Ekainak 28: Borrokarako gay

Aipatu bezala, festa eta protestak gaurko egunez ospatzen dira, 1969ko ekainaren 28an New York-eko Stonewall pubean gertatuko istiluen ondorioz. Jazoera hauek izan ziren mugimendu homosexuala askatzearen aitzindariak. Hasieran izandako istiluak manifestazio espontaneo eta biolento bilakatu ziren 1869ko ekainaren 28ko goizaldean, StoneWall pubea, homosexualen aurka burututako polizia sarekada baten aurka protestatzeko. Egun horretan lehen aldiz, homosexualen jazarpen sistematikoa onartzen zuen botere politikoaren aurka altxatu zen LGTB komunitatea. Ordutik, urtero istilu horiek oroitzeko manifestazioak burutzen hasi ziren; denborarekin protestak festa bilakatu dira eta mundu osora zabaldu.
HOMOSEXUALITATEAN HISTORIAN ZEHAR
Halere, egun normalizazioaren bidean goazen arren, historian zehar traba ugari jasan izan ditu aniztasun sexualak. Garai ezberdinek orduko kultura dominantearen estandarrak jarraitu izan dituzte. Gure mendebaldeko gizartea, 2000 urtetan zehar kristautasunaren tradizioak markatuta mugitu izan da, aurretik ordea beste zenbait kultura egon dira euren sinesmen eta kultura ezberdinekin.
Historiaurrea
Historiaurreko sexua orain dela gutxira arte tabua izan da. Garai horretaz egin diren ikerketa gehienak ez dira sexuan zentratzen edo zuzenean ez dute aipatu ere egiten. Eta noski, sexuaz gutxi hitz egin bada homosexualitateaz gutxiago. Nahiz eta ezkutatzen saiatu diren, jakin da maiztasunez praktikatzen zela sexua historiaurrean. Egungo ikerketek adierazten dutenez, ugaltze helburuetatik harago, momentuko plazera bilatzera ere bideratua zegoen garai hartako sexua, oraindik ez baitzegoen argi ugaltzea eta sexuaren arteko harremana. Beraz, historiaurreko gizakiak sexua eskrupulorik gabe gozatzen zuen eta lagunaren generoak ez zuen garrantzia berezirik. Horren harira, ebidentzia ugarik baieztatzen dituzte praktika homosexualak onartuak zeudenaren teoriak, nahiz eta XIX. mendeko ikertzaileek hori zentsuratu nahi izan zuten. Ordutik, kolonaurreko garaitik hasi, eta aitzinako Egipto eta Greziarekin jarraituz homosexualitatea presente egon da.
Kolonaurreko garaia
Espainiarren kolonializazioaren aurretik indigenen artean praktika sexual homosexualak existitzen ziren. Indigenek maskulinoa eta femeninoa ohoratzen zuten maila berean. Garai hartako Amerikan homosexualak bereziak zirela uste zen, eta naturaz gaindiko botere magikoak zituztela. Horregatik pentsatzen zen beraiek ondoan edukitzeak zorte ona zekarrela.
Aitzinako Egipto
Garai honetan, homosexualitatea toleratzen bazen ere, ez dirudi ongi ikusia zegoenik. Halere, 1964an, hilobi batean egunerokotasunarekin zerikusia duten eszenak aurkitu ziren. Bertan, garaiko goi funtzionarioak (Nianjjnum eta Jnumhote) elkar besarkatzen azaltzen dira. Aitzinako historiako bikote homosexual dokumentatuena dira egun.
Grezia
Aitzinako Grezian, homosexualitate maskulinoa oso hedatua zegoen. Ohikoa zen 13-17 urteko mutikoak gizon heldu baten maitale izatea. Gizon heldu hau arduratzen zen mutikoaren hezkuntza politiko, sozial, zientifiko eta moralaz. Euren jainko mitologikoetan ere ugariak dira adibide homosexualak. Gizarte helenikoan horrelako jokabideek zentsura gutxi jasaten zuten, gizonezkoei dagokienez bederen. Inork ez zuen pentsatzen praktika sexual hauek euren gizontasuna ezbaian jartzen zuenik.
