Ekimen eredugarria: Iparkor

Ekimen eredugarria: Iparkor https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekimen-eredugarria-iparkor/@@download/image/22p10-1_1369854425.jpg
2002/09/06
erreportajea
Alberto Irazu
Ekimen eredugarria: Iparkor
Iparkor elkarteak CD-bilduma plazaratuko du irailean Ipar Euskal Herriko 13 talderekin. Talde gehienak hardcore eta metal esparrukoak dira.

Iparkor elkartea duela bi urte sortu zen. Jon Eiherabide beskoiztarrari eta Pabe-ko bere lagun bati Ipar Euskal Herriko musika taldeen berri emango zuen webgunea sortzea bururatu zitzaien. Berehala, Donibane Lohizuneko gaztetxean bilkura egin zuten musika taldeek. "CD bat karrikaratzea bururatu zitzaigun hemengo taldeak ezagutarazteko, ez soilik Hego Euskal Herrian, baita Frantzian eta Espainian ere" diosku Jonek. Dirua biltzeko, bi kontzertu egin zituzten iaz Donibane Lohizuneko gaztetxean. Diskoa ere bertako gela batean grabatu zen, eta egun elkartearen bulegoa ere gaztetxean dago.

Gehienak euskaraz

Iparkor-en diskoa hil honetan plazaratuko da. Bertan Ipar Euskal Herriko 13 talderen kantu bana jaso da. Grabazioaz Lisäbo taldeko Karlos Osinaga arduratu da, eta mila ale karrikaratuko dituzte, guztira.

Jon Eiherabideri eman diogu hitza: "Hemen bada potentzial handia musikaren alorrean. Motibatutako taldeak daude. Aukera emanez gero, oso positiboa izaten ahal den mugimendua sor liteke".

Bilduma honetako talde gehienek euskaraz abesten dute. "Nahiz eta gero, tamalez, egunerokoan askotan frantsesez mintzatu", diosku Jonek.
Hastapenean zenbaitek gaizki ikusi zuten frantsesez edo ingelesez abesten zuten taldeak Iparkor elkartean sartzea. Baina azkenean halaxe egin zen. "Elkartearen xede bakarra musika laguntzea baita", dio Jonek.

Tamalez, muga oztopo zeharkaezina bihurtzen dugu zenbaitetan. Izan ere, Ipar Euskal Herriko musikariek mugaz bestaldeko taldeak jarraitzen dituzte, baina kontrako norabidean erabateko ezezagupena dago. "Hartuemanak sortu behar dira"- diosku Jonek- "hango eta hemengo elkarteek elkar ezagutu eta ekintzak elkarrekin antolatzeko. Gu, bederen, prest gara". Horra hor eskaintza.

Telefonoa: 0033687193702. (Jon).
www.iparkor.ht.st

Diskoko taldeak



Argia
Hendaiarrak. Zazpi lagun dira. Hardcore-metala, hip hop ukituko hitzak, funk pittin bat eta DJ bat. Zenbait kontzertu erraldoitan aritu dira. Maketa bat dute kalean. Frantsesez abesten dute.

AK
Beskoitarrak. Le-hen AK-47 izenez aritzen ziren. Estilo askoren eragina izan dute: metala, hip hopa eta abar. Azken boladan giro ilunagoak sortzen ari dira, Dut eta Lisäbo bezalako taldeen eraginez. Abesti guztiak euskaraz.

Izate
Donibane Lohizune. Pop-etik metalera doan musika. Clerck abeslariak biziki ahots ona du. Hitzak euskaraz dira, olerki moduan idatziak. Oraindik ez dira zuzenean aritu.

Tetsuo
Donibane Lohizune-Baiona. Grind-corea, gitarra riff indartsuekin. Oso bortitza. Bost lagun dira taldean eta bi abeslari dituzte: bata neska, bestea mutila. Oraintsu maketa bat karrikaratu dute. Ingelesez.

Kolpe-K
Uztaritze. Bide luzea egina dute musika munduan, oraingo taldearekin 2-3 urte daramatzatze. Ezpeletan izandako Haikaldian arituak dira, adibidez. CD bat grabatu berri dute Karlos Osinagarekin. Abesti azkarrak eta sanplerrak. Euskaraz.

Mahamudra
Psycho-groove musika, bitxia. Eskoletan ikasitako musikariak, maila handikoak. Baterijoleak 13 urte besterik ez ditu. Euskal Herrian Zuzenean jaialdian aritu ziren. Maitane abeslariak ahots ederra du, eta violloncelle elektrikoa jotzen du, gainera. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Eelam
Baiona. Musika iluna, gorrotoz betea, indartsua. Bi gitarra, kantaria, baterijolea… eta bi baxujole! Euskaraz abesten dute.

Ikus
Garazitarrak. Sei lagun dira. Metal-funk nahasketa egiten dute, sanplerraz lagunduta. Taldeak laster Bordelen grabatutako bigarren CDa karrikaratuko du.

Ikara
Donibane Lohitzune. Sei lagun ari dira, eta bost urte daramatzate elkarrekin. “White metal” esaten diote beren musikari, “black metal” delakoari kontrajarri eta energia positiboa eskaini nahian. Hardcorea, erritmo latinoak eta funk ukitua. Euskaraz.

Excise
Baiona. Maketa bat dute, eta laster bigarrena kaleratzear dira. Death-core iluna egiten dute, gaztelaniazko hitzekin. Bi kantari ari dira taldean, bata bortitza eta bestea melodikoagoa.

Arachnopiphalus
Baiona. Dixpachte taldearen errautsetatik sortutako proiektua. Trash iluna egiten dute. Agian, hauxe da Iparkor kolektiboko talderik bortitzena. Ingelesez eta frantsesez abesten dute.

Kontuz
Garazi. Lur-hardcorea egiten dute, utzitako baserri batean entseiatzen dute eta. Oso mezu positiboak igortzen dituzte, guztiak euskaraz. Oso ikusgarriak dira zuzenean, batez ere kantaria.