Emakume argentinarren garaipen historikoa; abortuaren despenalizazioa onartu dute

Emakume argentinarren garaipen historikoa; abortuaren despenalizazioa onartu dute Argentinako Diputatuen Ganberak onartu du abortua despenalizatzea; senatuaren azken hitza falta da oraindik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-argentinarren-garaipen-historikoa-abortuaren-despenalizazioa-onartu-dute/@@download/image/5e4ee16585c6c.jpeg
2020/12/14
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Argentinako Diputatuen Ganberak onartu du abortua despenalizatzea; senatuaren azken hitza falta da oraindik.
Emakume argentinarren garaipen historikoa; abortuaren despenalizazioa onartu dute

Aurrerantzean, Argentinan haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan abortua legezkoa eta doakoa izango da. Halaxe erabaki du herrialdeko Diputatuen Ganberak asteburu honetan, eta Argentinako Senatuak abenduaren 29an bozkatuko du abortua legeztatzea. Oraindik senatari batzuek ez dute botoa publikoki adierazi, baina haurdunaldia borondatez etetearen aldeko "berdeek" uste dute oraingoan abortuaren aurka daudenei tarte estuan gailentzea lortuko dutela, 2018ko porrota ez errepikatzeko; izan ere, ekimena artxibatu behar izan zuten, aurkako 38 botorekin.

Legea aurrera ateratzen bada, hemendik aurrera emakume argentinarrek haurdunaldia lehen hamalau asteetan eteteko baimena izango dute, eta abortua eskaera egin osteko hamar egunetan gauzatuko beharko da. Doakoa izango da, eta osasun sistema publikoak egin beharko da gastuen kargu.

Gezurra dirudien arren, egun, abortua ez da legezkoa Argentinan; soilik bi kasutan onartzen du legeak: bortxaketa bat izan denean eta haurdun dagoenaren bizitza arriskuan dagoenean. Lege proiektua onartuz gero, irizpide hori mantenduko litzateke haurdunaldiaren hamalaugarren astetik aurrera, eta salbuetsitako bi kasu horietan soilik egongo litzateke baimenduta abortua epe horretatik kanpo. Bestalde, onartutako testuak aukera ematen die osasun langileei eta abortua gauzatzeko ardura dutenei horri uko egiteko, kontzientzia eragozpena argudiatuta. Kasu horietan, hala ere, haien betebeharra izango da artatzeari uko egin dioten horiek beste profesional batzuen eskuetan uztea.