El_Txef_A: "Teknoaren alde kulturala gailentzen hasi da"

El_Txef_A: "Teknoaren alde kulturala gailentzen hasi da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eltxefa-teknoaren-alde-kulturala-gailentzen-hasi-daquot/@@download/image/txef_arg4744_1431502573.jpg
2015/05/13
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Argazkiak: Galder Izagirre
Aitor Etxebarria (Gernika, 1985) Euskal Herriko musika elektronikoaren erreferente nagusia da; Alemania, Frantzia, Japonia edota AEBetan pintxatzen du. DJ eta ekoizle izan aurretik, baina, pianoak eta perkusio organikoak eraman zuten musika sortzera.

Gernikako Arbolaren aurrean musika elektronikoan aritzen den sortzailearekin topatzeak badu bere magia. Irribartsu heldu da Aitor Etxebarria, El_Txef_A, Galder Izagirreren objektiboaren aurrean jartzeko. "Beste jaka bat ekarri dut" esan digu; izan ere, modarekin ere badu loturarik musikariak. Batetik, Munich-eko Anja Pawlik diseinatzaileak (J'ai Mal à la Tête markaren arduradunak) arropa ematen dio, eta, bestetik, Cibeles moda pasarelan (Madril) zuzeneko emanaldia eskaini duen lehen tekno musikaria izan da, Roberto Etxeberria diseinatzailearen eskutik.

Nor da El_Txef_A? Nondik dator izena?
Hamazazpi urterekin demo bat egin nuen, lagunek gordeteko CD bat. Baina nire amak entzun eta Frantziako TRAX aldizkarira bidali zuen. Garai hartan ikasten ari nintzen, Andoainen, eta ezustean deitu zidaten nire demoak hilabeteko demorik onenaren saria irabazi zuela esateko. Noski, izen bat behar zuten saria iragartzeko, eta momentuan pentsatu behar izan nuen. Etxebarria nire abizena etorri zitzaidan burura, apur bat jolastu eta bota nuen: El_Txef_A! Ez dauka rollo mistikorik!

Txikitan hasi zinen musika sortzen, baita besteek egiten dutenarekin lanean ere. Zer da DJ izatea?
DJ-a musika sailkatzen duen pertsona da, eta ondoren bere aukeraketa pintxatzen duena. Nik ez dut nire burua DJ-tzat jotzen, musikari moduan nago erosoago. Egia da pintxatzeko deitzen didatela eta oso gustura egiten dudan lana dela, baina sortzaile sentitzen naiz.

Nola ikasi zenuen pintxatzen?
Nire kabuz etxean praktikatzen hasi nintzen. Kalitate eskaseko katxarroak erabiltzen nituen, eta oso zaila egiten zitzaidan. Bultzatzen hasten nintzenean ondo erantzuten ez zuten platerak nituen. Ez zen ikasteko modurik onena. Rock edo hip-hop DJ batek tempoekin jolastu dezake, edota kanta batetik bestera bortizki salto egin, baina teknoa nahiko erregularra da; trantsizioekin jolastu behar da, baina aldaketak ez dira entzulearentzat traumatikoak izan behar.

Bi disko kaleratu dituzu, ‘Slow Dancing in a Burning Room’ (2012, Fiakun) eta ‘We Walked Home Together’ (2014, Fiakun). Zure emanaldietan pintxatzen al dituzu?
Agian pare bat kanta jartzen ditut, baina ez daukat nire kantak pintxatzeko ohiturarik. Beste batzuek erabiltzen dituzte, baina nik normalean ez.

Nondik abiatzen zara kanta bat sortzerakoan?

Normalean pianoarekin hasten naiz. Teklatuaren aurrean jarri eta soinu abstraktuekin jolasean hasten naiz. Musika elektronikoan espektroa oso zabala da. Noizbait zarata batetik abiatu izan naiz… edonon topatu daiteke sortzeko inspirazioa.

Zeintzuk dira abestiak gorpuzteko erabiltzen dituzun baliabideak?
Oso aldakorra da guztia. Bateria organikoa erabiltzen dut edo drum box tresna. Beste zenbaitetan, pianoa erabiltzen dut eta horrekin batera ahotsa sartzen dut. Batzutan nik abesten dut, eta beste batzutan norbaiti eskatzen diot ahotsa sartzeko. Noizbait beste batek grabatutako biolontxeloak gustatu izan zaizkit eta doinu horiek sampleatu izan ditut. Hortik abiatuta, geruzak eta geruzak sortu. Agian, estilo amerikarraren bila banabil posible da erritmo kutxarekin batera ahotsa erabiltzea, dena erritmo lehorrekin eraiki eta abesti errepikakorra sortzeko.

