Erakutsi zure zuzentasun ortografikoa!

Erakutsi zure zuzentasun ortografikoa! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erakutsi-zure-zuzentasun-ortografikoa/@@download/image/hitzaditza_1369379902.jpg
2013/05/24
berria
Zortzigarren urtez, euskarazko diktaketa lehiaketa antolatu dute AEK eta Euskal Kultur Erakundeak. Hitzaditza 2013 larunbatean egingo dute, maiatzak 25, Baionako IUTko Gaztelu Berrian, 9:30etatik aurrera.


Euskaraz zuzen idazteko duten abilezia erakutsi beharko dute beste urte batez Hitzaditza lehiaketako parte hartzaileek. Euskara eta euskal kultura idatzia uztartzea du helburu AEKk eta Euskal Kultur Erakundeak abian jarritako ekimenak, eta urtez urte, lehiakide kopuruak gora egin du. Gazteak, ez horren gazteak eta helduak ariko dira nor baino nor beren zuzentasun ortografikoa frogatzen.

Hiru kategoriatan banatu dituzte: 13 eta 17 urte bitarteko gazteak, euskara ikasten ari direnak, eta euskaldun zaharrak. Bakoitzari zailtasun ezberdineko testuak diktatuko dizkiete, eta noski, ahalik eta zuzenen idazten saiatu beharko dira.

Goizeko 9:30ean hasiko da lehiaketa IUTko Gaztelu Berrian, Baionan, eta goiz osoan zehar, diktaketak egin ahala, zuzendu eta irabazleen izenak jakinaraziko dituzte antolatzaileek. Noski, garaileen artean banatuko dituzten sariak kulturari loturik egongo dira, eta besteak beste, hiztegiak, DVDak, KDak, liburuak, EHZ jaialdirako sarrerak eta beste hainbat opari emango dituzte.

Umore ona eta giro aparta ez dira faltako, eta eguraldi kaxkarretik babesteko eta goiz atsegina pasatzeko aukera izango da, beti ere, euskaraz!