Erromako Inperioa
Grekoen eraginpean zegoen garaiko erromatar zibilizazioa. Erromatarren jainkoak grekoen ia berdinak dira, izenak aldatuz. Praktika sexualetan ere, grekoen eragina nabarmena da. Esaten denez, Inperioko lehen hamabost enperadoretatik hamalau homosexualak izan ziren. Errepublika garaian Zizeronek argi esan zuen ez zela ilegala gizon batek beste gizon bat landetara eramatea berarekin plazer erotikoez gozatzeko. Hiritar erromatar batek (askea baldin bazen behintzat) sexua izan zezakeen inongo konplexurik gabe bere emaztearekin etxean, beste gizon batekin komun publikoetan, prostituta batekin burdeletan, edota esklabo batekin iskina ilun batean. Jaso zezakeen kritika bakarra zen ez jakitea gauza bakoitza bere lekuan mantentzen. Alta, antolakuntza gaitasun handiak zituztenek ez zuten inolako kritikarik jasotzen praktika sexual aldakor hauengatik.
Kristautasuna
Kristo ondorengo VI. Mendean homosexualitatea debekatu zen, batez ere kristautasunaren hedatzeagatik. Kristautasuna garaiko modako erlijioa bilakatu zen Erroman eta honek, homosexualitatearen aldeko joera zuten beste erlijioen aurka egin zuen. Sentsualitatea eta desira sexualak zerbait txarra bezala ikusten hasi ziren, sexua ugaltze helburuetara mugatuz.
Homosexualitatea Erromatar Inperioa ondoren
Erromatar Inperioaren dekadentziak bat egiten du homosexualitatearen inguruko jarrera aldaketekin. Azken urteetako aurkako jarrerengatik eta Erdi Aroaren etorrerak amaiera eman zion homosexualen aldeko jarrera irekiari. Honela, inkisizioa iritsi zen eta arautik kanpo ateratzen ziren praktika sexualak gogor zigortzen hasi ziren.
Intelektualismoaren sortzeak eta protestantismoak ere ez zuten gehiegi egin kontrako jarrera hau gutxitzeko. Alderantziz, zigor gogorragoak ezarri zituzten. Frantziak joera homosexualak testikulu edo zakilaren erauztearekin zigortzen zituen. Jokabidea oso larria kontsideratzen bazen sutan erretzen zituzten. Henry VIII-enak Ingalaterran ere homosexualitatea debekatu zuen 1533. urtean. Poliziak zorrotz zelatatzen zituen Molly Houses deitutakoak (garaiko burdel maskulinoak) eta horiek bisitatzen zituztenak heriotzara kondenatzen ziren. Praktika honek XVIII. mendera arte iraun zuen.
Egun Estatu Batuak bezala ezagutzen dugun lurraldean ekintza homosexual batengatik zigortutako kondena zaharrena Saint Augustinen, Floridan, izan zen 1566an. Armadak gizon bat exekutatu zuen. AEBetan heriotza zigorra mantendu zen “sodomitentzat” 1779. urtera arte. Urte horretan Thomas Jeffersonek proposatu zuen Virginiako estatuan krimen hauentzat heriotza zigorra beharrean kastrazioa aplikatzea. Zenbait estatu iparramerikarrek zigor hauek berrikusi dituzte urteetan zehar eta egungo lege gehienak praktika homosexualak babesten dituzte. Bestalde, Iraultza Frantsesak berekin praktika sexual hauek zigortzen zituen legearen bukaera ekarri zuen 1810ean. Ingalaterran ere heriotza zigorra ezabatu zen homosexualentzat.
