Elkartasun kontzertua

Elkartasun kontzertua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elkartasun-kontzertua/@@download/image/2010638265donostiako_gazte_auziperatua.jpg
2010/06/04
erreportajea
Hain zuzen ere, Esne Beltza izango da hil honen erdialdean Donostialdeko gazte independentista auzipetuen aldeko kontzertuan joko duen taldeetako bat. 

Antiguako frontoian izango da, ekainaren 19an eta gaueko 20:00etatik aurrera.

Xabi Solano eta konpainia ez ezik, Des-Kontrol, Ze Esatek eta Hesian ere egongo dira bertan; dena hil honen amaieran Madrilgo Auzitegi Nazionalean abiatuko den epaiketak gazte hauei eta euren senitartekoei eragingo dizkien gastuei aurre egiteko borondatez. Donostiako Antigua auzoko San Joan jaiek badute sona, eta hitzordu honek are erakargarriago egingo ditu aurten.


Amets gaiztoa 2007ko urriaren 30ean hasi zen, Grande Marlaska epailearen aginduz Espainiako Polizia Nazionalak Donostiako zazpi gazte atxilotu zituenean. Etxe miaketa bortitzez gain, lau eguneko inkomunikazio aldian zehar mehatxuak, tratu txarrak eta izugarrizko presio psikologikoa pairatu zutela salatu dute gerora.

Operazio beraren bigarren saioan, azaroaren 7an, Auzitegi Nazionaleko jujeak beste 19 neska-mutil arrastatzeko agindua eman zuen, baina lau besterik ez zituzten atzeman agenteek, den-denak, hori bai, gaueko ordu txikitan. Marlaskaren zorigaiztoko zerrendan ageri ziren beste 15 gazteek beren kabuz jo zuten Madrilera abendu hasieran, baina epaileak ez zien hitzordurik eman nahi izan eta Entzutegiko atarian bertan atxilo hartu zituzten.

Hortaz, eta laburbilduz, bi hilabetean Donostiako 26 gazte atzeman zituen Espainiako Polizia Nazionalak, eta horietatik 13 espetxeratu eta Espainiako ziegetan zehar sakabanatu. 11 kasutan, gainera, tratu txarrak salatu zituzten donostiarrek. Euren etxeetara itzuli ahal izateko, orotara, 192.000 euro ordaindu behar izan dituzte fidantza gisa eta, orain, hil honen amaieran abiatzekoa den epaiketaren zain daude, zortziri bakarrik eman baitiete absoluzioa. Segi erakundeko kide izatea egozten diete eta zortzi urteko kartzela zigorra eskatu dute beraientzat.

Hizpide dugun hau ez da Gipuzkoako hiriburuan bizitako estilo honetako lehenengo operazio poliziala, ezta azkena ere, eta, tamalez, Euskal Herriko beste hamaika herritan ere –Oreretan, Oiartzunen, Algortan, Markinan, Iruñean, Burlatan, Barañainen, Gasteizen, Barakaldon eta Hernanin– sartu du bere atzaparra Auzitegi Nazionalak, beti gazteak jomugan. Zorionez, elkartasuna ongi errotutako balore edo printzipioa da gurean, eta musika munduan ere badu jarraipenik. Ongi pasatuz ekarpena egiteko beta egokiak dira ekainaren 19an Antigua auzoko frontoian izanen denaren tankerako kontzertuak. Goazen!

Xabi arakama: ze esatek


Donostiarrak dira Ze Esatek taldea osatzen duten 10 mutiletatik lau, eta bertakoak dira konkistatu dituzten lehenengo plazak ere. Ekainaren 19an gazte auzipetuekin batera izango dira Antiguan, Xabi Arakama zegamarrak – trikitixa eta ahotsak– dioen moduan, “honen parte garela sentitzeko”.

