EAE-ko herritarrek Guggenheim museoa doan bisitatzeko erreserba egin dezakete gaurtik aurrera

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrak sarrera ordaindu gabe sartu ahalko dira Bilboko Guggenheim Museora urriaren 25etik abenduaren 2ra, museoaren 25. urteurrena dela eta. Bisita erreserbatu egin beharko da aurrez museoaren webgunean edo telefono bidez.
Sei astez erreserbatu ahalko dira txartelak, eta bisitak urriaren 25etik abenduaren 2ra bitartean egin ahalko dira, asteartetik igandera, 10:00etatik 19:00etara. Ordu tarteak bete ahala, desaktibatu egingo da data eta ordu horiek hautatzeko aukera.
Pertsona bakoitzak lau sarrera erreserbatu ahalko ditu gehienez. Gonbidapena eskuratzen dutenek EAEn bizi direla egiaztatzen duen agiria erakutsi beharko dute museora joandakoan.
Museoak ateak irekiko ditu publiko ororentzat, EAEkoa izan ala ez, urriaren 22 eta 23ko asteburuan. Horretarako, aldez aurretik erreserbatu beharko dira txartelak webgunean, urriaren 18tik aurrera. Egun horietan sarrerarik gabe bertaratzen direnak tokirik bada soilik sartu ahal izango dira.