Soinu guztiak digitalki tratatzen dituzula ematen duen arren, azken diskoan soinu organikoari ere tokia egin zenion.
Bai, ahotsa, gitarra, pianoa eta biolontxeloak modu naturalean sartu nituen. Baina, egia da, nolabait ‘enmaskaratuta’ daudela beti.

Ez da erraza zein estilotatik edaten duzun definitzea; pop, club… non kokatzen duzu zure burua?
Konposatzen dudan musikak pop ukitua du, baina pintxatzen dudanean tekno estilora jotzen dut gehiago, Berlineko soinura, tekno lehorra dei genezakeen horretara. Beraz, alde handia dago sortzaile bezala lantzen dudan horren eta pintxatzea atsegin dudanaren artean.

Zergatik uste duzu horrenbesteko aldea dagoela?
Ez da aldez aurretik pentsatutako zerbait. Konposatzen hasten naizenean gorputzak eskatzen didana azaleratzen dut; teknoa baino zerbait lasaiago eta sentimentalagoaren bitartez egiten dut. Pintxatzen eta sortzen dudanaren arteko koherentzia mantentzeak ez nau arduratzen. Noizbait kluben bateko arduradunak esan izan du: "Aizu, baina tipo honen diskoak oso suabeak dira", beldurrez, pintxatzerako orduan lasaiegia izango nintzelakoan.

Zure abestiak entzun dituztelako ez bada, nola kontratatzen zaitu ezagutzen ez zaituen jendeak?
Internetak zabaldu dizkit ateak. Gaur egun Soundcloud plataformarekin irisgarritasuna erabatekoa da, eta hortik kontaktatu izan naute. Denborarekin Berlineko agentzia batek nigatik interesa agertu zuen eta gaur egun hori da nire booking agentzia; emanaldiak lotu eta agenda eramaten didate. Hala ere, posible da norbait Facebook bidez nirekin harremanetan jartzea eta nik booking agentziara bideratzea. Bestalde, egia da, tekno kluben sarea hedatuta dagoela mundu osoan. Klub bat topa dezakezu eski estazio batean zein Mexikoko basamortuan!

Zein da ezagutu duzun klubik xelebreena?
Gogoan daukat Mexikalin (Mexiko) bizitakoa. AEBetatik hamar metrotara nengoen pintxatzen, eta bi herrialdeen arteko horma ikus nezakeen! Lan polita da leku oso-oso bereziak ezagutzeko aukera daukadalako; txikiak izan daitezke, baina beti xarma handikoak. Diru askorik irabazten ez badut ere, horrelakoetara joateak merezi du. Zenbaitetan aste beteko hotela ordaintzen didate, batetik bestera joatea eta pintxatzea, eta beste batzutan ez. Baina horrek ez du esan nahi merezi ez duenik.

Internetak lan aukerak eman dizkizu, baina zuk ere sare sozialak probesten dituzu egunerokotasunaren berri emateko.
Bai, kristorena da horrek ematen duen bizitza eta sortzen dituen aukerak. Beste garai batean bizi izan banintz, ez dut uste lan egiteko hainbeste aukera izango nukeenik. Zer esan bidaiatzeko aukeraz! Sare sozialetan mugitu egin behar zara, bestela jendeak uste du geldirik zaudela. AEBetara joan nintzen aurreneko aldian, Euskal Herrian ia ez nuen pintxatzen, baina AEBetako tipo bati egiten dudana heldu zitzaion eta kontaktatu egin ninduen. DJ ezagun baten sesioan entzun zuen nire abesti bat, eta denbora luzez ibili zen abesti horren egilearen bila.

Estudioa Euskal Herrian daukazu. Zuk grabatzen dituzu zure lan guztiak?
Normalean borradoreak nik egiten ditut etxean. Pieza oso konplexua baldin bada, laguntza eskatzen dut, ez bainaiz nahasketan oso trebea. Azken diskoan Tio Pete estudioetako Jose Lastrak egin zuen nahasketa. Hala ere, EP bat egiten baldin badut, tekno edo klub rolloa izango duena, hori nik bakarrik egiten dut.

