Enkoreren azken agurra

Enkoreren azken agurra Hamar urteko ibilbidearen ondoren, datorren urtean despedituko da taldea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/enkoreren-azken-agurra/@@download/image/bio.png
2018/11/28
berria
Hamar urteko ibilbidearen ondoren, datorren urtean despedituko da taldea.
Enkoreren azken agurra

Enkore talde bilbotarrak agur esango du 2019an. Hamar urte igaro dituzte eszenatokietan; Gaztea lehiaketa irabazi zuten 2011n eta ordutik hiru disko argitaratu dituzte: Faktore komunak (Baga-Biga, 2012), Kanala (Oihuka, 2014) eta E (Baga-Biga, 2015). Aurten Dana abestia plazaratu eta 7 lurralde, 7 kontzertu bira egin dute, Euskal Herriko lurraldetan kontzertu bana emanez. Xabi Hook (ahotsa), Urtzi Izak (gitarra), Aitor Gallastegik (baxua) eta Alvaro Olaetxeak (bateria) osatu dute Enkore; orain, azken agurra eskaintzera doaz.

Facebooken honako mezua zabaldu du taldeak:

”Agur esateko unea heldu da. Hasi ginenean bagenekien momentu hau noizbait helduko zela, eta orain argi ikusten dugu: Enkorek 10 urte beteko ditu, eta horrekin batera, eszenatokiak utziko ditugu. Erabakia hartzea ez da batere erraza izan, Enkore gure bizitzetako ardatza izan da hamarkada oso batez eta hori barik noraezean galtzeko beldurra daukagula ezin dugu ukatu. Baina beste mundu batzuetan murgiltzeko momentua dela sentitu dugu, hamaika amets, bizipen eta ikasketa biltzen jarraitzeko. Azkeneko aldiz gurekin abestera, dantzatzera eta elkarrekin izerditzera gonbidatzen zaituztegu. Eszenatokietan ikusiko dugu elkar, laster. Betidanik izan ez bada, betirako izan dadila!”.