Egile berrientzako poesia eta narrazio lehiaketaren deialdia zabaldu dute Iruñean

Iruñeko Udalak martxan jarri du egile berrientzako euskarazko literatur lehiaketaren hogeita hamabigarren edizioa. Lehiaketaren xedea egile berrien artean euskarazko literatur sormena bultzatu eta sustatzea da. Nafarrek edo bertan bizi direnek parte har dezakete lehiaketan.
Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko, hau da, poesian eta narrazioan. Gaia librea izango da eta idazlanak euskarazkoak izan beharko dira, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Poesian, lanek 200 bertso izan behar dituzte gutxienez, eta narrazioan, gutxienez 15 orrialde.
Egileek beren izenean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu badute, ezin izango dute lanik aurkeztu. Ez dira muga horren barruan sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo argitalpen kolektiboetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Era berean, lehiaketa honetako aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezingo dute berriz parte hartu modalitate horretan.
Urriaren 28an amaituko da lanak aurkezteko epea. Lanak online aurkeztu ahalko dira www.irunakulturada.eus webgunean edo aurrez aurre udal-erregistroetan. Online formularioa bete beharko da egilearen datu pertsonalekin, modalitatea aukeratuta eta lanaren PDF fitxategia erantsita. Udalaren Erregistro Orokorrean edo erregistro osagarrietan egiten dutenek gutun-azal itxi bat aurkeztuko dute, eta haren barruan, lanaren kopia bat. Gutun-azalean ‘Egile berrientzako euskarazko literatur lehiaketa’, modalitatea eta lanaren izenburua idatzi beharko dira. Barruan bigarren idatzi bat txertatuko da, eta idatziko dira lanaren izenburua, egilearen izen-abizenak, jaioteguna eta jaioterria, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa.
Lehiaketaren epaimahaiburua Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta literaturan adituak diren hiru pertsonak osatuko dute. Honako hauek izango dira sariak: lehen saria, 2.500 euro; bigarrena, 1.000 euro; eta hirugarrena, 500 euro. Horiez gain, lau aipamen eman ahalko dira, bakoitza 250 eurokoa, lanak zein modalitatetan aurkeztu diren kontuan hartu gabe.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.