Euskal Herrian entzulerik ba al dauka zuk egiten duzun musika motak?
Nazioartean bezala, hemen ere eszena egon da, Bergara aldean, adibidez. Kontua da ez duela beste eszena batzuek izan duten indarrik izan, aurreiritzi asko egon delako. Beti izan da oso estilo undergrounda eta iruditzen zait jendea ez dela horren jakitun izan. Gainera, ez dago hedabideetan, eta, hortaz, ezagutzea ez da hain erraza.

Zer aurreiritzik inguratu du teknoa?
Teknoa euskalduna ez izatearekin eta drogak kontsumitzearekin lotu izan da, baina alde kulturala gailentzen hasi da. Lehen ‘bakala’ estereotipoarekin lotzen zen, kotxe tuneatuekin-eta. Gernikan, adibidez, talka nabaritzen zen. Baina nire eta hainbat lagunen kasua bestelakoa izan da; euskaldunak gara eta ez gara estetika horretan sartzen. Denborarekin, garai bateko estigma hori indargabetzen ari dela iruditzen zait.

Nazioarteko eta Euskal Herriko errealitateen jakitun zarela, nola egokitzen duzu zure lana batean eta bestean aritzeko? Entzuleak berdin jokatzen du?
Ez dut larregi pentsatzen muga horietan. Zuk ematen duzuna jendeak xurgatu egiten du. Gehiago da zure emozioek eskatzen dizutena jartzea klubeko sesioak iraun ditzakeen hiru ordu horietan.

Eta nola moldatzen du lanak zure egunerokotasuna?
Astean zehar lan eta lan aritzen naiz. Azken finean, ni naiz nire nagusia eta lanik egiten ez badut, diru-sarrerarik ere ez dut! Ostiraletik igandera bitartean kanpoan izaten naiz. Baliteke atzerrira joan behar izatea; AEBetara edo Japoniara banoa, baliteke bertan aste pare bat pasa behar izatea. Bidaiatzen badut ahalik eta toki gehienetan jotzen saiatzen naiz, errentagarria izan dadin.

Oraintxe aipatu duzula, aurrenekoz izan zara aurten Japonian, ezta?
Bai. Kristorena izan da, aparteko esperientzia, berezia, eta asko gozatu dut. Pintxatzen ari nintzela, irudipena nuen aretoan zeudenak bakoitza bere bakardadean sentitzen zela. Begiak itxita ikusten nituen dantzan, emozioetan sartuta. Ostiral batez heldu nintzen Osakara, eta oso zoroa izan zen dena, apur bat martzianoa. Jatetxe indiar batera eraman ninduten afaltzera eta jaia bertan zela esan zidaten. Nik ez nuen ezer ez ulertzen… Jatetxe batean? Bat-batean oihal beltz bat zabaldu zuten nire mutur aurrean, oso zinematografikoa izan zen momentua, eta haren atzean garito beltz ikaragarria agertu zen, beste ezein baino undergroundagoa. Neska bat ari zen biniloak jartzen, eta ofizinetatik ateratako jendea trajez jantzita eta erdi lo. Argiztapena erabat psikodelikoa zen…. Esperientzia kuriosoa benetan!

Osakatik Tokiora joan zinen. Alde handia dago?
Tokion mota guztietako jendea topa dezakezu. Adibidez, 55 urte inguru izango zituen neska batekin egin nuen topo, Japonian rave-ak puri-purian izan ziren garaikoa… Wow! Pila bat flipatu nuen. Gero handik Shangaira joan ginen e­­­ta guztiari hartzen genion Bilboren traza! Han ez zegoen ezer berririk, aurrez ikusitakoarekin alderatuta.

Guatemalan ere baduzu proiektu bat. Zertan datza eta nola sortu zen aukera?
Nirekin harremanetan jarri zen arbaso euskaldunak dituen tipo bat; Iturri deitzen diote. Bere osabak HIESa duten gaixoak laguntzeko fundazio bat dauka, eta beraientzat bi abesti egitea proposatu zidan. Baietz esan nion eta Guatemalara joan nintzen iazko abenduan. Han ez dago ezertxo ere teknoaren inguruan. Hitzaldi bat eman genuen, nik Europako musikari bezala, eta AEBetako beste musikari batek. Gure lana nola egiten dugun erakutsi genien, beraiek ez baitaukate azpiegiturarik.

