Ekai Txapartegi: "Desobedientzia zibilaren zentzua ekintza da"

Ekai Txapartegi: "Desobedientzia zibilaren zentzua ekintza da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekai-txapartegi-quotdesobedientzia-zibilaren-zentzua-ekintza-daquot/@@download/image/58p40-1_1366201599.jpg
2005/12/02
elkarrizketa
Unai Brea
Ekai Txapartegi: "Desobedientzia zibilaren zentzua ekintza da"
Ekai Txapartegi 29 urteko zarauztarra da. Orain dela hamar urte intsumitu egin zenetik, hainbat desobedientzia ekintzatan parte hartu du. Aspaldi bururatu zitzaion orain Txalapartak kaleratu duen "Desobedientziaz ibiltzen" liburua idaztea. Ekai Txapartegi filosofian doktorea da, eta gaur egun Kaliforniako Berkeley unibertsitatean ari da, ikerketa lan bat egiten. 

Zer espero behar dugu "Desobedientziaz ibiltzen " liburua hartzerakoan? Desobedientzia zibilaren inguruko lan teorikoa, desobedienteentzako aholkuak, adibide praktikoak, edo hori dena, aldi berean?
Lehenbizi auzia argitzen saiatzen naiz, kontzeptuak ondo definituz, adibide errazak baliatuz eta abar. Ondoren euskal desobedientzia zibilaren eztabaidari heltzen diot, euskal desobedientzia zibilak errepublikarra izan behar duela defendatzeko. Eta hor bukatzen da liburua. Dena dela, argitaletxeari eman nion lehenengo bertsioan, aholku praktikoak ere bazituen liburuak. Baina ondoren, zati hori kentzea aholkatu zidaten. Oso garrantzitsua iruditzen zait jendeak desobedientzia zibilaren alderdi praktiko hori ere ezagutzea. Izan ere, zertarako irakurri desobedientzia zibilaz, desobeditzeko asmorik ez bada? Desobedientzia zibilaren zentzua ekintza da, legea hartu eta bihurritzea, legezko bidegabekeriak lehen bait lehen amai daitezen.   

Beharbada, Euskal Herriko errealitatea ezagututa, gaiari buruzko gauza gutxi idatzi direla ematen du...

Nik alderantzizkoa uste dut. Alegia, Euskal Herrian gehiegi idatzi da desobedientzia zibilari buruz, hain justu, ezer ez egiteko. Zentzu horretan, nire liburua desberdina izateko itxaropena dut. Ez dut desobedientzia zibilari buruz idatzi nire pasibitatea justifikatzeko. Eta mina emango lidake, norbaitek, bere koldarkeria justifikatzeko nire liburua aipatuko edo erabiliko balu.  

Iruditzen zait, hala ere, desobedientziak apur bat behera egin duela azken boladan Euskal Herrian. Zuk zer uste?

Bai, arrazoi duzu. Behera egin du. Baina, dena dela, nire ustea zuzena bada, gora ere egingo du. Ez, beharbada, laster batean, orain beste lehentasun batzuk daudelako. Beharbada, nork daki, hemendik hamar urtera. Baina gora egingo du, hori ziur.

Zergatik zaude hain ziur?

Gizakiaren joera delako normalizazioa bilatzea. Alegia, gu euskaldunak izatea da normala eta, hortaz, sekula ez da normala izango gu espainolak edo frantziarrak izatea. Horregatik, euskaldunok, lehenago edo beranduago, euskaldun gisa bizitzeko erabakia hartuko dugu, eta horrek, jakina, desobedientzia zibila esan nahi du.