Egunean zenbat aldiz esaten dugu gezurra?

Egunean zenbat aldiz esaten dugu gezurra? Ikerketa zientifikoek diote maiztasunak eta faktoreek eragina dutela egunerokotasunean gezurrak esaterako garaian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egunean-zenbat-aldiz-esaten-dugu-gezurra/@@download/image/2VJK6CDLEFBOZAUSPNQCTQURBM.jpeg
2023/12/01
Ikerketa zientifikoek diote maiztasunak eta faktoreek eragina dutela egunerokotasunean gezurrak esaterako garaian.
Egunean zenbat aldiz esaten dugu gezurra?

Ez dela gezurrik esan behar gogorazten badigute ere txikitatik, gezurra gizakion ezaugarri oso ohikoa da. Baina zein maiztasunekin esaten dugu gezurra? 

Egunean zehar pertsona batek zenbat gezur esaten dituen kontatzea ez da lan makala eta, gainera, pertsona batetik bestera kopurua aldatu egiten da. Horregatik ia ezinezkoa da kopuru jakin bat ematea. 

Alabaina, zenbait ikerketak gai hau jorratu dute eta emaitza batzuek adituen arreta bereganatu dute. Ikusi da gezur hauetako asko errukiorrak direla eta liskarrak ekiditeko edo norbera irudia mantentzeko esaten direla. 

2002an Journal of Basic and Applied Social Psychology aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, batez beste pertsonek bi gezur inguru esaten dituztela aitortzen dute. Hori bai, garrantzitsua da azpimarratzea datu hauek parte-hartzaileen autoebaluazioan oinarritzen direla.

90eko hamarkadan Bella DePaulok beste ikerketa bat burutu zuen gezurren maiztasunari buruzko pistak biltzeko. Kasu hartan, unibertsitateko ikasle talde baten arteko aurrez aurreko elkarrekintzak eta boluntario talde batenak izan zituen aztergai. Emaitzek erakutsi zutenaren arabera, boluntarioek batez beste egunean gezur bat esan zuten, ikasleek berriz bi. Aurkikuntza hauek erreferentzia moduan hartu izan dira ondoren egin diren hainbat ikerketatan ikasitakoa kontuan izanda, eta adituek ondorioztatu dutenaren arabera, gezurra esatea ohikoa da gugan. 

Noski, emaitza hauek ezin dira pertsona guztiengana estrapolatu. Gezur kopurua ez du soilik testuinguruak zehazten, baita pertsonaren nortasunak ere. Batzuek etengabe gezurrak esaten dituzte, beste batzuek, ordea, oso gutxitan. 

2010eko beste ikerketa batean 1.000 estatubatuar bildu ziren eta %59,9k baieztatu zuen azken 24 ordutan ez zuela gezur bakar bat ere esan. Gezurra esan zutela onartu zutenen artean, gehiengoak ziurtatu zuen oso gezur gutxi esaten zituztela. Guztira parte-hartzaileek 1.646 gezur onartu zituzten, baina horietako erdiak parte-hartzaileen %5,3tik soilik zetozen. 

Ikerketa ezberdinak ondorio antzekotara iritsi dira: gezurra ez da egunerokotasunean ohikoa, gezurrak ohikotzat dituzten talde txiki bat kenduta. Hori bai, adituek gogorarazi nahi dute testuinguruak ere baduela eragina. Gezurrak ohikoagoak dira testuz edo telefonoz? Errazagoa da gezurra esatea pertsona ezagunekin ala ezezagunekin? 

Ikerketen arabera, gezurra nondik esaten den ez du garrantzia berezirik. Bestalde, pentsa liteke ezezagunei gezurra esatea errazagoa dela. Ikerketa batzuen arabera "ohiko gezurrak deitutakoak" maiztasun gehiagoz esaten dira ezezagunei. Adibidez gezur arinak: "pastel hau jan dudan onena da" edo zerbait behar baino gehiago esajeratzen dugunean. 

Gezur larriagoei dagokionez, ordea, -desleialtasun bat adibidez-, joera ezberdina da. Gezur larri gehiago esaten dizkiegu senitarteko eta lagunei. Adituak ez dira harritzen emaitzarekin, dugun harremana kaltetu baino nahiago izaten baitugu gezurra esan. Beste ikerketa batek, berriz, erakutsi du gezur gehiago esaten dizkiegula  lagun eta senitartekoei ezezagunei baino. 

Dena dela, azpimarratu beharrekoa da gezurra esaterakoan faktore indibidualak, kulturalak eta testuinguruarenak daudela. Gainera, bestelako aldagaiak ere egon litezke, hala nola adina, sexua, erlijioa edo afiliazio politikoa, besteak beste.

Erreferentziak:

  • Bella DePaulo et al. 'Lying in Everyday Life'. Journal of Personality and Social Psychology (1996)
  • Robert S. Feldman. 'Self-Presentation and Verbal Deception: Do Self-Presenters Lie More?'. Basic and Applied Social Psychology (2002)
  • Christian L Hart. 'Big Liars: What Psychological Science Tells Us About Lying and How You Can Avoid Being Duped'. APA Books (2023)