Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoak ahotsa du orain

Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoak ahotsa du orain Entzun egin daitezke proposatzen dituen itzulpenak, eta Telegram mezularitza-aplikazioan txertatu da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elhuyarren-elia-itzultzaile-automatikoak-ahotsa-du-orain/@@download/image/Elia_TTS.JPG
2023/12/01
Entzun egin daitezke proposatzen dituen itzulpenak, eta Telegram mezularitza-aplikazioan txertatu da.
Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoak ahotsa du orain

Elia-k, Elhuyarren itzultzaile automatikoak, lau urte bete ditu, eta berrikuntzak iragarri ditu Elhuyarrek. Alde batetik, TTS teknologia txertatu diote. Hala, testu bat itzultzeko eskatzeaz gain, irakurtzeko agindu diezaiokegu, eta Elhuyarrek garatutako ahots sintetiko neuronaletan entzun ahal izango dugu proposatzen digun itzulpena. Horretarako, bozgorailuaren irudia duen botoia sakatu behar da eta ahots bat aukeratu, emakumezkoa ala gizonezkoa. Orduan, esaldiz esaldi urdinez nabarmenduta ikusiko dugu entzuten ari garen esaldia. Itzulpenen kasuan bezala, sei hizkuntzatako ahotsak dauzka integratuta. Oraingoz, webgunean dago erabilgarri funtzionalitate hau, eta laster mugikorretako eta mahaigaineko aplikazioetan ere erabili ahal izango dela aurreratu dute.

Beste aldetik, Telegram aldibereko mezularitza-aplikazioan txertatu da Elia. Hala, Eliak eskaintzen dituen sei hizkuntzetako edozeinetara -euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa- itzul daitezke Telegram bidez jasotzen diren mezuak. “Elhuyar Elia” kontaktuetara gehitu behar da eta itzuli nahi den mezua hari bidali behar zaio.

Itzultzailea testu laburrak nahiz dokumentu formatudunak itzultzeko erabil daiteke, elia.eus webgunean.