Elizaren hatzaparretan

Elizaren hatzaparretan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elizaren-hatzaparretan/@@download/image/30p20-2_1369074704.jpg
2003/05/02
erreportajea
Elizaren hatzaparretan
Jakina da Eliza katolikoak sexu errepresioa bultzatu duela urte luzez. Adituen arabera, garai batean, errepresio horrek eragin nabarmena izan zuen sexualitatea bizitzeko eta ulertzeko eran. Tamalez, katolizismoak bultzatutako uste eta tabu batzuek indarrean diraute, gaur egun ere.

Erromatarren gainbeherarekin amaitu zen mendebaldean sexu askatasunaren loraldia. Erromatarrek askatasun handiagoz bizi zuten sexualitatea kristauek baino. Esaterako, Erromatar Inperioaren azken aroan, dibortzioa onartuta zegoen eta adulterioa eta sexu orgiak eguneroko kontua ziren.

Kristautasunak hegoak moztu zizkion sexuari, haragiari uko egitea izan baita kristautasunaren zutabeetako bat, kastitatea, alegia.

Bibliaren seigarren manamenduak, espreski "haragiari uko egitea" agintzen du. Ildo horretatik, lujuria dugu bekatu nagusietako bat, hau da, haragi gosea. Eta beste muturreko bertutea: ditxosozko kastitatea. Gainera, debekatuta daude ezkontzatik kanpoko sexu harremanak, Kristau dotrinan sexuaren helburu onargarri bakarra ezkontzaren baitan ugaltzea baita.

Sexua, deabrukeria

Elizak, hasieratik, sexu plazerra deabrukeritzat jo du. Horretarako haragiari uko egiteko makina bat neurri zorrotz izan dira historian zehar, gehienak emakumezkoentzat: kastitate gerrikoak edota alu aurrean zuloa zuten ohe-ator luzeak, esaterako.

Guy Bechetel ikerlariaren hitzetan, "Elizarentzat sexua ugaltzeko tresna da eta ez behar fisikoa edo plazerra lortzeko modua. Apaizek uste hori zabaldu nahi izan dute. Garai batean, aitorpenean, sexu kontutan nola jokatu esaten zieten bikotekideei. Gainera, makina bat liburu plazaratu zituzten sexu jarrera ezegokiak edota debekuak  biltzeko. Gaur egun, fede faltarekin, eliza krisialdian da. Hala ere, Batikanoa, homosexualitatearen, kontrazepzioaren eta kondoiaren erabileraren aurka egiten saiatzen da".

Sexu iraultza

Adituen ustez, 50eko hamarkadatik aurrera, gizartea eliza katolikoaren sexu sinesmenetik ahaldenduz joan zen. 60ko hamarkadan, gainera, sexu iraultza gauzatu zen, eta horrekin batera gozamenerako bide bezala ulertzen hasi ginen sexualitatea. Hala ere,  elizak utzitako arrastoa erabat ahaztea gauza zaila da. Hala dio behinik behin Itziar Saenz de Ojer Antxeta aisialdi eskolako begiraleak. "Elizaren sexu errepresioaren ondorioz, oraindik ere tabu asko daude.
Esaterako, homosexualitatea edo biluztasuna oraindik ez daude barneratuta gizartean. Gainera, bikote heteresexualez osatutako ohiko familiaren eredua bultzatzen jarraitzen da.  Sexualitatea bizitzeko eta ulertzeko eran aurrerapausoak eman diren arren, tabu asko hor daude oraindik
".

Irudiaren aroan

Sexologoen arabera, oro har, lehen baino askatasun handiagoz bizi dugu egun sexualitatea. Hala ere, elizak utzitako tabuez gain, bada sexualitatea askatasun osoz gozatzen uzten ez digun beste faktorerik. "Gaur egun irudiaren aroan bizi gara, eta telebistak eta zinemak zabaldu dituzten eredu eta estereotipoek arazoak sotzen dizkigute. Batetik, itxura fisikoarekin itsututa gaude eta horrek eragin zuzena du sexu harremanetan. Bestetik, komunikabideek sexualitate faltsua bultzatzen dute: ez dakit zenbat orgasmo eduki behar direla, ez dakit zenbat aldiz jo behar dela larrua astero…Nire ustez, errespetua zor diogu gorputzak eskatzen duenari. Nork berak eraiki behar du bere sexualitatea bere beharretatik abiatuta, eta ez inork esanda", esan dugu Itziarrek.

Emakumea tentazioaren ikur


Adan eta Evari buruzko pasarteak emakumea tentazio objetutzat jotzen duen mitoa zabaldu zuen gizartean.

Kristautasunaren arabera, emakumea gizonezkoa galbidera eraman zezakeen izaki gaiztoa zen. “Tentazioa saihesteko hobe duzue emakumengandik urruntzea. Hala eta guztiz ere, sexu harremanak saihesteko, onena gizon batek bere emakumea izatea da”, esan zuen San Pablo apostoluak. Gauzak horrela, kristautasuna askoz ere zorrotzagoa izan da emakumeekin gizonekin baino.

Bestalde, Eliza, penitentzia liburuetan, sexuari buruzko bere ikuspegia zabaltzen saiatu da. Antisorgailuak erabiltzea ia hilketa bera bezain bekatu larria zen, eta barkamena eskuratzeko, bekatariek bi eta hamabost urte bitarteko penitentziak egin behar zituzten. Gainera, garai batean, Elizak larrutan noiz egin zitekeen ere esaten zuen: igande, asteazken eta ostiraletan ez zegoen sexu-harremanak izaterik, ezta gabonen edo jauna hartu aurreko hiru egunetan ere. Erditu ondoren, bestalde, senar-emazteek 40 egun itxaron behar zituzten sexu harremanak izaten hasteko. 

Eliz gizonek esandakoak


Gregorio Handia Aita Santua: “Gure gurasoen haragi nahia da gure jaiotzaren arrazoia eta horregatik bekatariak gara”.
San Ciprianio: “Birjinitatea Elizaren fruituen lorea da. Birjinitateak aingeru bilakatzen ditu gizonak”.
San Jeronimo: “Koitoan, ezkonkideetako batek bestea desiraz hartu nahi badu, heriotza bekatua da hori”.
Sanchez teologoa: “Senar-emazteek koitoa hilean lau aldiz baino gehiago eginez gero, bekatua da”.
Zacchie teologoa: “Emakumeak bi aldiz jarraian txortan egin nahi badu, hori bekatua da”.
Debreyne teologoa: “Emakumea masturbatzerakoan, alua kanpotik ukitzen badu, bekatu larria da, baina aluan zerbait sartuz gero, heriotza bekatua da”.