Elurretara noa

Elurretara noa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elurretara-noa/@@download/image/4p18-2on.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Neguan eskiatzera joatea ohitura bihurtu da azken urteetan. Egia esan, kirol honek gero eta zale gehiago ditu. Hona hemen eskiari buruz jakin beharrekoak.

Kirol osasuntsua da.
Hotza eta beroa nahasten direnez, eskiatzea oso ona da azal larruarentzat eta horrez gain, D bitamina ere sorrarazten du. Mendi kirola denez, kutsadurarik gabeko airea arnasteko aukera ematen du eta gorputzak globulo zuri eta gorri gehiago sortzen ditu. Azkenik, endorfinak askatzeko baliagarria da: endorfinek estresari eta depresioari aurre egiten diete.
Argi ibili istripuekin.
Astakerietan ibili ezkero, erraza da ezbeharrak izatea. Eskiatuz lesio larri samarrak izan daitezke, hanketan batez ere. Horrexegatik, garrantzitsua da azkarregi ez joatea, eskiatzeko teknika behar bezala ikastea, materialea gure pisu eta altueraren arabera aukeratzea, eta ongi jan eta lo egitea.
Kirol garesti samarra da.  
Beste kirol askorekin alderatuta, eskia ez da oso kirol merkea. Oinarrizko materialea erosiz gero, hau da txanoa, esku larruak, betaurrekoak, galtza eta zamarra iragazkaitzak, 40.000 eta 150.000 pezeta edo 1.500 eta 6.000 libera bitarte bideratu beharko dituzu. Horri eskiak (25.000-80.000 pezeta/ 1.000-3.2000 libera), eusgailuak (11.000-40.000 pezeta/440-1.600 libera) eta botak (20.000-60.000 pezeta/800-2.400 libera) gehitu behar dizkiezu. Eta jakina, estaziora joatea, egonaldia eta pistetan egin beharreko gastuak, forfait-ak esaterako.
Dena den, merkeagoa izan daiteke.
Horretarako ez ahaztu taldean joanez gero, merkeago aterako zaizula bidaia. Estazioan lo egitea ere garestia da eta beraz, ondoko herri batera joan zaitezke, ostatu edo apartamentu batera. Eta materialea alokatu: aukera hau bai estazioetan bai bidaia agentzietan ematen dute.
Asegurua egin behar da.  
Bermea izatea oso garrantzitsua da, ezinbestekoa. Izan ere, pistetan erreskate bat egitea ikaragarri garestia da eta bermerik izan ezean, zerorrek ordaindu beharko zenuke.