Durangoko Azokan bizirauteko ezinbesteko gida

Durangoko Azokan bizirauteko ezinbesteko gida Badator urteroko zita, eta 52. aldiz, hemen dugu Durangoko Azoka! Kulturaren unibertso kosmikoa bost egunez kondentsatzen da Landako gunean, eta nahaspila ederrean biltzen dira labetik ateratako azken disko eta liburuak, konzertuak, tailerrak, egile eta artistak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/durangoko-azokan-bizirauteko-ezinbesteko-gida-1/@@download/image/Kartela_2017_p7_baja.png
2017/11/27
berria
Badator urteroko zita, eta 52. aldiz, hemen dugu Durangoko Azoka! Kulturaren unibertso kosmikoa bost egunez kondentsatzen da Landako gunean, eta nahaspila ederrean biltzen dira labetik ateratako azken disko eta liburuak, konzertuak, tailerrak, egile eta artistak.
Durangoko Azokan bizirauteko ezinbesteko gida

Azokan korrika sartu eta standetan doan dituzten produktuak pilatzen dituzun horietakoa zara? Toti Martinez de Lezearen sinadura edo Berri Txarraken Infrasoinuak disko berria lortzeko ilaran ematen duzu goiza? Goiz jaiki eta familia osoarentzat Gabonetako opariak erosteko aprobetxatzen duzu? Disko berria atera duen modako talde horren kontzertua ikustera zatoz? Durangora hurbiltzeko aitzakiak milaka dira, eta zaren bezalakoa zarela, aurten azokan bisitari peto-petoa bihurtzeko ezinbesteko gida dugu zuretzat!

 

1) URDAILA BETE ETA BAPO DESKANTSATU

JAN:

  • Plateruena Kafe Antzokia: Betiko euskal sukaldaritza ukitu berri batekin. Eguneko menua. (94 603 03 00)
  •  Kupela Sagardotegia: Sagardotegiko menua. Asteburuetan plater konbinatuak eta oilasko erreak. (94 681 66 58)
  • Centro Palentino: Kondairak dio zulo beltz batek zuzenean lotzen dituela Durango eta Palentzia taberna honen bitartez. Azokako izarren gotorleku kuttuna. Otartekoak eta patata tortilla goxoak ederki nahasten dira postureoarekin. (94 681 81 31)

LO:

  • Airbnb: Herriko etxe bat alokatzea merke aterako zaizu!
  • Eguzki Bed and Breakfast: Landa gunean kokatuta. Gosaria barne. (94 465 60 75)
  • Juego Bolos: Herrigune historikoan dago. Duela gutxi berriztatu zuten, estilo modernoan apainduta dago eta atsegina da. Azokatik gertu! (94 621 54 88)

 

2) ZER TOPATUKO DUZU AURTEN AZOKAN?

Landako Guneko ateak zeharkatu eta berehala, zurrunbilo batean sartu zarela sentituko duzu; lasai, azokaren efektuetako bat da. Stand zuriz jositako kaleak topatuko dituzu albo guztietan; bertan daude zure poltsikoa hustu eta adimena beteko duten liburu, disko eta bestelako kultur produktuak pilatuta, berri usain zoragarri horrekin, polit eta txukun ilaran. Baina oraindik erosten hasteko prest ez bazaude, ez larritu; atera bertatik eta eman paseotxo bat gainontzeko guneetatik.

  • Areto Nagusia alboan utzita, Ahotsenea aurkituko duzu. Urte berezia izango da aurtengoa Ahotsenean. Sortzaileen guneak hamargarren urteurrena ospatuko du, eta lehenengo aldiz Durangotik kanpo bira egin ostean, eskaintza oparoarekin helduko da Azokara. Kanpoko karpan 14 kontzertu egongo dira egunero, eszenatoki bietan. Eta urtero legez, eskaintza anitza egongo da. Ibilbide luzeko musikariak (Berri Txarrak, Ze Esatek!, ETS, Rafa Rueda, Itziarren Semeak...) hasiberriekin nahastuko dira, hamar orduko maratoi etengabean.
  • Zalapartatik aldenduta, Irudienearekin egingo duzu topo. Ikus-entzunezkoen plaza honetan Handia eta Errementari urteko euskal film esanguratsuenak ikusteko aukera duzu, eta gogoetarako tartea ere egongo da; zergatik dute arrakasta film batzuek eta beste batzuek ez? Zinemazalea bazara, hau da zure txokoa: urteko euskal zinema ekoizpen esanguratsuenak ikusteko aukera izango duzu espazio honetan.
  • Egizu kafetxo bat hartzeko geldiune bat Plateruena Kafe Antzokian; goizez eta gauez erabat aldatzen den kafetegian zaude, izan ere, gaua arte gelditzeko asmoa baduzu, zuzenean ikusiko dituzu aurten diskoa kaleratu duten bost talde paregaberen emanaldiak: abenduaren 6an, Governors; 7an, Arkada Social; 8an, Audience; 9ean, Glaukoma; eta 10ean, Zeze eta Jabier Muguruza.
  • Zinemaz gain, arte eszenikoak gustuko badituzu, Szenatokian ikusgai izango dira Nomofobikak eta Takoidun zapata gorria antzezlanak.
  • Teknokraten babesleku kuttuna da Kabi@. Aurten, pisu berezia izango dute gamerrek eta baita autodefentsa digitalak, eta aurreko urteen bidea jarraituz, wikilari izateko pautak eskainiko dituzte.
  • Azkenik, azokara bisita txikiekin egiten baduzu, Saguganbaran haur, gazte eta gurasoentzako tailerrak prestatu dituzte, denok batera ondo pasa dezazuen.

