Ehiza eta mendizaletasuna, kontzeptu kontrajarriak?

Ehiza eta mendizaletasuna, kontzeptu kontrajarriak? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehiza-eta-mendizaletasuna-kontzeptu-kontrajarriak/@@download/image/57p48-1_1366320838.jpg
2005/11/04
elkarrizketa
Orkatz Goenaga
Ehiza eta mendizaletasuna, kontzeptu kontrajarriak?
Gure lurraldean sarri elkartzen diren bi hitzekin gatozkizue: ehiza eta mendizaletasuna. Maiz, bien arteko ikuspuntuak hurbilaraztea oso zaila da, baina behar bada, mendian ibiltzeko bi moduok uste baino gertuago daude elkarrengandik. Hona hemen bi ikuspuntuak, solasaldi labur banatan.       

Josu Uruburu: "Ehiza mendiaz gozatzeko modu bat da"
Mendi tontorra, basoa, larrea, txori hotsak... zer datorkizu burura?
Mendi ibilaldia, eta basoan ibiltzea datozkit burura. Niretzako, mendian, zakurra ikustea izaten da gauzarik ederrena: ea zenbat geldialdi egiten dituen piztiak usaintzean, piztiaren bat altxatzen duen...

Mendizaletasuna gauza zabala da: trekking-a, eskalada, alpinismoa, eskia... ehiza sartuko al zenuke horren barruan?

Bai, mendia ez da soilik tontorrera igotzea, edo Baltzolako kobetan paretaren bat kateatzea. Ehiza mendiaz gozatzeko modu bat da. Ehizatzera joaten garenean mendian asko ibiltzen gara, paisaiaz gozatzen dugu... Azken batean, mendiaz gozatzea da mendizaletasuna.

Zer behar duzu mendiaz gozatzeko?

Zakur baten konpainia, eta eguraldi ona. Piztiaren bat ikusten badut, hobe! Eta zer edo zer ehizatuz gero, zer esanik ez.

Euskal Herrian mendiaz gozatzeko, zein da zuretzako txoko ederrena edo hoberena?

Gorbeia aldea.

Bertan zer topa daiteke?

Pagadiak, arteak, izeiak, paisaia eta mendi ibilaldi ederrak, piztiak ikusteko aukera...

Mendiaz gozatzeko, ikusmolde eta pentsaera asko dago, ulertzen al dituzu besteak?

Bai, ulertzen ditut. Mendiaz gozatzeko, batzuek nahikoa dute ibilaldi txiki batekin, eta beste batzuek, berriz, harkaitzak eskalatu behar dituzte. Bakoitzak mendiaz gozatzeko eta bizitzeko modu berezia du, eta nik denak ulertzen ditut. Adibidez, nik eskalada ez dut gustuko, baina ulertzen dut jendeak eskaladarekin gozatzea.

Ulertzen al zaituztete?

Denek ez dute ondo ikusten ehiza. Nire ustez, ezkutuko ehiztariek eta "eskopeteroek" kalte ugari egiten digute guztioi, bai nekazariei baita mendizaleei ere. Ehiztarien izena zikintzen dute.

Elkar ulertzen al duzue?

Nik uste dut baietz. Nire inguruan, inoiz ez dut arazorik izan. Beti hitz egiten dugu gure inguruan dagoenarekin, bai perretxiko bila joan denarekin, bai mendira ibiltzera joan denarekin ere...

Guztientzako tokirik ba al da mendian?

Noski dagoela, baina oreka bilatu beharra dago. Bakoitzak bere modura gozatzen du mendiaz, eta denok elkarrekin moldatu behar dugu.

Iñigo Zabala: "
Ehiztariek mendia zikintzen dute"
Mendi tontorra, basoa, larrea, txori hotsak... zer datorkizu burura?
Lasaitasuna.

Mendizaletasuna zabala da: trekkinga, eskalada, alpinismoa, eskia... ehiza horren barruan sartuko al zenuke?
Nik ez. Ehiza beste kontu bat da, eta ez du zerikusirik trekkingarekin edo eskaladarekin. Ehiztariek mendia zikindu besterik ez dute egiten. 

Zer behar duzu mendiaz gozatzeko?
Eguraldi ona, eta mendirako koadrila ona: lagunarte txarrean, ez du merezi mendira joateak.

Euskal Herrian, zein da mendiaz gozatzeko txoko ederrena?
Aralar, Aizkorri... baina Aralar da nire gustukoena.

Bertan zer topa daiteke?
Lasaitasuna; mendira joanda, lasaitu egiten naiz. Hiriko estres hori mendian uxatzen dut.

Mendiaz gozatzeko ikusmolde asko dago: ulertzen al dituzu beste ikusmoldeak?
Bai, ulertu bai; baina ez nator bat ehiztariekin. Ez nago konforme, urte osoan, mendira soilik ehiza sasoian joaten direnekin. Nire ustez, hori ez da mendizaletasuna.

Ehiztariek ulertzen al zaituztete?
Ez diot inori galdetu, baina pentsatzen dut baietz.

Elkar ulertzen al duzue?
Bai, ehizaturikoa jaten dugu eta! Oraindik ez dago hartueman txarrik.

Denentzako tokirik ba al da mendian?
Bai, mendi asko dago eta. Egia esan, azkenaldi honetan nazka pixka bat ematen du mendira joateak. Usoaren paseko hilabete honetan, mendia beteegi egoten da. Beldur apur bat ere ematen du mendira joateak, eskopeta gehiegi egoten baita. Askotan, mendira lasaitasun bila joaten gara, eta tiro hotsek dena zapuzten dute.