Egun ordea oraindik herrialde ugari dira munduan homosexualitatea edo besterik gabe ezberdin izatea, zigortzen duena. Homosexualen historia zoritxarrez, oraindik ere, abusu, aurreiritzi, min eta heriotzaren historia da. Alabaina, pertsona homosexualak betidanik existitu dira eta historian euren lorratzak utzi dituzte, erakutsiz aniztasun sexuala gizakiaren sortzetiko ezaugarria dela.
2019ko Ipar Euskal Herriko homofobiari buruzko datuak
Gurera etorriz, Hego Euskal Herriko datu gaurkoturik aurkitu ez badugu ere, orain dela hilabete batzuk Ipar Euskal Herriko LGTB+ elkarte Bascosek homofobiari buruzko lehen inkestaren emaitzak argitaratu zituen. Galdeketa internet bidez burutu zen urtarrila-martxoa bitartean eta urtero egiten jarraitzeko asmoa plazaratu zuten. Galdetutako 247 pertsonen herenak erasoak jasan dituztela aitortu dute. Emaitza zinez larria.
Galdeketen arabera, eremu publikoan egiten diren hitzezko erasoak dira ugarienak. Galdetutakoen %18,7k beldurra sentitu dute noizbait; %87,9k zeharkako oharrak jasan dituzte; ahozko erasoak berriz, %43k eta eraso fisikoak %8,4k. Aipatzekoa da erasoak ugariak izan arren, eraso horietatik %9 soilik salatu direla. Inkestatutakoen artetik 142 gazteak dira eta horietatik herenak baino gehiagok eskolako eremuan deseroso sentitzen direla aipatu dute. Bildutako datuen arabera, erasoen laurdenak eskola eremuan gertatzen dira, eta %13,2 kirol edo aisialdiko momentuan. Alta, lan eremuan ere galdetutakoen laurdenak deserosotasunak sentitzen dituela aitortu du eta inkesta bete duten pertsonen erdiak diskriminazioaren testigu izan dira.
Estatu frantses mailan, LGBT+ kolektiboko 1.200 pertsonei egindako inkesta plazaratu du aste honetan “Le Monde” egunkariak. Bertan azaltzen da sei pertsonetatik bat erasotua izan dela eta horietatik %7 eraso fisikoak izan direla. Aurreko urteko datuekin alderatuta kopurua bikoiztu egin da. Aipatu bezala, Espainiar Estatuko datu eguneratuak eskura ez baditugu ere, beste urtetako datuak egunkari honek argitaratutakoen oso antzekoak dira.
Honen aurrean, ezinbestekoa da sentsibilizazio kanpainak martxan jartzea. Horrez gain, hezkuntza zentroetan prebentzioa lantzea ere zinez da garrantzitsua, hezkuntza baita guztiaren oinarria. Bestalde, homofobia edota transfobiaren biktimei lagundu diezaieketen erakunde eta eragileen berriak zabaltzea ere beharrezkoa da, ikus dezaten horrelako erasoen aurrean ez daudela bakarrik. Arazo hau guztiona baita, eraso bat, arrazoia dena delakoa dela ere, onartezina da eta guztion askatasuna mugatzen du. Halere, gaur lortutakoa ospatzeko eguna ere bada. Beraz, harro aurrera!
MUNDU MAILAKO DATUAK
72 herrialdeetan homosexualitatea ilegala da.
26 herrialdeetan homosexualitatea heriotzarekin zigortzen da.
12 herrialdeetan homosexualen elkartze zibila onartzen da.
25 herrialdeetan sexu berdineko bikoteen ezkontza onartzen da.
72 herrialdek orientazio sexualean oinarritutako lan bazterketa debekatzen du.
43 herrialdek orientazio sexualean oinarritutako gorroto jarrerak debekatzen dituzte.
36 estatutan, AEBetan, homosexualen arteko ezkontza onartzen da.
EZAGUTZEN AL DITUZU ORIENTAZIO SEXUAL EZBERDINEN BANDERAK?

















Ginesexualitatea: Erakarpena emakumearekiko, baita gizon femininoekiko ere.




