'Entxosnatu!! Eguna' antolatu dute Gasteizko Txosnek ostegunerako

'Entxosnatu!! Eguna' antolatu dute Gasteizko Txosnek ostegunerako Egunean zehar herri azoka, erakusketa, umeentzako margoketa eta ipuin kontalaria, eta manifestazioa izango dira. Herri bazkaria ere egitekoak ziren baina bertan behera geratu da Gasteizko Udalak debakatu ostean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/entxosnatu-eguna-antolatu-dute-gasteizko-txosnek-ostegunerako/@@download/image/entxosnatu eguna.png
2021/08/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Egunean zehar herri azoka, erakusketa, umeentzako margoketa eta ipuin kontalaria, eta manifestazioa izango dira. Herri bazkaria ere egitekoak ziren baina bertan behera geratu da Gasteizko Udalak debakatu ostean.
'Entxosnatu!! Eguna' antolatu dute Gasteizko Txosnek ostegunerako

Covid-19aren pandemiak bultzatuta, etenaldia egin behar izan zuten iaz eta beren 40. urteurrena ospatzeari uko egin behar izan zioten Gasteizko Txosnek. Denbora horretan eguneroko lana mantendu dute txosna batzordeko eragileek, eta, gainera, zenbait jarduera antolatu dituzte. Txosna batzordeak aitortu du aurtengo jaiek ere bestelako forma hartu beharko dutela, baina azpimarratu dute ez daudela "besoak gurutzatuta ezer egin gabe" gelditzeko prest, "aldarrikapen eta eduki politikoa" bermatzea beharrezkoa delako eta Gasteizko Txosnak "herri mugimenduen bilgunea" direlako. 

Euren lehentasuna "krisi egoera honi modu kolektiboan aurre egitea" dela nabarmendu dute, "guztion osasuna eta zaintza ezinbestekotzat hartuta". Hortaz, kaleak hartzeko deia egin dute hilaren 5ean, osteguna, hainbat ekitaldiz osatutako egitaraua duen Entxosnatu!! Egunaren baitan. 

Goizeko hamarretan hasiko dute eguna; alde batetik, herri azoka izango da Burullerias plazan eta, bestetik, Gasteizko Txosnen 40 urteen inguruko erakusketa Etxauri plazan. Ordubete geroago, umeen txokoa izango da prest Martin Ttipia plazan. Margoketak izango dira 11:00etatik aurrera eta 12:00etan, berriz, ipuin kontalaria. Eguerdiko 14:00etan herri bazkaria egitekoak ziren baina Gasteizko Udalak debekatu egin du. Azkenik, 18:30ean, manifestazioa egingo dute Artiumetik abiatuta. 

Bi txosnisari
Aurten, gainera, inoiz ez bezala, bi txosnisari banatuko dituzte, iazkoa eta aurtengoa. Lehena pentsiodunen mugimenduarentzat izango da, "txosnen ibilbide osoan zehar presente egon direlako eta azken urteetan lehen lerroan kalean aktiboen egon den kolektiboa delako". Aurtengo saria, berriz, ostalarientzat izango da, "pandemiaren eta instituzioen arduragabekeriaren ondorioen aurrean antolatzen eta kalea hartzen jakin dutelako".