Ekainean, autodeterminazioaren aldeko festa Lazkaon

Ekainean, autodeterminazioaren aldeko festa Lazkaon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekainean-autodeterminazioaren-aldeko-festa-lazkaon/@@download/image/20125164506nazioen_mundua_2.jpg
2012/12/13
berria
Ekainean, autodeterminazioaren aldeko festa Lazkaon
Azken asteotan 'Gazte Zati Bat' dokumentala estreinatu dute, eta milaka lagun hurbildu dira zinema aretoetara berau ikustera. Euskaldunok gure etorkizunari buruz erabakitzeko dugun eskubidearen inguruko lan polita egin dute Idiazabalgo Nazioen Mundua herri ekimeneko kideek. Horrekin loturik, 'Gure esku dago' lelopean autodeterminazioaren aldeko egun osoko festa antolatu dute ekainaren 9an Lazkaon. 

Herritarrengandik herritarrentzako sortutako mugimendua da, euskaldunok ere munduan gure gazta zatia izateko dugun eskubidearen alde lan egiteko tresna moduan baliatu nahi dutena. GAZTEZULOn elkarrizketa egin diogu Angel Oiarbide Nazioen Mundua-ko kideari, eta berak adierazi digu herriko kirol taldetik hasitako ekimena handi egin dela lau urteko ibilbidean.

Atzerrira bidaiak, jaialdi handiak (Euskal Herria-Scotland bezalakoak), aldarrikapen ekintzak, elkarretaratzeak… Denetik egin dute Idiazabaldarrek. Guztiak elkarturik, ezberdintasun ideologikoetatik haratago, euskaldunok batzen gaituena indartu nahi izan dute: erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka.

Horri loturik, egun osoko festa antolatu dute Lazkaon ekainaren 9an. Eguerdian hasiko da jaia, kale animazioarekin; herri bazkaria, flashmoba, sagardo dastaketa, asto-kaka lehiaketa berezia eta amaitzeko, kontzertu bikainak izango dira. Egun koloretsua izan dadin nahi dute antolatzaileek, giro aparta sortu eta denon parte hartzea bultzatzeko. Hurbildu ongi pasatzera!

Egitaraua


13:30ean, Kale animazioa
Lazkaoko musika eskolako trikitilariak

14:30ean, Herri bazkaria
Plazako frontoian izango da, eta sarrerak salgai daude Goierriko ohiko lekuetan

18:00etan, Flashmob erraldoia
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen eskutik, Eskuetan kanta dantzatuko dute hurbiltzen diren guztiek

19:30ean Sagardo festa
Sagardoa dastatu eta taloak probatu ahal izango dira

19:30ean, Asto Kaka lehiaketa
Aurrez finkatutako eremua zati txikitan banatuko da, eta astoak askatuko dira bertan. Parte hartu nahi dutenek zati bakoitzari dagokion txartela erosi behar dute, eta astoak bertan kaka eginez gero, saria lortuko dute.

22:00etan, Kontzertuak
Lauroba eta Esne Beltza taldeak igoko dira taula gainera