Doubtful: Gitarra indartsuak eta melodia

Doubtful: Gitarra indartsuak eta melodia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/doubtful-gitarra-indartsuak-eta-melodia/@@download/image/81p69doubtful_1363725215.jpg
2008/01/04
erreportajea
Julen Azpitarte
Doubtful Iruñeko bandak Tv or not tv izeneko lehen lana argitaratu berri du. Diskoa Noizpop (www.noizpop.com) Bizkaiko zigiluak eta Underhill (www.underhillrcs.com/) Nafarroakoak kaleratu dute elkarrekin. Laukoteak 90eko hamarkadan arrakastatsu bihurtutako indie-rocka jorratzen du. 

The Posiesen, Supechunken, Sebadohren edo Half Foot Outside herrikideen eragina nabarmena da Doubtfulen musika jarioan. Gitarra riff indartsuek bultzaturiko melodietan oinarrituta eraiki dituzte Tv or not tv diskoko bederatzi abestiak.

Little strange boy kantan Hüsker Dü taldeko kide ohi Bob Moulden Sugar egitasmoaren zantzuak nabari dira. Eta Televiewer doinuan, Dinosaur Jr. bandako gitarra jotzaile J. Mascisen hotsak. Beraz, lehen aipatu bezala, 90eko hamarkadako indie-rock zaratatsua bezain melodikoa da nafarren musika esparrua. “El Inquilino Comunista berriak” direla esan omen du baten batek.

Diskoa Hans Kruger teknikariak (Delorean, Half Foot Outside, Green Manalishi...) nahastu eta masterizatu du Iruñeko Montreal estudioetan, eta musika indartsu irteten da bozgorailutik. Estudioan, gainera, hainbat lagun izan dute ondoan: Kenneth Ishak eta Stian Olsen (Beezewax), Eduardo Ugarte eta Carlos Leoz (Half Foot Outside), Jorge Hunt (Kidsgofree) edo ekoizlea bera.

Doubtful duela lau urte inguru abiatu zen, eta zenbait aldaketa izan ondoren, Alberto Gurbindo, Aitor Zudaire, Izar Ganuza eta Ivan Navarro dira taldekide finkoak. Aurretik beste talde batzuetan aritutakoak dira denak: Mr. No eta Last Second taldeetan, besteak beste.

Udan, laukoteak Bilboko Kafe Antzokian jo zuen, Mudhoney taldearekin batera. Eta zuzenean, Tv or not tv diskoko kantak are indartsuago agertu ziren. Beraz, diskoan ez ezik, kontzertuan ere gozatzeko moduko abestiak egiten dituzte. Hil honetan Burgosen eta Asturiasen izango dira, baina datorren hilaren 26an Gorlizeko Xurrut pizzerian izango dira, Simca bizkaitarrekin batera. Azken horiek ere riff indartsuak eta melodiak uztartzearen aldekoak dira.