Eneko Abrego, Inoren ero ni: “"Bost kanta, neurri "ferpektua" hamabi hazbeteko diskorako”&

Eneko Abrego, Inoren ero ni: “"Bost kanta, neurri "ferpektua" hamabi hazbeteko diskorako”& https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eneko-abrego-inoren-ero-ni-quotbost-kanta-neurri-ferpektua--hamabi-hazbeteko-diskorakoquot/@@download/image/20111064400inor_1361232974.jpg
2011/10/07
elkarrizketa
Testua: Xebas
Eneko Abrego, Inoren ero ni: “"Bost kanta, neurri "ferpektua"  hamabi hazbeteko diskorako”&
Andoaindarrek udazkenerako dakarten proposamena da 'Fregoli', laukotearen laugarren lana. Udan zehar ibili dira grabatzen, eta aurki prest izango da. Herriko frontoi azpian duten lokaletik erantzun digute, garai batean Bap!en entsegu lekua izan zen horretatik.

Sei hilabete besterik ez dena konposatu eta grabatzeko, ezta?
Abesti batzuen oinarriak bagenituen aldez aurretik, baina hala ere, bai, urte hasieran ekin genion diskoa egituratzeari eta uztaila aldera bukatu genuen.

Tituluak jorratutako estiloei egiten al die erreferentzia?

Fregoli izenak ez du inongo loturarik musika estiloekin. Aurreko bi diskoekin egin bezala, oraingoan ere bere sonoritateagatik aukeratu dugu izen hau, eta baita ere honek atzean duen historiarengatik. Leopoldo Fregoli antzezle, artista eta transformista italiarra XX. mende hasieran bizi izan zen. Bere emanaldietan 50 eta 60 pertsonaia ezberdin antzezteko gai zen. Horregatik, bada psikologian gaitz bat bere izena hartu duena: Fregoli sindromea. Sindrome hau pairatzen duten gaixoek beren gertuko lagun eta senideak nahasten dituzte ikusten duten edonorekin.

Betiko estudioetara itzuli zarete, baina oraingo honetan Martxel Arkarazoren eskutik.

Beste behin ere Andoaingo Garate estudioetan grabatu dugu, bertan lana oso gustora egiten dugulako. Txinaurriak diskorako, bertan aritu ginen lehenengo aldiz Martxelekin eta egindako lanarekin kontent geratu ginelako erabaki dugu errepikatzea. Emaitza ederra izan da oraingo honetan ere, Inoren Ero Niren arima ederki islatu baitu.

Laugarren diskoa duzue hau, eta kanta bakan batzurekin osatzearen ildoari eutsi diozue.

Disko berri honetarako bost abesti genituen prest. Badago seigarren bat, estudioan sortua eta egina, baina hau intro modura ulertzen dugu. Aurreko diskoetan ere bosna kanta izan dira, iraupen neurri 'ferpektua' delako hamabi hazbeteko disko batean sartzeko.

Maite Arroitajauregi 'Mursego' maiz ikusi dugu azken aldian zuen alboan; eszenatokietan eta kolaborazioetan.

Maiterekin aspaldi dugu harremana. Mikel –bateria–, Borja –gitarra– eta bera taldekideak dira Anari bandan, eta diskoko abesti baterako deitu genion. Bere unibertsoak eta Inorenenak badute dezenteko antzekotasuna eta bagenuen gogoa biak bateratzeko; txeloarekin lagundu gaitu eta oso txukun geratu da.

Letretan ere izan duzue laguntzarik.

Hitzetan kolaboratzaile asko izan ditugu. Alde batetik, Joan Brossa poeta kataluniarraren olerki bat baliatu dugu, Jack Kerouacken On the road liburuko pasarte bat ere bai (hau Estricallaren azken diskotik atera genuen) eta Jim Jarmuschen Dead Man pelikulan oinarrituta beste bat. Guztiak Rita Santestebanek itzuli ditu, eta beste kanta baterako hitzak ere sortu ditu oso-osorik. Bestalde, Mariano baxulariak eta Borjak ere bana idatzi dute. Horretaz gain, ezin dugu aipatu gabe utzi diseinuan eduki dugun kolaboratzaile fina; ilustrazioak Blami artista lasartearrarenak dira, benetan lan ikaragarri ona egin du.

Bidehutsekin?

Nola ez, ba. Diskoak BideHuts plataformarekin kaleratzen jarraitzen dugu, horretarako sortu baikenuen orain dela urte batzuk Lisabö, Anari eta Hotel taldeekin batera. Gaur egun, Audience, Gora Japon, Mursego, Willis Drummond, Jupiter Jon eta Xabier Montoia ere batu dira.

CD eta binilo formatu bikoitzean aterako da. Zergatik?

Biniloan kaleratuko dugu, CDa opari doa. Arrazoi nagusia: nahi eta ahal dugulako. Soinuaren kalitatea eta diseinurako ematen dituen aukerak ere aldeko argumentu izan dira, noski.  

Ez zarete kontzertu asko eta bira luzeak egiten dituen banda horietako bat.

Gutako bakoitzak baditu hainbat talde eta kontu Inoren Ero Ni proiektutik at, eta horrek taldearen erritmoa baldintzatzen du. Egia da azken diskoarekin bira nahiko laburra egin genuela eta normalean ez garela asteburu berean hiru aldiz jotzearen aldekoak. Hori bai, topikoa izan arren, zuzeneko taldea gara, hortxe antzematen baita gure benetako indarra.

Zeintzuk dira aipatzen zenituen beste talde horiek?

Mikelek eta Borjak Anari taldearekin jotzen dute. Borjak badu, bestalde, bere banda, Inorenekin eta Anarirekin hasi aurretik funtzionatzen zuena: Hotel. Mariano kontrabaxua ari da ikasten Musikenen, eta ni, une honetan, Estricallaren zuzenekoetan ibiltzen naiz laguntzaile gisa. Joan den urtean Dilistak izeneko proiektuan ere aritu nintzen Marianorekin batera, baina gaur egun geldirik da.

Ze bandak harritu zaituzte azken boladan Euskal Herrian?

Ba, badira batzuk... Purr, Dut, –barrez– Ornytorrinkus, Estricalla, Can t Explain, Humilitate, Hotel, Matxura, Triz3ps, eta Rafa Berrioren azken diskoa.

Zer moduzko panorama ikusten duzue gurean?

Ona… egoera nahiko osasuntsu ikusten dut, estilo desberdin asko dago, eta gero eta gehiago, maila handiko taldeak sortzen ari dira.