Ganberro fama duzue baina, behar zaituztetenean, ez duzue hutsik egiten. Orain ere ez.
Jakina. Guk, herritar bezala, gure kezkak eta ezinegonak ditugu, eta herri hau aurrera ateratzeko, horrelako ekimenetan egon beharra dago. Gure laguntza beti emango dugu horrelako gauzetarako.

Nolakoak izaten dira oholtza gaineko sentsazioak horrelako kontzertu batean?
Guztietan izaten dira sentsazio potenteak… baina horrelakoetan gizartearen parte sentitzen gara: batzuk musikariak gara, bestea barran dabil zerbitzatzen, besteak kontzerturako taldeak lotu ditu... Sentsazioa partehartzearena da, kolaboratzaile sentitzen gara, zerbaitetarako balio dugula sumatzen dugu. Eta, beti ere, besteen pareko. Gainera, auzipetuak ezagunak badira, barruan gauza gehiago mugitzen zaizkigu noski.

Bestela, zer moduz diskoaren aurkezpena?
Oso gustura gabiltza, bizitzen ari garena ametsa da. Zenbat talde daude Euskal Herrian?! Zenbat sortzen dira?! Gu iritsi garen tokira iristea ere izugarrizko satisfakzioa da. Gainera, ondo pasatzeko egiten dugu, ez daukagu pretentsio ekonomikorik edo halakorik. Eta funtzionatu du!

Talde ezberdinetatik etorritako 10 tipo zarete. Zerk eusten du puzzle hau?Musikarekin ondo pasatzeko gogoak biltzen gaitu. Iraganean bizi izan ditugun beste proiektu batzuetan [Trikizio, The Txortains eta Harlax taldeetatik datoz, besteak beste] falta izan zaiguna bilatu dugu oraingo honetan.

"Do, Fa, Sol" filosofiakoak zaretela irakurri dut hor nonbait: kantu errazak, politak eta sarkorrak. Ez al da komertzialegia?
Bai, halako itxura ematen dugula uler dezaket, baina arrazoia xinplea da: ez daukagu gehiago egiteko ahalmenik, lanean jarri eta hauxe da ateratzen zaiguna. Batzuk baditugu ikasketak Musikenen eta abar, baina sormena talde osoarena da eta maila orokorra "Do, Fa, Sol" da; edo La minor! Ahal duguna egiten dugu, eta momentuz ondo doakigu.

Hori ere zilegi da. Beno, uda sasoirako prest?
Bai, bai! Astebururo kontzertuak ematen hasteko gogoz, batez ere, eszenatoki aurrean izaten ditugun horien guztien babesa eskertzeko.

Aitor Olaizola



Auzipetutako 18 gazte horietako bat, testigantza zuzena da berea. 

Epaiketaren gastuei aurre egiteko ari zarete lanean. Zenbateko kopuruez ari gara?
Fidantzatan bakarrik 192.000 euro utzi ditugu, eta dispertsioaren ondoriozko gastuak kalkulatzea ezinezkoa da. Epaiketari dagokionez, kalkulatzen dugu egonaldirako  bakarrik 10 eta 15 mila euro inguru beharko dugula, eta horri bestelako gastuak gehitu behar zaizkio noski: prokuradoreak… etab.

Arartekoarekin bildu zarete; zer moduzkoa izan dira harrera eta jarrera?Harrera ona izan zen, berehala hartu gintuzten eta gure mezua entzun. Hori bai, hitz politetatik haratago konpromiso zehatzik hartzeko ahalmenik ez duela esan zigun, bera guztien arartekoa delako. Hala ere, tortura kasuena eta kartzela eskari neurrigabearena begiratuko zutela esan ziguten, eta jarraituko genuela kontaktuan.

Labur-labur, zer aldarrikatzen duzue?
Hiru gauza. Lehena: proiektu politiko guztiak, independentziarena barne, askatasunez eta ilegalizazio arriskurik gabe garatzeko eskubidea. Bigarrenik, tortura arriskua saihesteko inkomunikazio-aldiak bertan behera uztea eta, azkenik, epaiketa politikoak bertan behera uztea, baita gurea ere.