Ekainaren 15ean, Kriston Fest 2013 Bilbon

Ekainaren 15ean, Kriston Fest 2013 Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekainaren-15ean-kriston-fest-2013-bilbon/@@download/image/kriston_fest_20_1370588095.jpg
2013/06/07
berria
Ekainaren 15ean, Kriston Fest 2013 Bilbon
Azken orduko aldaketak tarteko, antolatzaileek jaialdiaren kartela egokitu behar izan duten arren, datorren larunbatean, hilak 15, Kriston Fest 2013 rock festa egingo dute Bilboko Santana 27 aretoan. 19:30ean zabalduko dituzte ateak.


Aurten bigarren urtez egingo dute Kriston Fest jaialdia Bilbon. Iazko arrakasta ikusirik, Euskal Herri osoko rock zaleak erakarriko dituen jaialdi indartsua prestatzea, eta horretarako, nazioarteko musikari entzutetsuak gonbidatzea izan da bigarren edizio honen helburu nagusia, baina azken orduko aldaketak tarteko, lau beharrean hiru izango dira Santana 27ko eszenatokira igoko diren taldeak.

Izan ere, antolatzaileek aste honetan jakinarazi dute Karma to Burn talde estatubatuarrak gurean eskaini behar zuen kontzertua bertan behera uztea erabaki duela, Parisen eta Berlinen eman beharrekoekin batera. Europatik egingo duten bira ekainaren 20an hasiko dute, beraz.

Horregatik, eta moldaketak egiteko epea oso murritza zela kontuan harturik, antolatzaileek talde berririk ez ekartzea erabaki dute, beronen presentzia ziurtatzea oso zaila izango litzatekeelako. Honenbestez, Truckfighters, Orange Goblin eta Clutch ariko dira datorren larunbatean, ekainak 15. Hori bai, hasiera batean jaialdirako prest zuten kanta zerrenda egokitu eta emanaldi luzeagoa egingo dutela iragarri dute hirurek, zaleak konpentsatzeko. 19:30ean zabalduko dituzte aretoko ateak.

Sarrerak itzultzeko aukera
Aldaketa tarteko, antolatzaileek sarrerak itzultzeko aukera emango diete Karma to Burn taldearen hutsagatik emanaldietara joateko interesa galdu duten horiei. Nork bere tiketak erosi dituen lekura joan beharko du horretarako.