Duela 3.000 urtetik hona Australian askatasunean jaio diren lehen Tasmaniako Deabruak

Duela 3.000 urtetik hona Australian askatasunean jaio diren lehen Tasmaniako Deabruak Tasmania irlan zabaldutako minbiziak populazioan beherakada eragin du eta gaixotasunetik isolatze aldera, Australia kontinentalean poblazioa sortzea lortu dute hiru mila urteren ondoren. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/duela-3-000-urtetik-hona-australian-askatasunean-jaio-diren-lehen-tasmaniako-deabruak/@@download/image/tasmaniako deabrua.jpg
2021/06/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Tasmania irlan zabaldutako minbiziak populazioan beherakada eragin du eta gaixotasunetik isolatze aldera, Australia kontinentalean poblazioa sortzea lortu dute hiru mila urteren ondoren.
Duela 3.000 urtetik hona Australian askatasunean jaio diren lehen Tasmaniako Deabruak

Duela hamarkada batzuk Tasmaniako Tigrea desagertu zenetik, Tasmaniako Deabrua da geratzen den martsupial haragijalerik handiena. Martsupial honi bere izena, Tasmaniako Deabrua, jan edo ugaltzerakoan erakusten duen agresibitateagatik ipini zioten. Australiako parte den Tasmania irlan bizi da eta beste toki batzuetan sartzeko ahalegina egin badute ere, orain arte ez dute lortu izan. Australia kontinentalean ere bizi izan ziren baina orain dela hiru milurteko desagertu ziren. Hiru mila urte eta gero, Tasmaniako Deabruak jaio dira lehen aldiz Australian, askatasunean. 

Aussie Ark, Re:Wild eta WildArk ekologia-elkarteek hamar urtean egindako lanak eragin du gertaera. Tasmania irlako genetika anitzeko animaliak aukeratu dituzte euren kume garaiko jarrera eta ohiturak aztertzeko eta Australia kontinentalean, euren arbasoen habitatean, sartzeko berriro. Aurrez aipatu bezala, Tasmaniako Deabrua Tasmanian bakarrik bizi izan da orain arte askatasunean. Asiar jatorria duen dingo otsoa agertu zenean desagertu ziren martsupial hauek kontinentean.

Asiako otso hauek ez dira Tasmaniara iritsi baina azken urteetan bestelako mehatxua sortu da irlan: kutsakorra den aurpegiko minbizia. Minbiziaren ondorioz, populazioa %90 jaitsi da; gaur egun 25.000 baino ez dira geratzen Tasmanian. 

Espeziea gaixotasunetik babeste eta isolatze aldera, Re:Wild elkarteak genetikoki anitzak diren eta osasuntsu dauden animaliak aukeratu eta kontinentera eraman ditu bertan barneratzeko, gaixotasunik gabe haziko diren itxaropenez. Iaz 19 ar eta 7 eme sartu zituzten gizakirik bizi ez den santutegi batean. Urtebete geroago, Tasmaniako Deabruaren zazpi kume daude Australia kontinentalean. Euren garapena zaintzen ari diren adituen ustez, urtean zehar hogei izatera ere iritsiko dira. Datozen bi urteetan beste 40 askatu nahi dituzte bertan, poblazioa egonkortzeko.