Ekintzaz betetako Errenteriako Atlantikaldia abiatuko da bihar

Ekintzaz betetako Errenteriako Atlantikaldia abiatuko da bihar Nazioarteko eta bertako artisten elkarlanek, gastronomia ekimenek, bertso-saioek eta beste hainbat jarduerek osatuko dute egitaraua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekintzaz-betetako-errenteriako-atlantikaldia-abiatuko-da-bihar/@@download/image/Kartela_2022.jpg
2022/09/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Nazioarteko eta bertako artisten elkarlanek, gastronomia ekimenek, bertso-saioek eta beste hainbat jarduerek osatuko dute egitaraua.
Ekintzaz betetako Errenteriako Atlantikaldia abiatuko da bihar

Atlantikaldia kulturgune eta musika jaialdiaren bederitzagarren edizioa bihar abiatuko da eta igandera arte hartuko ditu Errenteriako kaleak. ‘Itsas kodeak’ lelopean egituratu dute aurtengo jaialdia: “Atlantikaldiak nortasuna badu, urte hauetan guztiotan arte diziplina ezberdinen bidez eraiki ditugun lengoaia komunei esker lortu du. Eta horixe dira itsas kodeak, herrien arteko ulermenerako erabili izan diren lengoaia unibertsalak. Kontzeptu hau gurera ekarri dugu kulturen arteko elkarbizitza ahalbidetu eta sustatzeko egiten dugun apustuaren adierazgarri", azaldu du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak.

Lau gune nagusi izango ditu jaialdiak: Lehendakari Agirre plazako ‘Itsasargi Nagusian’ egongo da oholtza nagusia; Panier orubean kokatutako 'Kalekaian' artista urbanoak arituko dira; 'Herriko Plaza'-n eskaintza intimoagoa izango da, eta Foru plazako Herrixkan sorkuntza tailerrak, gastronomia ekimenak eta musika emanaldiak antolatuko dituzte.

Nazioarteko eta bertako sortzaileak ere elkartuko dituzte Itsas Elkarrizketen bidez. Baionako Kolinga taldea Iker Lauroba eta Leire Leturekin arituko da; Las Karamba taldearen erritmo latinoak Amaia Elizaran dantzariaren mugimenduekin uztartuko dituzte; Tanxugueiras galiziarra Neomak taldearekin izango da oholtzan: Les Amazones D'Afrique musikari afrikar aktibistak Tony Viser dantzariarekin eskainiko dute emanaldia eta España Circo Este talde italiarrak Moonshine Wagon laukote euskalduna izango du aldamenean.

'Nongoa Zara' izeneko bertso saio musikatua ere egingo dute jaialdian. Errenteriako ikastetxe guztietako ikasleekin prestatu dute emanaldia, jatorri aniztasua abiapuntutzat hartuta. Andoni Egaña, Alaia Martin, Aitor Sarriegi eta Maddi Ane Txoperena arituko dira bertsotan, Gari Otamendi musikariarekin batera. Gainera, Unai Gaztelumendi marrazten arituko da.

‘Kataluniar Konexioa: Rumba eta beste!’ ikuskizuna ere aurkeztuko dute. Errenteriako Herri Arte eskolak El Prat de Llobregateko Escola d'Arts en Viurekin hilabeteko elkartrukea egin zuen eta topaketa horretatik sortutako musika eta dantza ikuskizuna da, Kataluniako eta Euskal Herriko doinuak uztartzen dituena.

Gastronomiari dagokionez, Errenteriako jatorri ezberdinetako herritarrek Sergio Cuartero sukaldariarekin batera egindako lanetik sortutako pintxoak dastatu ahal izango dira Herrixka gunean.

Egitarauaren inguruko xehetasun guztiak hemen kontsulta daitezke. Ekintza jakin batzuetarako nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea