Entzumenik ez duten lagunen alde, aste osoan Tolosan

Entzumenik ez duten lagunen alde, aste osoan Tolosan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/entzumenik-ez-duten-lagunen-alde-aste-osoan-tolosan/@@download/image/20129256849gor_zeinuak.jpg
2012/12/13
berria
Gorren Komunitatearen IX. Sentsibilizazio Astea abiatu zuten atzo, eta larunbatera bitarte erakusketak, hitzaldiak, azoka eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte Tolosan. 

Gainditzen, Tolsaldea-Goierriko pertsona gorren elkarteak, beste urte batez abian jarri du entzumenik gabeko herritarren aldeko sentsibilizazio kanpaina, eta horretarako aste beteko egitaraua osatu du. Atzo hasi ziren ekitaldiak, eta larunbatean Leidor zineman eskainiko duten ikuskizunarekin amaituko dute zortzi eguneko emankizun sorta.

Pertsona gorrek komunikatzeko dituzten oztopoak eta mugak islatzeko hainbat bide erabiliko dituzte. Batetik, oihalak eskegiko dituzte Kultur Etxeko balkoitik, gorrek bizitzen dituzten ohiko egoerak irudikatzen dituztenak: medikuari bisita, neska-mutikoak eskolan eta irakaslea arbelera begira azalpena ematen, eta beste hainbat. Bestetik, oztopo horiek adierazten dituzten zurezko hainbat lanez osaturiko erakusketa izango da ikusgai San Frantzisko pasealekuan, eta Kultur Etxean ere haurrek egindako marrazkiak jarriko dituzte, auzi beraren ingurukoak.

Astean zehar, halaber, gorrei buruzko hitzaldiak eskainiko dizkie Julian Rodriguez Rojok Lehen Hezkuntzako haurrei Andoaingo, Tolosako eta Ibarrako ikastoletan. Rodriguez bera gorra da.

Larunbat gizena
Larunbata goiz hasiko da Tolosara hurbiltzen diren guztientzat. 10:00etatik 14:00etara pertsona gorren artisautza postuak jarriko dituzte Triangulo plazan, eta ordu berean zeinu-dantza eskola eskainiko dute Kultur Etxean, pertsona gorrentzat nahiz entzuleentzat.

10:30etan traineruen lagunarteko lehia abiatuko dute Oria Ibaian, eta Gainditzen, Eusak Gorrak eta Fevapas elkarteko kideak arituko dira nor baino nor.

11:00etatik 13:00etara bitarte, halaber, haurrentzako jolasak izango dira Triangulo plazan, eta 12:00etan manifestua irakurriko dute leku berean. Horren ostean, haurren marrazki lehiaketako sariak banatuko dituzte. Txistorraz eta sagardoz lagundurik egingo da ekitaldia, nola ez.

Eta azkenik, aste osoari amaiera borobila emateko, Leidor zinema gazte eta helduen ikuskizunez beteko da. Aukera ezin hobea izango da entzumenik gabeko pertsonek beren egunerokotasunean bizi dutena hurbiletik ikusi eta denok eman beharreko aldaketa txikiez ohartzeko, keinu txiki batek, hitz batek adina balio baitu haientzat.

Leidor-eko ikuskizunak


17:00. Isiltasuna dantzan ikuskizuna.
Goiz osoan zehar Triangulo plazan eskainiko dituzten eskoletan prestatuko duten ekitaldia, ARYMUXen eskutik.

Ondoren. Ainhoa Moiuaren emanaldia.
Zea Maysen Negua joan da ta abestia zeinu bidez interpretatuko du gazteak.

18:00. Antzerki emanaldia

Madrilgo El grito antzerki taldeak Cinco horas con Mario obra aurkeztuko du.