Gabonetako opariak egiteko zerrenda

 

Azoka hobeto ezagutzen duzu, baina Landako Gunean berriro sartu eta aurreko zurrunbiloa handitu dela iruditu bazaizu, hartu sakon arnasa, eta honakoa gogoratu: GAZTEZULOren oasia Goienkale 63. zenbakian aurkituko duzu! Orain serio; hiru kaleetan banatzen da aretoa, Goienkale, Artekale eta Barrenkale. Izkina batean Azoka TB aurkituko duzu, eta parean, atseden gunea.
Barrenkaleren ezkerraldean Kabi@ren txokoan sartuko zara, eta aurrera jarraituta Areto Nagusiarekin egingo duzu topo. Aurrerago, Ahotseneako solasaldiak entzuteko aukera izango duzu, eta gora begiratzen baduzu, etengabe lanean dabiltzan kazetari gajoen neke aurpegiak begiztatuko dituzu.

Orain bai, ondo kokatu duzu zeure burua, eta prest zaude erosketei ekiteko. Ez duzu zertan ezkutuan ibili behar; badakigu Gabonetako opariak behingoz gainetik kentzeko esperantzaz etorri zarela. Eskaintza zabal eta oparo horren aurrean galtzeko arriskurik izan ez dezazun, bi motako erosketa zerrenda proposatu nahi dizkizugu; poltsikoaren araberakoa bat, eta pertsona berezi horrentzako opari egokiena aukeratzeko bestea.



POLTSIKO GUZTIENTZAKO GOMENDIOAK


Itsulapikoa hautsi gabe etorri bazara eta paga eskatzea ahaztu bazaizu, ez duzu zertan esku hutsik itzuli behar; postu askotan doako gauzak lortzeko aukera duzu, hala nola pegatinak, liburuetarako orri banatzaileak… Ez ahaztu GAZTEZULOko standetik pasatzen! Zure interesekoak izango diren lehiaketetan parte hartzeko aukera izango duzu, eta sekulako opariak irabazi! Gainera, urtero eskuetatik kentzen diguten Galder Izagirrek egindako argazkiekin publikatzen dugun egutegia ere salgai izango dugu!

€€ GAZTEZULOko postutik oraindik aldendu ez bazara, jantzi Mikel Antero ilustratzaileak guretzat propio diseinatutako kamiseta eta ez duzu soinetik kendu nahi izango! Horrez gain, zure erosketak eroso eramateko poltsak ere diseinatu ditugu.

€€€ Azokara benetako inbertsioa egitera etorri diren horietakoa bazara, eta Ruperren ezinbesteko diskografiaz harago joateko asmoa baduzu, adi; 400 berritasunen artean ez duzu aukeraketa egiteko erraza izango. Musikazaleek ezin dituzue Musikazuzenean, Bonberenea, BagaBiga, Gor eta Bidehuts disketxeen postuak bisitatzeari utzi. Bertan aurkituko dituzue aurtengo nobedadeak. Aldiz, talde mitikoen bila bazabiltza, jo zuzenean Berri Txarrak, Vendetta, Willis Drummond, Zea Mays eta Esne Beltza taldeek antolatutako postuetara. Literatoentzat aldiz, Elkar, Alberdania, Pamiela eta gainontzeko etxe handiak bisitatu ondoren, eman aukeratxo bat modu independientean ekoitzitako lan berriei. Bestalde, komikizalea bazara, etorri bueltan GAZTEZULOren postura eta deskubritu Mikel Antero ilustratzaileak sortu duen Lami komiki berria! Oraindik xahutzeko dirua gelditu zaizula? Gorde Ahotseneako kontzertuez gozatzeko!


URREZKO UKITUA: Lagunak liluratu nahi badituzu, ez ahaztu zure abeslari edota idazle kuttunari sinadura eskatzea. Altxor baten moduan gordeko du!