EHZ festibala amaitu da, kaltetuta

EHZ festibala amaitu da, kaltetuta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehz-festibala-amaitu-da-kaltetuta/@@download/image/2010752901EHZ_Kartela.jpg
2012/12/13
berria
EHZ festibala amaitu da, kaltetuta
Urteurren gazi-gozoa izan da 15. hau. Jaialdia pasatuta, lehenengo balorazioa egin dute antolatzaileek eta ez dute, ez, kezka ezkutatu. Ostiraleko ekaitzak gaualdia bertan behera uztera behartu zituen eta, hurrengo orduetako erantzun gaitasuna saritzekoa izan zen arren, galera ekonomikoa 200.000 eurokoa izan da.

Ostiral gaueko ekaitzak materiala suntsitu zuen antolatzaileek adierazi zutenez baina, hala ere, Herriko Etxearekin eta aseguru-etxeko arduradunekin hitz egin ostean, burua altxa eta festibalarekin aurrera segitzea deliberatu zuten. 700 laguntzaileen lanak ahalbidetu zuen aurreikusita zituzten 60 ekimenetatik 36 salbatzea, eta publikoaren erantzuna ere “zoragarria” izan zela deliberatu zuen Elixabet Aizager lehendakariak. Esate baterako, larunbatean 5.000 bat lagun hurbildu ziren Heletara eta beste 7.000 inguru igandean. Bestalde, ostiralean jotzerik izan ez zuten zenbait taldek ere, jaialdia sostengatze aldera, berriz joateko konpromisoa azaldu dute; tartean Gojira eta Casey bandak.

Autofinantzamendua izan da hastapenetik EHZ jaialdia ezaugarritu duena, baina filosofia horri eustea orain beste inoiz baino zailagoa dela aitortu dute antolatzaileek. “Gure nahikeria da festibalarekin jarraitzea, baina gure geroa neurri batean erakundeen esku dagoela erran beharra dago”, azaldu zuen Eneko Gorri komunikazio arduradunak. 200.000 euroko galera horrek zauritu eta kinka larrian jarri du festibala, baina burua altxatu eta aitzina egiteko gai izango da, ziur.