Eguzki-energiarekin funtzionatzen duen etxe mugikorra

Gero eta ohikoagoa da errepidean zein hainbat bazterretan kanpatzeko balio duten furgonetak edo autokarabanak ikustea. Era berean, kezka sortzen du ingurumenak, eta kutsadura gutxitu eta jasangarritasun mailarik handiena lortzeko bide horretan proposamen berriak sortzen ari dira. Horien artean dago Stella Vita, eguzki-energia soilik erabilita mugitzen den lehen furgoneta. Solar Team Eindhoven-eko ikasle nederlandar talde batek garatu du eta egun eguzkitsu batean 730 kilometroko bidaia egin dezake.
Barrualdean dutxa, komuna, sukaldea, sofa eta ohea ditu eta baita gidatzeko espazioa ere, bi eserlekurekin. Espazioa ondo aprobetxatu dutela esan daiteke, beraz. Gainera, barrualdetik eta kanpoaldetik presta daiteke janaria.
Sabaian hainbat eguzki-panel ditu eta, geldirik dagoenean, zabaldu egin daitezke. Irekita daudenean, 17,5 metro koadroko azalera hartzen dute panelek, mugimenduan dagoenean duenaren bikoitza.
Ikasleak ia hilabeteko bidaia egiten ari dira Europan zehar, prototipoaren autonomia eta funtzionaltasuna erakuste aldera. Herbehereetako Eindhoven hiritik abiatu ziren irailaren 19an, eta Cadizeko Tarifa udalerrian eman nahi diote amaiera bidaiari. Hainbat geldialdi egin dituzte bidean, Brusela, Zolder, Paris, Le Mans, eta Île de Ré-n. Hurrengoak Bordele, Biarritz, Zaragoza, Madril, Toledo eta Kordoban izango dira. Garatzaileek adierazi dutenez, kokaleku hauek "naturaren edertasunagatik, hiri erdigune biziengatik, eta energiaren trantsizioan duten jarrera eta posizioagatik" aukeratu dituzte.
3.000 kilometro inguru egingo dituzte guztira, eguzki-energia bakarrik erabilita. Hortaz, ibilgailuak ez du erregairik edota kargatzeko kanpoko gailurik behar. Ibilgailuaren ekipamendu eta sistema osoa eguzki-panelen bidez elikatzen da.
Bidaiaren ingurukoak euren blogean eta Instagram-en jarrai daitezke.