Eguna hobetzeko bost aholku

Eguna hobetzeko bost aholku Zure aldartea suspertzeko premia baduzu, egin kasu bildu ditugun gomendioei. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eguna-hobetzeko-5-aholku/@@download/image/aldartea.jpg
2021/05/18

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Zure aldartea suspertzeko premia baduzu, egin kasu bildu ditugun gomendioei.
Eguna hobetzeko bost aholku

Bizi dugun egoeran ez da erraza bizipozari eustea eta goiz batzuetan kosta egin daiteke ohetik altxatzea. Sarritan kontu larririk ez gertatu arren, txikikeria-kateek sorturiko emozio negatiboek zapuzten digute eguna. Komenigarria izaten da, beraz, mesede egiten diguten ohiturak ezartzea. Eguna hobetuko dizuten bost aholku dituzu jarraian:

1. Ohitura ona aukeratu eta mantendu. Pentsatu zerk egiten dizun on; ohean meditatzea, eguzkia hartzea edo kalera korrika egitera ateratzea izan daiteke. Ekintza hori egin eta ohikoa duzun beste jarduera batekin lotu ezazu, dutxa bat hartzea, esaterako. Murray Zucker psikiatraren iritziz, ohitura berria zahar batekin bateratzeak epe luzean usadio berriari eusteko aukera handiagoa sortzen du. Zuckerren arabera, konstantzia da kasu honetan zoriontasuna emango diguna. 

2. Atera mugikorra gelatik. Allison Task aholkulariaren gomendioa da hau; izan ere, sare sozialek gure aldartean eragina izaten dute eta goizean goizetik gure emozioak baldintza ditzakete. Erabiltzaile baten argitalpenek erakusten duten zoriontasunak kaltetu zaitzake, bere bizitzan guztia perfektua dela ematen duelako, nahiz eta hala ez izan; edota zorigaiztoko albisteek, ezer egiteko gogoa kendu. Beraz, estimulu onez eta txarrez josita dagoen sare sozialen mundua alde batera uztea hobe goizean. 

3. Zure izena esan. Estresatuta gaudenean edo segurtasun falta sentitzen dugunean, geure buruarekin barne-elkarrizketa izateko joera dugu batzuok. Adibidez, behar bezala prestatu ez dugun azterketa daukagunean egiten dugu edo lantokian aurkezpen edo zeregin garrantzitsua dugunean. Horrelakoetan zeure buruari aholku baikorrak eman, zure izena esanez. Arraroa dirudi, bai, baina, Zuckerren ustetan, horrela eginez gero, norberaren gomendioei jaramon handiagoa egiteko aukera dago. Ezinbestekoa da gure barne-ahotsak guri buruzko gauza positiboak ere esatea.

4. Norbaiten babesa izan. Beharrezkoa dugu ingurukoekin barrenak hustea, barre egitea zein elkarrekin gustuko gauzak egitea. Zuckerrek horren garrantzia azpimarratzen du, begiko dugun norbaitekin harreman soziala izatea. Pertsona horrekin kafe bat hartu edota elkarrizketa bat izateak eguna ondo hasten lagunduko dizu, ondorengo orduei aurre egiteko bultzada emango dizu. Hori bai, ahal duzun neurrian, saihestu inguruan izan ditzakezun pertsona toxiko eta ezkorrak.

5. Eskerrak eman. Harvard unibertsitateko ikerketa baten arabera, euren bizitzan eskertzeko dituzten kontuak egunerokoan idazten dituztenak, gauza ezkorrak soilik apuntatzen dituztenak baino zoriontsuagoak dira. Hortaz, komenigarria da momentu zailetan ere arnasa hartu eta bizirik zaudela balioestea. Beti baitago aurrera egiteko indarra emango digun norbait edo zerbait.