'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloa gaur abiatuko da berriz

'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloa gaur abiatuko da berriz Itziar Laka Mugarza arituko da gaur, hizkuntzalaritza eta neurolinguistika oinarri hartuta, sintaxi eta elebitasunaren inguruan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-zientzialarien-argitan-solasaldi-zikloa-gaur-abiatuko-da-berriz/@@download/image/Itziar_Laka.jpg
2022/10/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Itziar Laka Mugarza arituko da gaur, hizkuntzalaritza eta neurolinguistika oinarri hartuta, sintaxi eta elebitasunaren inguruan.
'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloa gaur abiatuko da berriz

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatutako Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloan hiru saio gehiago egingo dituzte udazkenean, emakume zientzialariak ezagutzera emateko helburuz. Arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari izango dira protagonistak: Itziar Laka Mugarza, Amaia Bacigalupe de la Hera eta Lourdes Herrasti Erlogorri. Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzailearekin arituko dira solasean, hainbat konturen inguruan: zerk bultzatzen dituen ikertzera, zein galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasunei egin behar izaten dieten aurre... Gainera, zientziaren eta humanitateen arteko bereizketaren estereotipoa gainditze aldera, beren liburu gogokoenak ere gomendatuko dituzte.

Gaur, hilak 4, izango da lehen hitzordua, Itziar Laka Mugarzarekin, Imajina ezinaren bila, hizkuntzatik abiatuta izenburupean. Laka Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedraduna da, eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldearen zuzendaria EHUn. Jakiunde Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da, Euskaltzain urgazlea eta A Brief Grammar of Euskara, the Basque Language gramatikaren egilea. Bere ikerketak hizkuntzalaritza teorikoa eta psiko/neurolinguistikako metodo esperimentalak uztartzen ditu, hizkuntzaren irudikapen eta prozesamendu neurala argitzeko, batik bat sintaxia eta elebitasunaren inguruan.

Amaia Bacigalupe de la Hera izango da bigarren elkarrizketatua, azaroaren 8an, eta osasunaren inguruan arituko da Osasuna ez da soilik gaixo ez egotea izenburu duen saioan. Zientzialariaren ustetan, "osasuna ez da bakarrik gaixotasunaren eza, baizik eta ongizatea, zentzu orokor batean". Ikuspegi horrekin ari da lanean Bacigalupe, politika hobeak ezartzeko. Osasun Publikoan doktorea da, soziologia-irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikertzailea OPIK taldean. 

Hirugarren solasaldia Lourdes Herrasti Erlogorrirena izango da, azaroaren 29an, Memoria eraikitzen, iragana lurpetik ateraz izenburupean. Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia eta Historiako lizentziatua da, eta irakaskuntza ertainetako irakaslea. Osteoarkeologian espezializatuta dago, eta hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Aranzadin lanean. Aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuetan parte hartu du, tartean, San Juan ante Portam Latinam aztarnategi neolitikoan (Araba), eta gerra zibileko hobien exhumazio-lanetan.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan eta Elhuyarren webgunean ere entzun ahalko dira.