Emily Dickinson: Eguzkien triskantza bezain leuna

Emily Dickinson: Eguzkien triskantza bezain leuna https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/11/10
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre
Emily Dickinson: Eguzkien triskantza bezain leuna
Udazkenarekin iritsi zaigu postontzietara Emily Dickinson (1830, Amherst, Massachusetts, AEB-1886, Amherst, AEB).

Estatubatuarraren poemen antologia, Munduko Poesia Kaierak bildumaren laugarren alerako Angel Errok itzulitako poemek osatzen dute.

Obra oparoko poeta izan zen Dickinson (1.800 poema inguru), nahiz eta hil arte bere poesia zirkulu murritz batean soilik izan ezaguna. 1886 aurreko urteetan familiako kide ugari hil zitzaizkion. Bera gaixotu eta urte horretan hil zenean, haren ahizpa Laviniak bildu zituen utzitako poemak. Hala, 1890. urtean argitaratu zen lehen liburua. Ordutik,  hainbat edizio argitaratu dira, aurretik argitaratu gabeko poemekin osatuak eta egituraketari dagokionez moldatuak.

Gaur egun, AEBetako oinarrizko poeten artean kokatzen da, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dira bere poemak. Bere poesia gaizki ulertua izan dela esaten da, bertsio, edizio, eta itzulpen ezberdinek Dickinsonek esan nahi zuena aldatu dutelako. Batzuetan kontrakoa esateraino. Horregatik, gaur arte irauten duen idazle puritano, kontserbatzaile eta bakartiaren irudia desegin eta gela propio batetik idazten zuen idazle indartsu, moderno eta sakona aldarrikatzen dute hainbat ikerlarik. Kontu handiz hautatutako hitz, maiuskula eta zeinuek, bakana eta murgiltzeko zaila den poesia osatzen dute, heriotzaz, naturaz, arteaz, bizitzaz mintzo dena. Batzuek bukolikotzat jotzen dute, beste batzuek politikotzat.
Poesia honela definitu zuen gutun batean Dickinsonek:

"Liburu bat irakurri eta gorputza suak berotu ezin bezain hotz uzten badit, badakit hori poesia dela. Nire buruaren gainaldea kendu balidate bezala sentitzen badut, badakit hori poesia dela. Horiek dira nik jakiteko modu bakarrak. Ba al dago beste modurik?" (342a gutuna, T.W. Higginsoni idatzia).
Hoberena, liburua hartu eta froga egitea.

Bibliografia hautatua


Poems (Mabel Loomis Todd eta T. W. Higginsonen edizioa, 1890).
The Single Hound: Poems of a Lifetime
  (Martha Dickinson Bianchiren edizioa, 1914).
The Poems of Emily Dickinson (Thomas H. Johnsonen edizioa, 1955).
The Poems of Emily Dickinson (R.W. Franklinen edizioa, 1998).
Munduko Poesia Kaierak, Emily Dickinson (Susa, 2014).