Emakumeek zuzendutako filmen zikloa egingo dute Bilboko Azkuna Zentroan

Emakumeek zuzendutako filmen zikloa egingo dute Bilboko Azkuna Zentroan Ekainaren 23ra arte iraungo du zikloak eta bederatzi film proiektatuko dituzte. Gaur eta bihar Arantxa Santestebanen '918 gau' izango da ikusgai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeek-zuzendutako-filmeen-zikloa-egingo-dute-bilboko-azkuna-zentroan/@@download/image/filmak.jpg
2022/04/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ekainaren 23ra arte iraungo du zikloak eta bederatzi film proiektatuko dituzte. Gaur eta bihar Arantxa Santestebanen '918 gau' izango da ikusgai.
Emakumeek zuzendutako filmen zikloa egingo dute Bilboko Azkuna Zentroan

Azkuna Zentroko Zinematekak Aldaketaren ahotsa. Emakumeek zuzendutako zinema zikloa jarriko du martxan gaur. Antolatzaileek azaldu dutenez, "ikus-entzunezko sorkuntza garaikidean emakumezko zuzendariek izandako gorakada izango du ardatz zikloak. Zinemaldirik garrantzitsuenetako epaimahaiek eta ikusleek goretsita, filmak zuzentzeko beste modu bat dute, portaera sozialetan eragiteko eta betikotu diren eskema eta egitura patriarkalekin hausteko ezinbesteko garrantzia duten istorioekin. Emakumeak kameraren bi aldeetan egon dira zinema arte gisa sortu zenetik. Horietako askok eragin handia izan dute, bai beren teknika berritzaileengatik, bai filmetako gaiengatik, baina ez dira beti ezagutzera eman". Aukeratutako filmak azken urteotan egindakoak dira.

Arantxa Santestebanek zuzendu eta bera protagonista duen 918 gau filmarekin emango diote hasiera zikloari. Santestebanen hitzetan, "gizataldearen zentzuaren galera eta bizitza berri baten ahalegina gogorarazten duen narrazio zatikatua" da. Epaimahaiak eta publikoak saritu dute lana Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian, DocLisboa-n eta Torino Film Festival-en. Gaur eta bihar proiektatuko dute, eta biharko proiekzioan Arantxa Santesteban zuzendariarekin solasaldia izango da.

Hurrengo hitzordu eta filmak honako hauek izango dira: maiatzaren 4an eta 5ean, Nadine Labakiren Cafarnaúm (2018); maiatzaren 11n eta 12an, Carla Simonen Estiu 1993 (2017); maiatzaren 18an eta 19an, Dominga Sotomayorren Tarde para morir joven (2018); maiatzaren 25ean eta 26an, Clara Roquet-en Libertad (2021); ekainaren 1ean eta 2an, Lynne Ramsayren You were never really here (2017); ekainaren 8an eta 9an, Eliza Hittman-en Never, rarely, sometimes, always (2020); ekainaren 15ean eta 16an, Julia Ducournauren Raw (2016); eta ekainaren 22an eta 23an, Dea Kulumbegashviliren Beginning (2020). 

Filmeen emanaldien ordutegiari dagokionez, asteazkenetakoak 17:00etan izango dira eta ostegunetakoak 19:30ean, Golem Alhondiga zinema-aretoetan. Proiekzio guztiak jatorrizko bertsioan izango dira. Sarrerak zinemen leihatiletan eta webgunean eros daitezke.