Egañaren txapelaren bila

Egañaren txapelaren bila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eganaren-txapelaren-bila/@@download/image/13p36-1_1370516880.jpg
2001/11/02
elkarrizketa
Estitxu eta Ixiar Izagirre
Euskal Herriko Bertsolari txapelketa hasi zaigu. Lehen kanporaketak jokatu ondoren, azaroaren 17an final-aurrekoei ekingo zaie, eta txapeldunaren izena abenduaren 16an jakingo dugu Donostian. Andoni Egañak gazte mordoa ditu atzetik, txapela kendu nahian. Nor ausartuko ote da? 

Amets Arzallus
"Mitxubixi" horietakoa da, "todoterrenoa": bertsotan liztorra bezain zirikatzailea, eta gaia serioa denean, berriz, xori errexinülak bezain ondo adierazten du penaren pena. Realzale erreala, taldea ligako ipurdian dabilenean ere, Ametsek bere txandal txuri-urdina tabladura igotzeko ausardia du.

Sustrai Colina

Bi hamarkada ere soinean ez dituen honek bertsotan hastean parkinsonak jota utz dezake laguna: bihotz taupadak baino erritmo biziagoan egiten du bertsotan, gelditu gabe. Festarako sasoirik onenean, bere aingeru aurpegiarekin ere ezin du gaiztakerietarako gogoa disimulatu.

Xabier Silveira

Aulkietan lasai potzo bizi diren ikusleak esnarazi nahi ditu beti: gizarteko zaborraren ustela jaurtiko du hitzetan, eta utopiaren irla marraztuko du "Loreak mendian" "Harriak kanutotan" leloari maitasunez. Ume gaiztoen irribarrea izanagatik, apala da, baina nortasun handikoa.  

Estitxu Arozena

Nafarra pertsona egoskorra omen da beti, baina Estitxuk bapo asmatzen du elkarrizketaren haria jarraitzen ofizioka. Bere sei puntuko bertsoak, berriz, ez dira sei puntukoak, gehiago balio dute. Geldirik egotea zer den probatu ez duena da, saltsa guztietan perexila izaten dakiena: gozo-gozoa eta fundamentuduna.

Nerea Elustondo

Psikosis-eko hiltzaileak berak susto galanta hartuko luke, Nereari atzetik labana sartzera joanda: neskatxa honek Karate Kid-en erreflexuak baititu, eta bere erantzunak hilgarriak dira, inork ziria sartu nahi dionean. Parrandarako beti pronto, txikitan gatz pertzara erori zenetik, algara etengabe batean bizi da. 

Jon Maia

Nobela beltzak eta Ralph Conningen komikiak irentsita, Jonek bertsotan estilo propioa patentatu du: "maiakeria". Hitz hau Euskaltzaindiak jaso behar luke, umore absurdu eta beltzaren baliokidetzat. Itsasoari begira egoten da, maria gora, maria behera, eta ez dakigu arrauna edo Paternina ardoa den maite duena.

Iratxe Ibarra

Spiderwoman-a: puntuz puntu errima sarea josten aparta.  "Haizak hi, mutil mainontzi" esaldi hori bera Iratxek esango zion askori, ez baita inoren aurrean kokiltzen den neska. Amuriza bere maisuak ez omen du bizarrik moztuko Iratxe finalera sartu arte.  

Oihane Enbeita

Ohianeko Katua da bertsolarien faunan: azkazalak bezain zorrotza arrazoiketan, begiak bezain borobil gai ilunetan, nahi duenean gozoa eta nahi duenean milikatzea bezain lizuna. Antzerkia ere ezagutzen du, eta gorputz espresioa landu duena nabari zaio.

Unai Iturriaga

Umetatik komikiak bizio eta gaztetan Txirritaren ironia gaindosia hartuta, Iturriagak binetak marrazten ditu bertsotan: bere deskribapenak karikaturak dira. Tabernetako festa giroan, komunetako pintadak bezalakoxea da: entretenigarria bezain xumea, baina denek begiak beregan jartzeaz nazkatuxea, pestiloa jarri eta tragoa lasai hartzeagatik ordainduko lukeena.

Asier Otamendi
Ez dago sekula jakiterik Arabako San Prudentzio sari biltzaile hau zein teilatutatik jaitsiko den: Otamendiren etorriak beti in fraganti harrapatzen du ikuslea. Legazpiarrak bezain gipuzkoarra jaiotzez, gaztetan Gasteizko ostegunak probatu zituenetik ez da hiritik atera. Berarekin parrandan dabiltzanek arrisku latza dute, algaraka zurito ttanttoa zintzurrean trabatuta itotzekoa.

"Greñas"

Freudek psikoanalisiaren teoria guztia Ruben bertsotan entzunda atera zuen: subkonszientearen hotsa da ahotik ateratzen duen hori. Autozentsurarik ez dio jartzen bere buruari, pentsatu bezala bota egiten du. Irribarrea bezain irekia da ezezagunen aurrean, lurpean ezkutatzeko patataren konplexurik gabea.

Aitor Mendiluze

Gizakia animaliengandik zerk bereizten duen definitzeko, Aitor da eredua: arrazoia darabil beti, nahiz eta beti ez arrazoia izan. Bertsotan abstrakzioaren munduan sartzen gaitu, eta puntua erantzuteak adrenalina igotzen dio. Langile fina, parrandan txokolate batidoak edaten du errekorra.

Maialen Lujanbio

Gaztelerazko kopla batek dionez, Maialenen begiek jaberik ez dute, mundu honetakoak ez direlako: gizartearentzat "normala" dena zalantza begiekin ikusten du. Jendeak bere lotsa ezarekin gozatu arren, serio esandakoa serio hartzea nahi du. "Prailianekua" da familiaz, baina Bilboko undergrown giroan ez zaio askorik nabari…

Jexux Mari Irazu

Bizi-bizi jarduten du bertsotan eta bete lanean lan betea egiten saiatzen da. Hizketan entzuten duenak, segunduan ehun hitz jaurtiz, bertsotan egitea eskertuko lioke. Musulmanek Mekari baino debozio gehiago dio Irazuk Ernio mendiari, eta txapelketako kalbarioa hasi aurretik gailurreko gurutzera igotzen da, inspirazio bila.