El violin (Le violon) ***

Pobrezia eta injustizia nagusi diren Latinoamerikako herrialde batean bizi dira On Plutarco zaharra eta haren senitartekoak. Nekazaria ez ezik, musikaria ere bada On Plutarco. Biloba txikia lagun, inguruko herrixketan barrena ibili ohi da biolina jotzen. Semea gerrillako kidea da, eta On Plutarcoren begirunea du. Egun batean, ejertzitoak musikari zaharraren herria hartu eta sarraskia egingo du bertan. Gerrillariek ihes egingo dute, munizioak atzean utzita. Herria hartu duen kapitaina musikazalea dela ohartuta, gerrillaren munizioak berreskuratzeko plana jarriko du abian On Plutarcok. Latinoamerikako errealitate gordinaren erretratu samina dakar Francisco Vargas mexikarrak estreinako filmean. Drama hunkigarria da.