Emakume hegalariak

Emakume hegalariak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-hegalariak/@@download/image/54p44-1_1366371684.jpg
2005/07/01
erreportajea
Julen Azpitarte
Emakume hegalariak
Azulkillas antzerki bikoteak "Grabitatearekin bueltaka" izeneko antzelana estreinatu zuen maiatzean. Bertan, zirku teknikak -trapezioa, oihalak...- eta dramatizazioa uztartu dituzte, antzerki klasikotik baino, zirkutik gertuago dagoen ikuskizuna atontzeko.

Maider Yabar-ek dioskunez, "Ukitu dramatikoak badu bere garrantzia, baina ikuskizunaren ardatz nagusia aparatuetan egiten ditugun akrobaziak dira. Hala ere, istorio bat kontatu nahi dugu", dio.  Maider Azulkillas-eko kidea da, Gloria Peron-ekin batera.

Istorioak bi zientzialari txoribururen teoria antigrabitatorio bitxia deskribatzen du. Zientzialariek lan zaila dute, baina hala ere, ez dira kokiltzen, eta euren dohainak jartzen dituzte zientziaren mesedetan: hegan egiten dute, airean dantza egiten dute... beti ere grabitatearekin borrokan. Emaitza ikusgarria da oso. Antzezlanak beti itzalean egon diren emakume zientzialariak omendu nahi ditu.

Hain emaitza ederra eta ikusgarria lortzeko, bikote hegalariak lan asko egin behar izan du: "Sei hilabetez egon gara guztia prestatzen. Lan asko egin dugu, elementu guztiak guk landu baititugu: musika, koreografiak, makillajea, jantziak...", nabarmendu du Yabar-ek. Lan horiek guztiak egiteaz gain, hegan egiten ere ikasi behar izan dute.

Hain zuzen, hegan egiten ikasteko, zirku eskola entzutetsuetan aritu behar izan dute buru-belarri, tartean, Rio de Janeiroko Zirku Eskola Nazionalean. "Kuban eta Madrilen ere izan gara, eta toki guztietan irakasle izugarri onak izan ditugu", argitu du emakume hegalariak. Era berean, Azulkillas-eko partaideari galdetu diogu zirku teknika hauek zein harrera duten Euskal Herrian: "Oraindik lan asko dago egiteko. Zaleak gero eta gehiago dira, baina oraindik oso gutxi gara. Hala ere, nik hemendik gonbitea luzatzen diet, anima daitezen. Nire aburuz, Euskal Herrian Zirku Eskola bat behar genuke", azaldu du.

Kalean eta aretoetan

"Grabitatearekin bueltaka" kalean eta aretoetan eskaintzen dute. Antzokiek, ordea, baldintza batzuk bete behar dituzte, Maiderrek azaldu digunez: "Gure itzulipurdiak egiteko gutxienezko altuera bat behar dugu, baina Donostiako Antzoki Zaharrean egin genuen, eta izugarrizko showa eskaini genuen. Baldintza horiek aztertzea baino ez dago".

Apurka-apurka, ikusmira handia sortzen ari dira euren koreografia eta akrobaziekin. Oraintsu, gazteen ataleko saria lortu dute Leioako Umore Antzerki Jaialdian, eta uztailean, Donostiako Antzerki Ferian eta Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian ere izango dira. Edozein herritako zerua zeharkatzeko prest daude, grabitateari muzin egiten dioten emakume hegaldun hauek. Maider: 639931930