Eibarko bizikleta tolesgarriek 60 urte!

Bizikleta tolesgarrien lehen modeloak 1960an ikusi zuten argia Beistegui Hermanos (BH) enpresan eta José A. Garsón-ek diseinatuak izan ziren. Paseorako U formadun eskulekua zuten bizikleta tolesgarritk bi posizio onartzen zituzten (irekia edo itxia) inolako tresnarik erabili beharrik gabe. Aurretiaz enpresa jada hasia zen esperimentatzen bizikleta tolesteko zenbait modurekin, baina 75-500 sistemaren sinpletasunak bere funtzionalitatea gehitu zuen eta ekoizpen kostuak gutxitu. Hasiera batean 20-30 bizikleta egiten zituzten egunean, bi urteren buruan 600-700 bat ekoizten ziren.
Bizikletaren kontzeptu berria hau sekulako eraberritzea izan zen, maletategian kabitzen baitzen eta modu horretan arazorik gabe edozein lekura eraman baitzitekeen. Seat 600 arrakasta betean zegoen garaian eta jendea kostara oporretara joaten hasia zenean sekulako abantaila bihurtu zen bizikleta tolesgarri bat edukitzea.
Enpresa
Eibarren jaio zen 1909. urtean Beistegui Hermanos (BH) enpresa Cosme, Domingo eta Juan Beistegui anaiek osatuta. Hasiera batean enpresa armak ekoiztera zuzendua bazegoen ere, lehengo mundu gerrak sortutako krisiagatik bizikletak sortzen hasi zen. Emaitza: bizikleta arin eta fidagarriak.
50. hamarkada hasieran ziklomotorrak ekoizten hasi zen enpresa, baina berehala baztertu zuen ideia merkatuan zegoen lehia gogorragatik. 1957. urtean Gasteizera igaro zen eta bertan erabaki zuen bizikletaren sektorean espezializatzea lehen bizikleta tolesgarriak eta lehen bizikleta estatikoak merkaturatuz. 60. hamarkadan sekulako hedapena bizitu zuen egunean 3.000 bizikleta ekoiztuz. 80. hamarkadan izena aldatu zuen enpresak Bicicletas Alava S. A. (Bialsa) bihurtuz. Ordurako mendiko bizikletak ere ekoizten zituen, Europako lehen enpresa izanik sektore horretan.
Aurrerago, 90. hamarkadan Gitane enpresa bereganatu zuten eta beranduxeago Peugot, biak Frantziarrak; eta Mexikoko Mercurio enpresa ere Gasteiztarrarena bilakatu zen. Izen baten azpian bateratu ziren enpresa guzti hauek: Cycleurope.
XX. mende amaierarekin batera arazoak sortu ziren ordea. 1996an Cycleurope taldea saldu zuten Espainia eta Portugalgo merkatuetan zentratuz. 2006. urtean Gasteizeko enpresako langileak gutxituz joan ziren 2010. urtean ateak itxi zituen arte. Halere, ez dira inoiz ahaztu bizikleta mitiko horiek. Hain justu, gaur 60 urte merkaturatu ziren eta oraindik jende askok gogoan ditu.