Durangoko azokarako kartela aukeratzeko lehiaketan

Durangoko azokarako kartela aukeratzeko lehiaketan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
berria
Gerediaga Elkarteak 43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketa ireki du. Bigarren aldiz erabiliko du elkarteak sistema hau kartela aukeratzeko. Edonork parte har dezake lehiaketan eta lanak Gerediaga Elkarteko egoitzan (Astola auzoa, 26 48220 Abadiño) aurkez daitezke datorren ekainaren 27ra arte. Irabazleak 1.300 euro irabaziko ditu.

 

Hona hemen Durangoko Euskal Liburua eta Disko Azokarako kartela aukeratzeko lehiaketaren oinarriak:
1.    Lehiaketa honek 43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako kartel ofiziala aukeratzea du helburu.
2.    Lehiaketan parte hartzen duenak lan bakarra, originala, argitaratu gabea eta teknika librekoa aurkeztuko du.
3.    Tamaina: kartela 70 zm x 50 zm neurrikoa izango da (ez-etzana). Lanak behar bezala paketatuak aurkeztu behar dira, euskarri zurrun baten gainean muntatuak, epaimahaiak baloratzeko eta, halakorik behar izanez gero, erakusgai jartzeko.
4.    Kartelean derrigorrez jarri beharreko testua hau izango da:
43. Durangoko
Euskal Liburu eta Disko Azoka
2008ko Abenduaren 5etik 8ra
5.    Lanak 2008. urteko ekainaren 27rako (barne) aurkeztu behar dira.
Aurkezteko lekua: Gerediaga Elkartea, Astola auzoa, 26.  (48220 Abadiño)
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara.
Informazio telefonoa: 94 681 80 66 / E.mail:gerediaga@durangokoazoka.com
6.    Kartelak egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira eta kartelaren atzeko aldean lema bat idatzia izango dute. Horrekin batera, gutunazal itxi bat aurkeztuko dute, eta kanpoko aldean, kartelaren lema bera idatzita izango du. Barruko aldean, egilearen izen-deiturak, helbidea, telefono zenbakia, e-maila eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia sartu behar dira.
7.    Antolatzaileek ez dituzte bere gain hartuko lehiaketan parte hartzen duten lanek jasan ditzaketen galera edo kalteak. Lanak igortzeak eta itzultzeak eragindako gastuak ere lehiakideen kontura izango dira.
8.    Behin lehiaketa ebatzita, lehiaketara aurkeztu diren gainontzeko lanak jende aurrean erakusgai ipini ahal izango dira. Espazio kontua dela-eta, epaimahaiak erabakiko du zeintzuk erakutsiko diren, kartelen kalitate artistikoa kontutan hartuta Gerediaga Elkarteak aukeratutako lekuan. Lan horrek ikusgai jartzeko eta eurei zabalkundea emateko eskubidea izango du Gerediaga Elkarteak ebatzia ezagutzera eman eta azaroaren 2an erakusketa amaitu bitartean. Epe horretan eskubideak dohainik eta berari bakarrik utzi zaizkio.
9.    Erakusketa amaituta, eta 30 egun baliodun iraganda aukeratu gabeko lanen egileek beren obrak erretiratzen ez badituzte, horiei uko egiten dietela ulertuko da, eta Gerediaga Elkarteak nahi duenerako erabili ahal izango ditu, erreklamazioko edo kalte-ordaineko inongo eskubiderik aitortu gabe. Kartelak itzul diezazkieten (betiere lehiakideen kontura), lehiakideek Gerediaga Elkartearekin jarri behar dute harremanetan.
10.     Saria 1.300 eurokoa izango da. Diru kopuru horri PFEZ dela-eta dagokion atxikipena aplikatuko zaio.
11.     Epaimahaia honako honek osatuko dute: Gerediaga Elkarteko kide bi eta diseinuaren, komunikazioaren edota arte plastikoen arloko hiru profesional.
12.     Kartelak teknika aldetik tonalitate-aldaketaren bat edo beste beharko balu hobeto inprimatzeko, epaimahaiak aldaketok agindu ahal izango ditu, egileari aldez aurretik galdetuta eta berarekin lankidetzan. Saria emanda, Gerediaga Elkarteak saritutako lanaren jabego intelektualari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak bere egiten ditu eta lana askatasun osoz erreproduzitu, banatu eta jendaurrean paratu ahalko du, edozein euskarri eta formatutako erreprodukzio eskubideak barne direla. Irabazleak kartela euskarri informatikoan (CD) aurkeztu beharko du inprimatuko den tamainan (70 zm x 50 zm).
13.     Lehiaketan parte hartzeak baldintza guzti-guztiak onartu direla esan nahi du.