Eneritz Iturriagaetxeberria: “Italiako mutilak oso bambinoak dira; ederrak"

Eneritz Iturriagaetxeberria: “Italiako mutilak oso bambinoak dira; ederrak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eneritz-iturriagaetxeberria-italiako-mutilak-oso-bambinoak-dira-ederrakquot/@@download/image/34p48-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
23 urte bete berri ditu. Abadiñarra. Aurtengo Emakumezkoen Tourrean,
bederatzigarren. Hiru urte profesionaletan, eta aurten, Italiako Team Aurora taldean aritu da. "Greziako 2004ko Olinpiar Jokoetan egotea ametsa litzateke", dio.

Arrunt laket dut: Lo egitea! Kirol hau oso neketsua da. Beraz, egunero, hamar ordutan lo egiten dut.

Ez dut parean ikusi ere egin nahi: Iratzargailua. Dietak ere ez. Denboraldi hasieran, sei edo zazpi kilo galdu behar izaten ditut.


Lasaigarri zait: Etxeko beroa. Iaz, Italian hiru hilabete eman nituen, eta gero joan-etorrian ibili nintzen.

Sutan jartzen nau: Gauza askok. Odol beroa naiz. Haserretzen naizenean, etxean ez dit inork, badaezpada, berbarik egiten.


Gustura irakurri nuen: Lance Armstrong-en "Mi vuelta a la vida" liburua. Asko hunkitu ninduen.

Lo seko geratu nintzen irakurriz: Egunkarietako politika eta ekonomia sailak.


Bertutea: Alaia naiz eta nire lagunen oso laguna.

Akatsa: Momentuko beroaldiak! Gero, zorionez, barealdia dator.


Ametsa: Mundial bat irabaztea. Aurten, Hamilton-en (Kanada) izango da, eta batek daki...

Amesgaiztoa: Lesioak. Jubeniletan, Mundialen atarian, belauna apurtu nuen. Jota geratu nintzen. Sasoitsu nengoen eta.


Barre algara eragiten dit: Txutxumutxuei buruzko programek. Zenbaitek bufoi lana primeran egiten dute; aktore onak dira.

Negargura ez dut urruti: Berriatuan, 15 urterekin, lehen garaipena, kadeteetan lortu nuenekoa oroituz.  


"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Aspaldian ez naiz ate joka ibili. Baina Italiako mutilak, oso bambinoak dira. Asko zaintzen dira. Ederrak dira!".

"… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon": Kalabazak jaso ditut, baina aurrera! Gauza guztien gainetik, beti aurrera!

Urrea: Guraso eta nebei; dena emango nieke.

Ikatza: Inori ere ez. Ez naiz batere gorrototsua.


Garaipenak zein zapore du?  Bikaina. Aurten Errepideko Estatuko Txapelketa irabazi dut.

Eta azken putz izateak…: Beti ezin da aurrena egin! Gaixorik egonez gero, erretiratzea nahiago.


Hatzak zupatzen ditut: Nutelarekin; Nocillaren antzekoa da. Azken bi Tourretan antsietateari aurre egiteko, txokolatea jateko premia izan dut.
Gogoko ez dudan jakia: Azak, tomatea eta tipula. Barazkizalea naiz, baina, haragia askoz gehiago gustatzen zait.