Bueltatu gaitezen etxera. Bi disko dituzu, eta baita bi zigilu ere: Fiakun eta Forbidden Colours.
Fiakun sei lagunen artean daukagun kolektiboa da. Betikoak, ikastolako lagunak. Bat arkitektoa da, beste bi musikariak…  Mugimendu handia izan dugu, Gernikan klub bat zabaldu genuelako, eta horri esker Urdaibaiko tekno mugimendu guztia guk kudeatu dugu, mugitu edo bultzatu, nolabait esateko. Baina azken batean, bakoitzak bere bizitza eta betebeharrak dauzka. Beraz, modu naturalean adostu genuen mugimendu kultural bezala ulertu eta Fiakun-ek kolektibo izaera hartuko zuela. Beste alde batetik, Forbidden Colours dago. Hori nire zigilua da, nik bakarrik daukadana. Horixe da nire bizitza.

Horrez gain, berriki entzun ahal izan zaitugu El_Txef_A Band Experience proiektuan. Bi emanaldi eskaini dituzue soilik; Bilboko Kafe Antzokian eta ‘Conciertos de Radio 3’ saioan.
Bai. Kontua da, lehenengo diskoaren harira Vienatik deitu nindutela hara lanera joateko, eta galdetu zidaten bandaren batekin proiekturik ote neukan. Volks Theater aretoaren urteurrena zela eta zerbait berezia egin nahi zuten. Antza, Beethovenek han jo zuen... eta guk ere bai! Kar, kar, kar. Berehala ikusi nuen diskoak rollo akustikoa zuela, beraz, zergatik ez aurrera egin? Bandak oso ondo funtzionatu zuen. Bigarren lana asko gustatu zitzaion Radio 3-eko Tomás F. Floresi, eta Vienarako bandarekin egindakoa ezagutzen zuenez, kontzertua grabatzea eskaini zigun.

Bandaren kontua halabeharrez sortu zen orduan. Nola lotu zineten zuen artean?
Hori kuriosoa da. Piano-jotzailea nire anaia da, Iban. Beñat Narbaiza Norman taldeko abeslaria bikoizketa kontuetan elkarrekin lan egitetik ezagutzen dut, eta bere bitartez arreba Miren eta Ander Mujika batu zitzaizkigun, Napoka Iria. Gero, Audience taldeko Hannot Mintegia ezagutu nuen… Horrela, denborarekin jendea ezagutzen joan naiz, eta proiektura batu dira. Eta gerora ere egin ditugu gauzak, adibidez, Mirenek azken diskoko Mugarrirantz abestian kolaboratu du. Zergatik ez moldaketa batzuk egin eta lagunak ere diskoan sartu?

Beraz, esan dezakegu proiektu hori diskoaren egokitzapena dela banda formatura?
Bai, rollo intimoa da. Oso pozik nago Kafe Antzokiko esperientziarekin, beste modu batera agian ez nukeelako eszenatoki horretara igotzeko aukerarik izango. Pila bat kontzertu ikusi ditut han, baina egia da nik egiten dudanak ez daukala tokirik, momentuz, horrelako plaza batean.

Forbidden Colours zigiluarekin beste musikari batzuen lanak ere ateratzen dituzu. Horretan ere jarraituko duzula suposatzen dut.
Bai, noski. Nik lanean jarraitzen dut, gauza berrien bila, sortzen, beste batzuek egiten dutena entzuten, eta, noski, Forbideen Coloursekin lana atera nahi baldin badute, primeran. Baina alor horretan nik egiten dudana minimoa da. Oso gauza txikiak dira, 300 bat kopiako kontuak. Gu mugitzen garen rolloa oso undergrounda da.

El_Txef_Aren kuttunak:


Pelikula bat: Frank (Lenny Abrahamson, 2014).
Musika talde bat: David Sylvian.
Abesti bat: A Fire in the Forest, (David Sylvian).
Soinu bat? Nire amaren ahotsa.
Liburu bat: The Path of Synchronicity (Allan G. Hunter, 2011).
Galtzeko hiri bat: Mexiko Hiria.
Miresten duzu: Nire gurasoak; infinitora arte.
Gorroto duzu: Jaterakoan zarata ateratzen duen jendea.
Zoriontsu zara: Nire albokoak zoriontsu direnean.