EHrZ musika lehiaketaren finala heldu den apirilaren 1ean iraganen da, Miarritzeko Atabal aretoan

EHrZ musika lehiaketaren finala heldu den apirilaren 1ean iraganen da, Miarritzeko Atabal aretoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehrz-musika-lehiaketaren-finala-heldu-den-apirilaren-1ean-iraganen-da-miarritzeko-atabal-aretoan/@@download/image/20112225849atabal-kartela.jpg
2012/12/13
berria
EHrZ musika lehiaketaren finala heldu den apirilaren 1ean iraganen da, Miarritzeko Atabal aretoan
Parte hartu nahi duten talde guztiek otsailaren 23a dute izena emateko azken eguna.  Hiru finalistek, Atabalen zuzenean aritzeko aukera izango dute, Willis Drummond eta Punish Yourself taldeekin batera.

Euskal Herria Zuzenean hiru eguneko musika jaialdi hutsa baino askoz gehiago da. Horregatik, uztailaren 1, 2 eta 3 egunetan Heletan biziko dena baino lehenago, beste hainbat ekimen ere jarri dituzte martxan.
Aurtengoa ez da EHrZ musika lehiaketaren lehenengo ekitaldia izango. Iaz, adibidez, 60 bat talde lehiatu ziren Atabalen jotzeko esperantzarekin eta, zergatik ez, festibalean ere oholtza gainera igotzeko itxaropenarekin. Izan ere, euskal talde guztiei eszena gainera igotzeko parada eskaintzea da EHZ elkartearen helburu nagusia.
Otsailaren 23an amaituko da izena emateko epea. Interesa dutenek, webgunean eskuragai dagoen formularioa bete besterik ez dute egin behar. Ondoren, epaimahaiak 12 talde aukeratuko ditu, eta horietatik aterako dira hiru finalistak. Lehenengo biak epaimahai inpartzial batek hautatuko ditu baina hirugarrena publikoaren esku geratuko da.
Final handia heldu den apirilaren 1ean iraganen da Miarritzeko Atabal aretoan, eta hiru bandek eszena erreferentziazko bi talderekin konpartitzen ahalko dute: Willis Drummond eta Punish Yourself. Zuzenekoa bertatik bertara jarraitu nahi baduzu, sarrera eskura dezakezu Atabalen bertan edo sarean: www.ehz-festibala.com, eta fnac edo ticketnet atarietan.
Irabazleak eskuratuko duen saria ez da makala: EHZ 2011 festibalean eta Donostiako Aste Nagusian jotzea.
Dena dela, musika ez ezik, besterik ere izango da apirilaren 1ean Miarritzen. Goizean, Irudikatu deituriko erakusketa ibiltaria estreinatuko dute. Erakusketa 'Mugetatik'at!' EHZren urteko lemari lotutako sorkuntza grafikoez osatua izanen da.
Arratsalde bukaeran, kolektibo alternatiboen herrixka baten bidez, publikoak musika ekoizteko eta kontsumitzeko beste modu batzuk ezagutzeko aukera ukanen du, lehiaketako kontzertuak gozatu aintzin.