Elkar ukitzea elkar ikustea edo entzutea bezain garrantzitsua da

Elkar ukitzea elkar ikustea edo entzutea bezain garrantzitsua da Ukimenaren zentzumena funtsezkoa da gure ongizaterako jaiotzen garen une beretik. Koronabirusaren krisiagatik bere galera pairatzen ari gara eta kaltegarria izan daiteke. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elkar-ukitzea-elkar-ikustea-edo-entzutea-bezain-garrantzitsua-da/@@download/image/1251725.jpg
2020/04/27

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ukimenaren zentzumena funtsezkoa da gure ongizaterako jaiotzen garen une beretik. Koronabirusaren krisiagatik bere galera pairatzen ari gara eta kaltegarria izan daiteke.
Elkar ukitzea elkar ikustea edo entzutea bezain garrantzitsua da

Maiztasunez ukitzen ginen lehen elkar. Bi muxu, muxu bat, eskua eman, besarkadak, esku bat bizkarrean, laztan bat aurpegian. Ukimenaren zentzumenarekin bizi ginen, garrantzia gehiegirik eman gabe. Izan ere, munduan egoteko gure modu naturala da. Orain ari gara ohartzen zein ezinbestekoa dugun. 

Guztiok egoera berdinean bagaude ere, baldintzak aldatzen dira. Izan ere, ez da gauza bera konfinamendua bakardadean igarotzea, familiarekin, lagunekin edo bikotean. Ukimena funtsezkoa da gure ongizaterako. Zerbait garrantzitsua besteari adierazteko gure modua da, bestea zaintzeko modua, maitasuna eskaintzekoa eta komunitate sentimendua sortzeko ere erabiltzen dugu. 

Bada elkarrekin bizita ere distantzia soziala ezarri dutenak euren etxe barruetan. Hau da, bestearekin bizi baina ezin berarengana hurbildu. Bikote baten kasua bada gogorra suertatu liteke hau. Bestea besarkatu nahi duzu, ukitu, laztandu. Alta, konfinamendua bakarrik igarotzea are gogorragoa da. Inor ezin ukitzeaz gain, ez baitaukazu bestearekin elkarrizketa zuzenik ere. Konfinamenduaren hastapenetan beharbada ez zinen ohartu, baina ziur orain jada pentsatu duzula zer sentitzen zenuen beste norbaiten azala ukitzean. Ukimenaren zentzumena da automatikoaena, eta hori dela eta, ez gara guztiz kontziente izan duen garrantziaz. 

Orain gure maitasuna erakusteko moduak aldatu egin dira, eta laztanak gure amets gaizto bilakatu dira. Gure gorputza, gure eskuak dira kutsatzeko bideak, ezin dugu gure aurpegia bera ere ukitu aurretik eskuak garbitu gabe. Ez du sexuarekin zerikusirik honek guztiak, ukimenak konexioa esan nahi du, bizipoza. Beldurgarriena, eta krisi honen agonietako bat da heriotzen ere ez dela posible gorputzak ukitzea. 


Badakigu nola erakutsi mina eta dolua gure gorputz eta malkoekin, gure amorrua botika bilakatuz laztanen bidez. Baina hori ere ukatua izan zaigu. Besarkadak kendu dizkigute batez ere, egoera txarretan lasaitzen duten besarkadak mota horiek. Besarkatzea, hemen gaudela jakiteko dugun modua da. Horrela sentitzen dugu existentzia eta bestearen epeltasuna, gure maitasuna eta enpatia helarazten ditugu. 

Hori dela eta, ez dezagun hau pasa bitarte ahaztu bestearen azala ukitzeak duen garrantzia. Horrela, egin ahal dugunean kontziente izango baikara testurez, tenperaturez eta laztan sinple batek duen esanahiaz. Energiaren elkartrukapena da eta beharrezkoa gure existentziarako. Pandemiaren erdian ordea, eztul batek gaixotu gaitzakeela jakinda, gure gorputzak arma hilgarri bilakatu dira. 

Pazientzia eduki behar dugu ordea, egoera honetatik ateratzeko aukera izan dezagun. Balio beza honek ukimenari behar duen balioa emateko, eta horrela, berriz muxu ematerakoan, berriz besarkatzerakoan, berriz txortan egiterakoan ez dadin modu automatikoan izan.