek nahiago dute arriskuen autogestioan oinarritutako kontsumo askatasuna aldarrikatu eta drogei baietz esaten dieten horien eskubideak defendatu; hala nola, egiazko informazio objektiboa edukitzeko eskubidea eta dagozkien zerbitzuetarako eskubidea. Horixe da, hain justu, Gasteizko elkarte honek eskaintzen duena: substantzia psikoaktiboen analisiak eta baita aholkularitza nahiz formakuntza ere.

Hala, drogak testatzeko furgoneta mugikorraren bitartez, ostiraleroko Ai Test Gunea izeneko analisi-puntu finkoaren bitartez (19:00tik 22:00ak bitarte Gasteizko Herreria kaleko egoitza nagusian) nahiz bulegoari esker, jende mordoarengana heltzen dira, nahiz eta, aisialdiari loturiko kontsumoan oinarritzen direnez gero, gehienbat gazteekin egiten duten lan. Arlo zientifikoari loturiko ikerketak ere abiatzen dituzte laborategian, batez ere, aizuntzaile edo mozketa-substantzia berriak identifikatzeko, eta hauen proportzioen, toxikotasun mailaren edota kantitateen berri erabiltzaileei emateko.

Pompidou saria


Urteetako esfortzuari esker "gizartearen eta erakundeen begietan txoko txiki bat" egitea lortu dute: "hasieran sortzen genuen mesfidantza pixkanaka-pixkanaka gainditzen hasi gara".

Errekonozimenduak forma berezia hartu zuen iaz, Drogen Prebentziorako Europar Batzordeak Pompidou Saria aitortu zienean. Zehazki, Lonja Laket!! egitasmoa goraipatu dute, Ai Laket!!-ek makina bat gazte lokal edo lonjetara eraman duena. "Aisialdi eredua nabarmen aldatu da azken urteotan. Poteotik lonjetara pasatu gara, eta azken espazio honetara heltzea interesgarria iruditu zitzaigun". Ai Laket!!-eko kideek, guztira, bi orduko hiru saio egiten dituzte lonja bakoitzean eta, informazio dinamika partehartzaileen bidez, hausnartzeko eta hitz egiteko denbora gehiagorekin, droga kontsumoaz, arriskuez, lonjen erabileraz, sexu seguruaz edota genero kontuez aritzen dira. "Gazteekin euren berezko espazioan elkartuta, errazagoa da konfiantzazko klima sortzea, eta gainera, modu dibertigarrian planteatzen ditugu saioak, lokal bakoitzaren beharretara egokituta eta beti ere modu anonimo eta konfidentzialean". Ekimen hau bere lokalera ekarri nahi duten gazteek ailaket@ailaket.com helbidera idatzita egin dezakete eskaera. 

Genero komisioa


Urte hauetan guztietan kontsumitzaileekin eduki duten zuzeneko harremanetik atera duten ondorio argietako bat da drogen kontsumoari dagokionean ere generoa faktore baldintzatzailea dela. Hau da, kulturaren eta hezkuntzaren bitartez sexu bati eta besteari ezarritako rolek, jarrera eta jokabide zehatzek alegia, eragina dutela batzuek eta besteok drogez egiten dugun erabileran. Horregatik, aldagai garrantzitsua denez, 2008az geroztik Ai Laket!!-ek badu genero komisio bat, garatzen dituzten prebentzio politikak diseinatzerakoan errealite hau kontuan hartuko dela bermatzen duena. Elkarteko kideek formazio espezifikoa jaso dute zentzu horretan, material grafiko nahiz informatibo guztia berrikusi dute inongo mezu sexistarik ez dagoela ziurtatzeko eta, aldi berean, kolektiboan diharduten neska-mutil denak postu edo interbentzio mota guztietarako berdin-berdin prestatzeko konpromisoa hartu dute.

Eta zer antzeman dute kalean? Ba, oro har, lonjetan askoz neska gutxiago ibiltzen direla eta ez direla batere ugariak lokal mistoak. Neskek harrera hobea egiten ei diote arrisku murrizketara bideratutako informazioari, kontsumo unea baino lehenago; eta normalean espazio lasai eta anonimoetan sentitzen dira erosoago, eurek estigmatizazio bikoitza jasaten dutelako: droga kontsumitzaile eta emakume dira. Jendarteak mutil eta neska kontsumitzaileekiko duen pertzeptzioa ez baita bera, eta azken hauei karga emozional handiagoa, kulpa sentimendu lazgarriagoa eta lotsa publikoa ezartzen baitie. Aldiz, gizonezkoek analisi zerbitzua erabiltzen dute gehiago, arrisku murrizketekin hainbeste arduratu gabe eta substantzien purutasunean gehiago interesatuta. Gehienetan, gainera, aisialdi gunean eta kontsumo unean bertan hurbildu ohi dira Ai Laket!!-eko kideengana.

Aurrerantzean, GAZTEZULOn ere bai


Maiatzetik aurrera, Ai Laket!! kolektiboaren laguntzari esker, GAZTEZULOko orrialdeetan ere aurkituko duzu substantzia psikoaktiboen inguruko informazio objektibo eta praktikoa. Motak, jatorriak, osagaiak,  bakoitzaren berehalako efektuak, epe luzeko ondorioak, kontsumitzeko moduak, arriskuak, hauek murrizteko aholkuak... Hortaz, datorren hilabetean estreinatuko dugu ‘Drogak’ atala eta bertan irakurri ahal izango duzu, hilero-hilero, jakin nahi duzun guztia.

Gainera, www.gaztezulo.com webgunean drogei buruz eduki ditzakezun zalantzak modu anonimoan argitzeko kontsulta zerbitzua jarriko dugu martxan. Gure atarian dagokion formularioa bete zure galderarekin eta Ai Laket!!-eko kideek erantzungo dute. Galdera-erantzunak denok irakurtzeko moduan argitaratuko ditugu ondoren, besteen dudetatik asko dugulako ikasteko, baina beti ere anonimotasuna bermatuz.