Eñaut Iraeta (Arabako ALEA): "Kalitatezko hedabide erakargarria lortu nahi dugu"

Eñaut Iraeta (Arabako ALEA): "Kalitatezko hedabide erakargarria lortu nahi dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/enaut-iraeta-arabako-alea-kalitatezko-hedabide-erakargarria-lortu-nahi-dugu/@@download/image/eñaut-alea-ga_1417087059.jpg
2014/11/27
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
Urtarrilaren 16tik aurrera ortziralero eskuratu ahal izango da, harpidetza bitartez, euskara hutsezko Arabako ALEA. Larunbat honetan aurkezpen jaia egingo dute, eta bi egun bertzerik gelditzen ez direnean elkarrizketatu dugu Eñaut Iraeta, GEU elkartearen koordintzailea. 


GEU elkartearen, Goienaren eta Berriaren elkarlanaren bitartez erditu duzue Arabako ALEA. Baina, noiz eta nola sortu zen ideia?

GEU elkarteak sortzearekin bat GEU Gasteiz aldizkaria argitaratzeari ekin zion, 1992tik 2009ra bitarte. 2012an berriz Hirinet hedabide digitala jarri zuen martxan, eta elkarteak betidanik izan du hedabideen alorrean eragiteko asmoa. Horrekin batera Araba mailan tokiko hedabideen hutsunea zegoela ikusita, elkarlana bideratzen hasi ginen Berria, Goiena eta hasiera batean baita Aiaraldea Komunikazio Lehioa ere. Euskarazko tokiko hedabideek hizkuntzaren normalkuntzan duten eragina eta Araban euskarazko paperezko hedabideen arloan zegoen beharra uztartuz.

Hirinet aipatzen duzula, zenbateraino daude lotuta bi ekimenak?

Bi proiektuen arteko lotura nabaria da, bietan eragile nagusia GEU elkartea delako. Baina ezberdintasunak ere badira, Hirinet Gasteizera begirako hedabide digitala da eta ALEA aldiz, Araba mailako paperezko astekaria. 2015ean zehar bien arteko eskaintza bateratzeko asmoa daukagu, eta bitartean, elkar elikatuko dute, edukiei dagokionez.

Zein dira euskara hutsezko astekariaren helburu nagusiak?

Helburu nagusia euskararen erabileran eragitea da, Araban ezagutza asko igo da baina, ez aldiz erabilera, eta tokiko hedabideek ekarpen handia egiten dute arlo horretan. Bestetik herrialdea informatiboki euskararen bitartez kohesionatzea ere bada helburua, askotan elkarren berri izateko zailtasunak baititugu, esate baterako, Errioxaldean gertatzen denaren berri nekez jasotzen dute Mendialdean adibidez. Guzti horrekin Arabako euskaldunen komunitatea saretu eta trinkotzea ere bilatzen dugu.

Eta zein izango da lan dinamika? Lantaldea egituratuta duzue dagoeneko?

Aldizkaria aurrera ateratzeko lan talde profesionala egongo da, kazetariak, komertzialak eta kudeatzaileak osatuko dutena. Horretaz gain, kolaboratzaile sare zabala osatzen saiatzen ari gara.

Urtarrilaren 16tik aurrera, ortziralero eskuratu ahal izango da ‘ALEA’, harpidetza bitartez. Kioskoetan ere salgai izango da?

ALEAk harpidetza bitartez funtzionatuko du eta ez da bere horretan kioskoetan salgai egongo. Hala ere, orain arte Arabako Hitzarekin gertatu bezala Berriaren barruan joango da ostiralero.

Harpidetu nahi duenak zer egin behar du?

Modurik errazena, arabakoalea.info webgunean sartu eta bere datuak ematea da, horren ondotik dei bat jasoko du harpidetza konfirmatu eta datuak baieztatzeko.

Harpidetza horietatik sortuko da proiektuaren finantziazioa?

Proiektuaren muina eta oinarria harpidedunak izango dira; beraiek emango diote sustengu ekonomikoa proiektuari, eta aldi berean, ikusgarritasuna gizartean. Helburua Araba osoan 3.000 harpidedunetik gora lortzea da. Horretaz gain publizitatea eta diru laguntzak ere izango ditu noski.

Labur-labur, zein izango dira astekariaren eduki nagusiak?

Hiru zutabe nagusi izango ditu, alde batetik, herrialdeko informazio orokorreko gai edo elkarrizketa nagusiak. Bigarrenik arabako kuadrillen inguruko tokiko informazioa eta amaitzeko kultura, aisialdia, haurrak, gazteak, agenda eta beste hamaika saltsa biludko dituena.

Euskararen egunaren harira "euskara 365 egun" kanpainarekin ere bat egingo du astekari berriak.

Euskaltzaleon Topaguneak Euskal Herri mailan garatzen duen egitasmoa da, Durangoko Berbaro elkarteak hasitako bidetik, euskarak egunerokoa izan behar duela aldarrikatzen duena eta ez soilik abenduaren 3koa. Guk kanpaina horrekin bat egin eta aurten ekintza nagusi bezala ALEAren aurkezpen zenbakiaren banaketa masiboa egingo dugu, guztira 65.000 ale banatuko ditugu.

"Erakundeek kontziente izan behar dute euskararen normalkuntza helburua  bada, hedabideek horretan zeresan handia dutela eta horiek bultzatu behar direla"

GEU elkartearen koordinatzaile zaren heinean, zein balorazio duzu euskara hutsezko hedabideek azken urteotan Araban izan duten bilakaeraren inguruan?


Argi dago mugimendua badagoela eta sektore bizia dela. Ikusi besterik ez dago azken urteetan hainbat proiektu garatzen ari direla; eredugarria da adibidez Aiaraldea Komunikazio Lehioak egiten duen lana, baina badira beste adibide batzuk ere, Hirinet bera, Gasteizen.com edo Hala Bedi Bi euskara hutsezko irratia ere. Beraz herri ekimena dagoela zalantzarik ez, horrekin lotuta joan beharko litzateke erakundeen babesa, kontziente izan behar dute euskararen normalkuntza helburua baldin bada, hedabideek horretan zeresan handia dutela eta horiek bultzatu behar direla.

Zentzu horretan, urrats garrantzitsua da ALEAren sorrera. Aurrerantzean zein dira zuen erronka nagusiak?

Momentu honetan ALEAn ditugu jarrita gure energia guztiak, proiektua ezagutarazi eta zabaltzearekin batera harpidedunak lortzen. Baina honek etenik ez duenez, esan bezala, webguneko eskaintzarekin bateratu eta kalitatezko hedabide erakargarria lortu nahi dugu.

Argazki lehiaketa antolatu zenuten, eta oker ez banago, 167 lagunek parte hartu zuten. Zein zen honen helburu nagusia?

Hasieratik ALEA proiektu ireki eta parte hartzaile bezala irudikatu genuen, hau horren beste adibide bat besterik ez da. Jendeak bere argazkiak bidaltzearekin ALEAren aurkezpen zenbakia osatzen lagundu eta proiektuaren filosofia hortik doa.

Larunbat honetan egingo duzue aurkezpen jaia Oihaneder Euskara Etxean. Aurrerapenik egiterik bai?

Hori da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Oihaneder Euskararen Etxean denetarik izango dugu, haurrentzako tailerrak, Oihan Vegaren bakarrizketa, aurkezpen ekitaldi ofiziala eta kontzertua Jon Basaguren & Liberen eskutik. Bertan emango dugu ezagutzera ALEAren aurkezpen zenbakia.

ALEA Arabako astekaria from Arabako ALEA on Vimeo.