Egun berezia

Badira, aurrenekoa izan nahian, gauerdia jo arte esna izaten direnak. Badira, baita ere, nahasita, egunbete aurreratuta ibiltzen direnak. Beste horrenbeste, biharamunean edota aurreraxeago akordatuta, barkamen-eskeko tonuarekin kasu egitea erabakitzen dutenak. Perretxikoak bezala ari dira ugaltzen, patrikako telefonoaren ezkila digitalagatik ez balitz, behin ere gogoratuko ez liratekeenak. Eta inoiz faltako ez direnak; sukaldeko paretako aurrezki kutxako egutegian data borobilduta dutenak. Bidea edozein dela ere, ingurukoen urtebetetze egunarekin gogoratu nahi izaten dugu gehienok. Metodo guztiak dira balekoak.
Pasatu berri dut urtero berezia izaten den egun hori. Berezia-edo. Esnatzerako, bost mezu dituzu patrikako telefonean, zain. Etxekoek, ongi jakinagatik ere, "umea, hainbeste ba al dituzu dagoeneko?" galdetzen dizute. "bai, osaba, bai, ni ere banoa urteetan aurrera". Hogeitik baino, hogeita hamarretik gertuago zaudela esanez adarra jotzen dizute askok. Diplomatikoen eguna ere izaten da: bi urtean behin ikusi eta aparteko traturik izan gabe ere, "kuku, akordatu naiz eh ongi?" esateko aprobetxatzen dutenena. Eta bitartean, koadrilakoak erotu beharrean, oparitarako zer erosi ezin asmatuta. Eguerdi partea: telefono deien prime-timea.
Hogeita bostetik aurrera urteak aldapan behera doazela konturatzerako joaten direla... gisa beretsuko hitzak gehienen ahotik. Baten batek masajistaren telefonoa ere eman dizu, ziatika edo zahartrosiak jota behartuz gero ere.
Sinpatikoak suelto, bazterretan. Eta bitartean, amona erotu beharrean, asteburuko ospakizunerako ze bazkari prestatu ezin erabakita. Iluntzearekin, gogoratu direnen errepasoa, eta ez direnen zerrenda beltza egiteko garaia. Sorpresa eman dizu txikitako lagun hark. Esperotako deiren bat ordea, faltan sumatu duzu. Akordatzea ahaztu, nonbait. Tabernan lagunekin elkartzeko tartea ere egin duzu. Eta bai, aurten ere, Kaxianoren kantarekin korroan jarri eta dantzan eginarazi dizute.
Esango nuke, gutxi-asko, nire urtebetetze eguna deskribatzeko bezainbat balio lezakeela zurearentzat ere kontakizun honek. Urtea joan, urtea etorri, tankerako erretolika izaten dela. Egun seinalatua bai, bada. Egun berezia, ez horrenbeste.