Emakumeen eta zientziaren inguruko ekintzak izango dira Iruñean aste honetan

Emakumearen eta Neskatoaren Nazioarteko Eguna Zientzian ospatzen da otsailaren 11n eta, hori dela eta, Civivox Sareak, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoarekin elkarlanean, jarduera-sorta bat antolatu du otsailaren 10etik 26ra bitarte.
Hasteko, Emakumea Zientzian erakusketa dago ikusgai Iturramako Civivoxean, otsailaren 26ra bitarte. Neskato gehiagok ikasketa zientifikoak aukeratzeko hainbat muga izaten dituzte eta horietako bat da arlo horretan erreferente emakumezkorik ez izatea. Eragozpen horri irtenbidea eman asmoz, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak ekimen hau jarri du martxan eta erakusketan jendearentzat, oro har, ezezagunak diren emakume zientzialari nabarmenen bizitza eta lana kontatzen dira.
Bihar, hilak 10, zine-foruma izango da eta Nire abentura garunarekin: Marian Diamond doktorearen bizitza eta zientzia dokumentala emango dute arratsaldeko zazpietan Iturramako Civivoxean. #LabMeCrazy! Science Film Festival Jaialdiaren I. edizioko dokumental irabazleak Mariand Diamond neurozientifikoaren zailtasunak eta lorpenak kontatzen ditu. Diamond andrea garunaren plastikotasunaren aurkitzailea izan da. Jatorrizko bertsioan eskainiko dute, gaztelaniazko azpidatziekin, eta aurrez eman beharko da izena.
Bestetik, mahai-ingurua ere antolatu dute ostiralerako, Ikerketa eta talentua, emakumeen eginkizuna izenburupean. 19:00etan hasiko dute solasaldia Iturraman.
Azkenik, Eidabe Ekimen Kulturalak Piztu! EmakumeON energia familientzako ikuskizuna eskainiko du otsailaren 12an, 18:00etan, Iturramako Civivoxean. Ustezko zientzia kongresu zoro eta dibertigarri honetan, bi emakumezko aktorek emakume zientzialarien historian zehar nabigatuko dute, Marie Curie ardatz eta gidari izanik, ikus-entzuleak emakumeak zientzian izandako benetako pisuaz jabetu daitezen. Horretaz gain, hainbat esperimentu ere egingo dituzte.